Aniztasunaren ispilu

Aniztasunaren ispilu –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Gutxitan izaten da aukera Euskal Herrian dagoen aniztasuna plazaratzen duten irudiak begiztatzeko. Bereziki Ipar Euskal Herriari dagokionez. Gogoratu dezagun, aniztasunaz mintzo garelarik, izan ere, kolorez eta jatorriz zabala den gizarte baten bidez islatzen den hori dela, eta, Hego Euskal Herrian ez bezala, Ipar Euskal Herrian ez da oraindik eman elkartze horren irudirik. Edo, behintzat ez da orain arte sekula islatu.

Aniztasunaren ispilu

Arrazoi bat baino gehiago izan daitezke horretarako, horietariko bat da frantses hiztunek gehiengo zabala ordezkatzen duten uharte ttipi batean bizi garela jakiteak, eta horren ondorioz euskaltasunaren aldarrikapena areagotzeko beharra izatea. Berez guztiz onargarria eta ulergarria den jarrera da hau. Alta, gutiengoen eskubideen aldarrikapena izan da eta jarraitzen du izaten ezkerreko alderdien borroketariko bat, eta, ezker abertzaleak normal den bezala, bat egin ohi du ideologia horrekin, nahiz, bere baitan, gutiengo hori ordezkatzen dutenak ez agertu.

Aniztasuna eta nortasuna gai korapilatsu horri lotzearen arrazoi nagusia berriki Alda mugimenduak egin duen Biltzar Nagusia da. Bi urte bete dituela,

Aldak lortu du epe labur horretan, tokiko mugimendu askok aspaldi honetan lortzen ez zutena, hau da, auzo herrikoietako herritarrak martxan eta mugimenduan jartzea beraien eskubideak kolektiboki defenditu ditzaten.

Eta hori guztia argiki bere burua abertzaletzat duen mugimendu baten bitartez.

Ez zen erronka xumea mugimenduak bere buruari eman ziona hastapen batean, baina, eraman den lan horren argazki eder bat plazaratu da berriki eginiko Biltzar Nagusi horretan. Eta, ezkertiar eta abertzale gisa badago eraman den lan horretan txalotzekorik. Lan hori kolektiboki eraman baita, eta askok badute horretan zertan harro izaterik, baita mugimendu abertzaleak bere osotasunean ere. Urteetan eraman den lanean lortutako zilegitasunak/sinesgarritasunak izan baitu horretan ere eragina.

Dena dela, biltzar nagusiaren argazkitik haratago Alda mugimenduaren egunerokoan agertzen den aniztasun hori goraipatu beharrekoa dela eta, hein batean, eredu ere izan behar duela argi da. Mugimendu abertzalearen bidean harri berri bat eraikitzen ari dela pentsa daiteke, eta, sortzen ari den horri lotzea garrantzitsua da geroari begira.

Hego Euskal Herritik heldu zaizkigun egungo irudietan, jatorriz etorkinen familiak euskarari eta Euskal Herriari atxikimendua adierazten ikusten dira. Asko badago egiteko oraindik arlo horretan, baina, horrelako adibideak biharko Euskal Herriaren eraikuntzan lorpen izigarriak dira. Bide hori gaur ez da zinez ireki Ipar Euskal Herrian. Beraz, badago zer egin eta lanari lotzea besterik ez zaigu geratzen, molde irekian gure abertzaletasunetik eta euskaltasunetik biharko herri euskaldun, anitza eta ezkertiarra eraikitzeko.

Aniztasunaren ispilu Aniztasunaren ispilu

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus

5 pentsamendu “Aniztasunaren ispilu”-ri buruz

  • Argazkietan eta komunikabideetan agertzen diren kanpotik etorritako horiek, euren talde erraldoi horren azpimultzo oso txikia da. Miresgarri eta txalogarria, jakina, baina oso gutxi batzuk dira. Normalean estatu frantsezean frantsesez eta estatu espainiarrean gazteleraz integratu, eta hau gutxi balitz, gure jatorrizko hizkuntzaren etsai bihurtzen dira. Ez diezaiogun gure buruari amairrurik egin, herri euskaldun bat nahi badugu, hauen gehiengoa sekula ez dugu bidaikide izango.

  • Beñat Castorene 2022-11-10 15:44

    Tximino, nahiz zuhaurk badakizun nik bezain untsa, berriro erranen dut Ainize bezalako jendeak, biziki jatorra dena gainera, mirakuluan sinesten du eta absolutuki sinetsi nahi du. Bistakoa da ateratzen ahalko dituela egiazko salbuespen “miresgarri eta txalogarri” batzu, denok ezagutzen baititugu horrekakoak baina ez dira batere ezta izanen ere masaren adierazgarri. Masak erdadunen kopurua eta ehunekoa handituko ditu ez da hona etorri galtzaileen alderdia hartzeko. Nahi bezain jatorra izanda ere.
    Azken mende honetan Baiona inguruan garatu da euskal diaspora ameslari eta eragile bat iparralde guziaren pentsamoldea dominatzen duena.

  • Tamalez, abertzaletasuna XX. mendean geratu zen, hor nonbait, lohasman.
    Egun, aurrerakoitasun/atzerakoitasun kontraesanak mugitzen du gehiena, kontraesan etnikoek indarra galdu dute edo aldagai anekdotiko bihurtu dira. Noizbehinka kinadaren bat nabari da, baina mugatua, eta beti ere sektore politiko finko batzuei lotua edo beste gauza batzuei azpiratua.
    Masa, tamalez, gure garaiko konstante bat da eta masa edozein esparru etnikotan aurkitzen da, berdin migratzaile edo bertako. Banakotasuna inperialismo kulturalak onartu ezin dezakeen luxu bat da.
    Euskaldun edo euskotar zintzo izateko egun berebiziko borondatea behar da; heroikoa deituko banu ez nintzateke erratuko.
    Kalitatea behar da lehenbizi kantitatearekin zer edo zer egiteko. Masa edo orearekin ogia egin daiteke, baina okinak behar du abilidaderik horretarako.
    Kalitate goreneko euskaldun engaiaturik gabe ama orerik ez, eta ogia, berriz, zatarra.

  • Nerau ez naiz gauza. Inork eginen al luke aniztasun hitzaren definizioa?

  • Itzuliko bazenu hori guztia euskara eskertuko nizuke.