Apirilaren 4-5eko OEEren 24. Biltzarrean Osasun Hezkuntza hizpide

Datorren astean OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Osasun Biltzarra antolatu du Donostian. 1991tik urtez urte hutsik egin gabe egin izan da, eta osasun-zerbitzuak euskaraz emateko behar den trebakuntza jasotzeko oso lagungarriak izan dira biltzar hauek. 24. edizio honek Osasun Hezkuntza izango du ardatz, profesionalen zein pazienteen ikuspegitik abiatuta.

OSASUN HEZKUNTZA kartel.aiGai hau aukeratzearen arrazoiak asko izan dira. Batetik, herritarren adinak gora egin ahala, gaixotasun kronikoak gero eta esparru handiagoa hartzen ari dira osasun-zerbitzuetan eta horrek pazienteak euren gaixotasuna kudeatzeko prestatu beharra dakar. Bestetik, espezialitate mediko askotan, hala nola pediatrian, gerontologian, etab.ean, hezkuntza-arloa gero eta gehiago hartzen ari da kontuan. Badira aipatu beharreko beste arrazoi batzuk ere, esaterako, gaixotasunen prebentzioan herritarrek aztura osasungarriak jarraitzeko garrantzia, etab.

Hori guztia kontuan hartuta eta Osasun Hezkuntzaren gaiari ahalik eta ondoen heltzeko, lau mahai-inguru antolatu dira biltzar honetan eta horien bidez, gaur egun gehien lantzen ari diren gaiak jorratuko ditugu.

Lehenengo mahai-ingurua aztura osasungarriei buruzkoa izango da eta ondorengo hiru gai hauek jorratuko dira bertan: Prebentzioa eta ohitura osasungarriak, Obesitatearen prebentzioaren eraginkortasuna Pediatriako kontsultan, eta, azkenik, Minbizia: bizitza-azturak eta norbanakoaren ardura, faktore psikologikoak eta emozionalak.

Bigarren mahai-inguruak gaixotasun kronikoak izango ditu hizpide eta bertan entzungo diren hitzaldiak esperientzia praktikoei buruzkoak izango dira: Paziente bizia programaren garapena eta txertaketa osasun-erakunde batean, Gaixotasun kronikoen Osasun Hezkuntza Beasaingo lehen mailako unitatean, Gaixo kronikoei zuzendutako telemetria-zerbitzua: multipatologian espezializatutako software-plataforma eta, azkenik, aipatu beharra dago kanpoko esperientzia bat ezagutzeko aukera izango dugula  ondorengo hitzaldiari esker: Etxez etxeko telemedikuntzaren ezartzea: mundu zabaleko esperientziak.

Hirugarren mahai-ingurua zinez gutxitan lantzen den gaiaren inguruan izango da: heriotzaren inguruan, hain zuzen ere. Horretarako aurten estreinatutako Aulki hutsak dokumentala ikusiko dugu eta ondoren bi hitzaldi hauek entzun: Bizitzako azken bidaia, etxean eta  Nola hil nahi duzu? hiltzen Ikastea.

Azkenik, osasun-arloko langileen hezkuntzari buruzko ondorengo hitzaldiek osatuko dute laugarren mahai-ingurua: Osasun-arretari lotutako infekzioak: zainketa epidemiologikoa, prebentzioa eta kontrola; Pazientearen segurtasuna eta Osasun-hezitzaileen trebakuntza.

Beraz, Osasun Biltzar honek helburu asko betetzeko asmoz prestatu dugu: herritarren aztura osasungarriak nola finkatzea eta sustatzea; paziente kronikoen esku-hartzearen berrikuntzak eta motibazioa sustatzea; diabetikoen arreta hobetzeko irizpideak ezagutzea; ospitaleetan eta osasun-zentroetan infekzioaren kutsaduraren prebentzioa hobetzea; pazientearen segurtasuna eta istripuen prebentzioa; osasun-hezitzaileen trebakuntza; heriotzaren aurreko osasun-arloko langileen jarrera lantzea; etab.

Egingo diren bi tailerretan, bestetik, motibazio-elkarrizketarako gakoak eta diabetesaren konplikazioen prebentzioa landuko dira.

Bukatzeko esatea Osasun Hezkuntzaren gaiari behar bezala heltzeko egitarau oparo eta interesgarri honek 12 hitzaldi, 12 ahozko komunikazio, 25 poster, 2 tailer eta film bat hartuko dituela. Eta, nola ez, biltzarra Donostian egiteak hiri eder honetan une goxoak pasatzeko aukera ere eskainiko digula.

 

Osasun Biltzarraren Batzorde Zientifikoa eta Antolatzailea

 

 

Zer duzu buruan “Apirilaren 4-5eko OEEren 24. Biltzarrean Osasun Hezkuntza hizpide”-ri buruz

  • Joango nintzateke, egun horretan EUSKARAZ BIZI EGUNA ez balitz izango Gasteizen!!!
    Hainbeste kostatzen zitzaizuen Donostian egin ordez Gasteizen egitea?!?
    AEK-k biltzarra Donostian, LABek Iruñean, eta ez dakizkigun beste hainbat. Zer gertatzen zaie euskalgintzan ari direnei elkar zapaltzen ibiltzeko?!?

    Apur bat lotsagarria bada

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude