Ahal Balitz

Ahal Balitz

Ene aita da gizon kontsideratua,
semia galeretan du segurtatua;
nun-nahi otoitzean, belaunikatua,
saindu iduri, debru madarikatua!

.

Ondo egindakoei aitor

Eta PNVk baino hobeto inork ez ditu gauzak egin. 78an hasitako lanak isla garbia du dagoeneko eta Hego euskalherria orain bai, Gran Via are handiagoa da honez gero, larre berdeen kalteetan. Ez kasurik egin matematikei, hemen jeltzaleek irabazi dute, beti bezala. Aldaketa? Batez. Haiek bazekiten, 78tik jakin ere, larre berdeetan ez zituztela gauzak hain errez izango. Horregatik beti jo du Madrilera, han zerbitzari hemen irabazle. Erreza da boterearen abaroan irabazle sortatzea. Ultramoderniaren izenean herria galeretaratu Espainia handia eraikitzeko. Ez gara inoiz orain bezain espainolagoak izan eta ustez irabazle atera diren unionista horiek badute jeltzaleei zer eskerturik. Funtsean bi hautu besterik ez zegoen Madrilen baimenaz edo inoiz etorriko ez den Madrilen baimenaren zain egon gabe herriaren indar hutsez. Emaitzek begi bistan utzi digute bietako zeinek irabazi duen. Euskaldun Fededun. Lehen jainkoarengan sinisten genuen orain Madrilen, antza denez. Ezkerreko soberanista asko eta asko ere EAJren tesi iruzurtietan harrapatuta “Madrilek aterako dizkigu babak heltzetik” aldarrikatu dute milaka lagunek. Holakorik ere! Luzea da gero, boterearen itzala, eta komunikabideena. “Tu al norte y yo al sur”.

.

Gaizki egindakoei errepara

“Eta ezker abertzaleak nola hartu zuen Madrilera joateko erabakia? Orain izorra hadi!” Ateratzen zait bote lasterrean nire gaiztotik. Baina ez gaude horretarako.

Burdin hotsak isildu zirenetik, sortu, bildu eta enparauak etorri zirenetik ezker abertzalearen noraeza nabari izan da, are gehiago zuen eta duen indarra edukita.

Azaltzea nahitaezko zen garaian ez azaltzeak ordain mingarri ekarri du orain. Bi zentzutan azaldu, azalpenak ematea eta presentzia ziurtatzea. Politika gauza publikoa den aldetik egiten eta pentsatzen den guztia garbi azaltzea eta komunikatzea, egiten eta pentsatzen dena bezain inportantea da, hala beharko luke. Beste muturrean da herri honetan urteetan izan duguna: ustelkeria, iruzur eta gezurraren politika. Hau azaldu eta justu kontrakoa egin.

Jakin, badakigu, direnik eta azpijoko zikin maltzurrenak erabilita nola saiatu diren ezker abertzalea kate motzean lotzen“atxiloketa politikoak, presoen karta markatuak, boteretik erauntsitako diskurtso itogarri zenbait…) Hemen ere onuradun nagusi, jeltzaleak, beti Madrilekin bat. Hemen partidua baldintza berdinetan jokatzeko asko falta da.

Baina hori guztia hala izanik ere, eta hori guztia hala zelako, hain justu ere, azaldu beharra zegoen eta azalpenak eman. Nik kate motza onartuz bezala ikusi dut ezker abertzalea, konplexuak edo lotsak hartuta, jeltzaleekiko menpekotasunean, haien etika lezio guztiz pozoitsuak bere egingo balitu bezala…Toki ederrean daude batzuk etika lezioak ematen hasteko!

Iraganaren inguruko guztiari aurrez aurrez begiratuta, beste batzuk ez bezala, aitortu beharrekoa aitortuta, sortzen eta eraikitzen hasi beharko noizbait, berandu izan baino lehen.

Azaltzea eta garbi azaltzea da gakoa, oraingo honetan adibide: Madrilera zertarako? Euskal bidea ez al zen bidea? Eta zer da hori? Euskaraz egin beharrekoa, akaso? Eta herrian badago gakoa ze arraiotarako Madrilera, kartzeletako giltzak eskatzea, akaso? Erabakia edozein delarik ere, azalpen behar handia zegoen hor eta nik behintzat, nire motzean, ez dut ezer ulertu…

.

Eta honetaraz gero, zer?

Ahal BalitzJeltzaleek oso ondo azaldu dute Madrilen dagoela irtenbidea, eta horretan egonda, sinisteak lanak ematen badu ere, aise irabazi dituzte hauteskundeok eta hori sinistu duten ezkerreko subiranista askok. Ni oso oker ez banago ezker abertzalea ez da uste horretakoa. Hortxe dago bada hemendik aurrerako frente nagusietako bat. Baina hori hitzetara pasa behar da, argudiatu, eta garbi azaldu egunerokoan. Hitza eta ekintza. Nola hitz egingo dugu zertaz hitz egin ez badakigu? Lelo potolo eta askotan hutsalen garaia bukatu da, orain desioak, ilusioak eta hobe beharrak bultzatuta bai, baina ondo mamitutako mezuak behar dira eta haien azalpen aratzak gaur bai eta bihar ere bai, ilusio eta desio horiek are handiagoak eta mamitsuagoak izan daitezen, eta horrek beste argudio batzuk sortuko ditu plazaratzeko eta berriro ere…Elur bola. Bota eta entzun.

.

Nik nire xumetik hauxe dut iritzi:

Generazio berriak datoz oso bestela funtzionatzen dutenak, partiduekiko atxikimendu handiegirik gabekoak eta hori ez da batere txarra. Haientzat Egunkariaren edo Eginen itxiera atton-amonen gerra pasadizoak dira ia. Bestelako munduak bizi ditu horiek eta informatzeko eta komunikatzeko moduak ere oso bestelakoak dituzte. Praktikotasuna -agian ideologiari kontrajarriz- omen da generazio berri horien ezaugarrietako bat nahiz eta gaur egun praktikotasunaren izenean egin daitezkeen astakeriak sekulakoak izan.

Ez nago ni inondik ere Ahal duguko milaka gizon-emakumeen borondate ona dudatan jartzen hasteko. Baina barka biezadate Madrilen daukaten aparatuaz ez naizela batere fidatzen esaten badut.

Ez gara historia zaleak eta harekin fidatu ere ez gara asko fidatzen, baina, hari zehar begiradatxoa ematen, orain bezalako unean ez dago sobera eta nik behintzat garbi ikusten dut Espainiako ezker horretatik inoiz ez zaigula ezer onik etorri, XVI. Mendekoa aparte utzita, karlistadatara edo 36ko gerran, hala hemengo ejertzitoari nola Kataluniako anarkistei behin eta berriroko errepublikaren traizioetara jo gabe, nik egunotan Autodeterminazioaren aldeko pankarta Urralburu haren eskutan edo Felipe Gonzalez bezalako pertsonaiak etorri zaizkit gogora, hegoalderako autodeterminazioa sutsu eskatzen. Horra hor zer zioten orduan oraingo nazionalista espainol integrista horiek. Utz idazue hortaz nire erabateko mesfidantza edukitzea oraingo Podemoseko Madrileko aparatu horrekin, betiere jende askoren borondate ona inola ere dudatan jarri gabe, baina kontuan hartzeko iruditzen zait Madrilen zain egote horretan 35 urteotan zerbait atera duten bakarrak jeltzaleak izan direla, eta beraz, enpresari handiak, oligarkiak, bankuak…Espainiak haientzat diseinaturiko sistema egin zuen eta hori Espainiak berak hautsiko duenik imajinatzea asko imajinatzea da, azken finean beraiek eta beraientzat eratutako txiringitoa baitzen. Orain erregimen hori aldatu nahi dutela saltzen ari badira ere, jeltzaleak izan dira hemen erregimen horretan etekin mardultxoak atera dituzten bakarrak, are erregimen horren makulua ere askotan. Ez dute arrazoi askorik hortik atera nahi izateko.

Podemosek azken uneko ziabogan norabidea aldatuta, erabakitzeko eskubidea defenditzeari esker, hego euskal-herria eta Kataluniari esker atera ditu atera dituen emaitzak, (erakunde horiek gainera ez ziren peto-peto podemosekoak, eta orain tokatzen zaie mila gauza adostea, nahiko lan. Testuinguru horretan, erabakitzeko eskubidea defenditu beste irtenbiderik ez du, baina benetako al da nahi hori Madrileko aparatuan?

Inondik inola ere, ez. Baina demagun imajinazio ariketa handia eginda, baietz hala dela eta hori egitekoak direla, ze aukera errealak dauzkate -hara praktikotasuna!- hori egiteko? Bat bera ere ez.

Finean hitza, hitzarmena eta adostasuna bilatu eta eskatu, beti egin behar da eta horretara denok ados badaude hobe elkarrekin, baina baten batzuen irismena hor bukatzen bada, are erantzuna -edo erantzun eza- zein izango den hain garbi dagoen eta batere berria ez den egoera batean (Ibarretxe gogoan), nahitaezkoa izango da B, D eta E plana ere ondo prestatuta eta mamituta edukitzea, ez baikaude denbora alperrik pasatzeko (beste berrogei urte, akaso?).

Ez dago independentzia hitza aipatzerik horren oskolaren barnean hamaika kontzeptu sendo, mardul eta gotor ez badira. Edo ez luke egon beharko. Oskola barrua ondo beteak egun nagusi den etsia gainditu eta ilusioa pizteko balio behar du. Oskola betetzeak askotariko jende askoren parte hartzea behar du, eta egun lehengo geltokirainokoa garbi daukaten baina, gaur gaurkoz bederen, hortik aurrerakoaz hitz egin ere egin nahi ez dutenetako makina bat lagun (edo gehienak?) erakartzeko balio behar du. Lana bada hortaz eta azalpen garbiak behar oraintxe hasiak. Nik ez dut ezker abertzalea honetan lemazain ikusten ez bada bultzatzaile eta sustatzaile. Badira pertsonak, elkarteak, herri mugimenduak, ziurrenik gauzok landuen daukatenak baina inolako laguntzarik edo bultzadarik jaso ez dituztenak. Herri honetan palazioetako politika besterik ez dela izan eman nahi digute aditzera eta hori beste gezur handia da.

Kataluniara oso berandu iritsi dira, Barregarria da Kataluniari halako eskaintzekin etortzea orain. Berandu dabiltza, Katalunia bere estatua sortzeko oinarriak jartzen ari da. Kataluniako desastre eta anabasa ez da Kataluniakoa izan Madrilekoa baizik. Aurrekaririk gabeko lardaskeria politiko itxuragabea izan da Madrilekoa. ETArekin armak utzitakoan edo presoak bahitu politiko hartzean egin duten tamainakoa.

Horra hor, gobernuan dagoena dagoela, Espainiak zer eman dezakeen maila eskatzen duen prozesu baten aurrean, eta horra hor, hala eta guztiz ere, EAJren garaipen garbia eta itzala ezin luzeagoa, esker-eskuin zabalduta eta nola jarri dituen denak auzo-lotsa besterik ematen ez duen Espainia horri begira. 78An hasitako hark ia berrogei urte iraun du, hobe mugitzen hastea eta horri kontra egingo dion diskurtso indartsu bat eratzea beste berrogei urte Madrilen zain pasa nahi ez baditugu.
Hitz ahituei hautsa kentzeko eta zentzua emateko garaia da. Berrogei urteotan hartu duten hitzen monopolioa erabatekoa da eta honek ekarri du, besteak beste, hizkuntza hegemonikoa are hegemonikoa izatea. Itzultzaileek lan ederra egin dute hemen, Madrilen eta Sabin Etxean sortutako hitz pozoitsuei basque kutsu jatorra ematen eta ezker abertzalea tranpa horretan erori da, hondoraino erori ere.

Eta hitzaz ari garela eta erabakiaz ari garela, ondoko hau. Ondoko hau modan ez egoteaz gain ia-ia esentzialista, retro eta estrategikoki akats galantatzat ere hartuta dagoela jakinda ere, politikariek zerbaiti izua baldin badiote horri diotela izua eta politika mundu horretan, ahal bada saihestu beharreko eztabaida dela jakinda ere, utziko didazue esaten, Euskal-Herriko estatua helburu duen edozein mugimendu independentistak nekez eratuko du mezu sinesgarri bat independentzia hitz hutsala edukiez hornitzeko garaian euskaratik eta euskaraz ez bada egiten. Nekez izango da sinesgarri makinaria guzia eguneroko funtzionamenduan euskaratik eta euskaraz ez bada. Nekez, gizarteratzeko dituen agerkariak El Paisen eta El Diario Vascoren hizkuntz hautu berbera eginez. Edozein motatako elkarte independentista eguneroko horretan ez bada eredu, malo. Itzultzaileei lana eman behar zaie baina justu alderantziz jarduteko. Hori aurrerapauso itzela litzateke. Zain ditzagun bada erdaldunak euskararen estatura erakartzeko.

Hori ere hautua da, erabakia, egunerokoan egiten dena, nekez egingo da aurrera eguneroko bizitza xumeari erreparatu gabe. Erabakia norberarena da eta egunerokoan gauzatzen dena. Eskubideak berriz, beste batzuk onartzen dizkigutenak, ala ez.

erabakitzeko eskubidea, ezker abertzalea, hauteskundeak, independentzia, Jeltzaleak, podemos

Zer duzu buruan “Ahal Balitz”-ri buruz

  • Batzuk diote Euskara baztertu behar omen dela PODEMOSen indarra ikusterakoan (edo beste gauz batzuengatik), arlo sozialan jarri behar omen da arreta guztia, ta hori biztanleriaren %50a baino gehio eskuma bozkatzen duenean, badirudi ez dakitela arlo sozioekonomikoan ere biztanleria oso zatitua dagoela.
    Beraz ezkerreko programa batekin edo eskumakoarekin soilik ez genuke Espainia edo Frantzia eskaintzen dutenarekin ezberdintasunik izango.

    Oso polita gelditzen da erratea herritarrak hau edo hau behar dutela, baina gauza da herritarren artean ere , ez direla ados jartzen beharretan, beraz bakarrik arlo sozioekonomikoan planteatzea gauzak astakeri galanta litzateke ta hori alderdi Espainiarrak jada eskaintzen dute.

    Ta bai, hemen beti EAJ garaile, momentuz korrupzioa, kudeaketa txarra, saldukeria… ez zaio fakturarik pasatzen, baina eskumako bozkatzaileak horrelakoak dira.

    Bukatzeko, Espainiako gizartea ia ezer aldatu ez danaren froga, Ciudadanos alderdia da, PPren boz asko bereganatu ditu , PPk baino eskumakogoa izanik, beraz ze da hiritarrak eskatzen dutena?

    Nun dago aldaketa?

    Momentuz talde abertzaleei boterea eman ordez, ta gero beraiek erabakitzeko eskubidearen alde egiten dutenei eman ordez, PODEMOSeri eman diogu boterea, gero betetzen ez badute errandakoa berandu litzateke.

    Ez du batere zentzurik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude