Zer behar du Iparraldek Hegoalderekin?

Zer behar du Iparraldek Hegoalderekin? –

Gaindegiak Iparraldeko ekonomia eta gizarte alorrean mugaz gaindiko lankidetzan engaiatutako 6 eragile elkartu ditu mahai inguru batean Iparralde eta Hegoalderen arteko lankidetzaren inguruan eztabaidatzeko. Zer behar du Iparraldek Hegoalderekin? Galdera hori abiapuntu izanda, Jean Michel Larrasquet (ESTIA), Peio Olhagaray (Baionako Merkataritza Ganbara), Mixel Berhokoirigoin (EHLG), Amaia Fontan (LAB), Mitchel Etchebest (Artzainak Taldea eta Mauleko Auzapeza) eta Jose Luis Aizpuruk (Euskal Irratiak) hitza hartuko dute Eguzki Urteagaren (EHU) gidaritzapean. Ekitaldia irekia izango da UEUko ikastaroen karietara. Uztailaren 5ean, arratsaldeko 17:00etan hasita, Baionan, IUTko egoitzan, Gaztelu Berria – Paul Bert enparantza – 64100 Baiona. Izena eman. Ekitaldia streaming bitartez jarraitu ahal izango da Gaindegiaren web orrialdean egun berean.

Mahai inguruaren egitaraua:

17:00-17:10: Ekitaldiaren hasiera, moderatzailearen eskutik, Eguzki Urteaga.

17:10 (6 min.): Jean Michel Larrasquet

17:16 (6 min.): Peio Olhagaray

17:22 (6 min.): Mixel Berhokoirigoin

17:28 (6 min.): Amaia Fontang

17:34 (6 min.): Mitchel Etchebest

17:40 (6 min.: Jose Luis Aizpuru

17:46-18:30: Eztabaida parte hartzaile guztien artean moderatzailearen laguntzarekin.

18:30-18:55: Gerturatu direnen ekarpen, galdera…

18:55-19:00: Amaiera.

GAIARI SARRERA

“Mugaz gaindiko lankidetza”, “euskaldunen arteko elkartasuna”, “nazio eraikuntza”… hamaika kontzeptu dabil han eta hemen. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herritarrek, instituzioek zein eragile ekonomiko eta sozialek Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaikoekin izan behar dituzten harremanen nolakotasuna azaltzeko.

Orain arte ezagutu ditugun proposamenak lankidetza eta asistentzialismoaren artean ibili izan dira. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko instituzionalizazio maila txikiak markatu izan ditu harreman horiek, nahikoa asimetrikoak izan direnak. Euskaltasuna eta euskal kultur ekoizpena, euskara eta euskalduntzea, hezkuntza… zenbait esparrutan ibilbide luzea dago egina. Mugikortasuna, lan merkatua, fiskalitatea, osasuna, ordea eremu berriak dira, baina gero eta premia handiagoz lankidetza eskatzen dutenak.

Azken hamarkadetan, Hegoaldeko bilakaera ekonomiko eta instituzionalak, Iparraldeko lurraldeen periferizazio administratiboak, programa abertzalearen garapenak (ekonomian, administrazioan…), nazio kontzientziaren hedatzeak, Europako Batasunaren mugaz-gaindiko xedeak… erabat aldatu dute lurraldeon arteko harremanaren ingurumaria. Arazo eta aukera berriak sortzen ari dira.

Joko-zelai horretan, ordea, mugaz-gaindiko lankidetza azkarraren eremuan, ordea, lehenik nahikeria behar da, hots, lankidetzarako nahia duen ehun soziala. Herritarrak, entitate akademikoak, enpresak eta profesionalak, eragile sozialak, instituzioak… Borondatea egonik bidea topatzea errazagoa da

Egitura eta tradizio juridiko-administratibo desberdineko bi eremu direla ezin uka, hizkuntzari dagokionez eten nabarmena duena. Nahi izanik ere, egituraketa sozial eta administratiboa oro har ez dago lankidetzarako prestatua, aitzitik.

Mahai inguruan bildutako pertsonek lankidetza egitasmoetan konpromiso eta ibilbide ezaguna dutela kontuan hartuz, galdera honi erantzutea nahi genuke.

Baina, batez ere, erantzun praktikoa nahi genuke. Hau da, gaur egun aukera edo beharrik handiena non dagoen (sektoreka) azpimarratu eta behar horri begira nola jokatu edo zer egin daitekeen irudikatzen hastea. Izan ere, sinistuta gaude elkarrekin jarduteak indartsuago egiten gaituela gure arazoei erantzuteko eta erronka berriak arrakastaz gainditzeko. Zatituta, ordea, gutxiago eta ahulago gara.

Euskal Herria, Gaindegia, garapena, Hegoalde, Iparralde, lankidetza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude