A28 gurean (edo ezinbestean begiratu behar dituzun 7 gauza)
A28 gurean (edo ezinbestean begiratu behar dituzun 7 gauza) –
Espainiako hauteskunde orokorretako zenbakien zopan galdu ez zaitezen proposamen bat da hau. Biharamunean berehala ezagutuko duzu nork dituen Espainiako presidente izateko boletoak eta nork irabazi dituen gurean Madrilera abiadura moteleko treneko billeteak. Baina badira lerroburuetan oharkabean joango diren zazpi argazki, gutxienez. Irudi osatu eta zorrotz bat bermatuko dizute sei gako hauek -eta tabernako eztabaidan inor baino listoagoa izango zara-. Hemen begia non jarri:
1- Altsasu
Bel Pozueta, Altsasuko presoen ametako bat, EH Bilduren zerrendaburu. Bidegabekeriak eragin duen elkartasun uholdea bere alde jarri nahi izan du koalizioak. Zein ondorio izango ditu horrek bizilagunen boto erabakian? 2016an Podemosek aise irabazi zuen bai UPN-PP bai EH Bildu botoetan bikoiztuz. Altsasuko elkartasuna kanpotik datozen autobusek sortutako lilura bat da? Lurzoru politikoa astindu duen ala gazteei babesak benetan transbertsala izaten jarraitzen duen asmatzeko aukera aparta emango dute Altsasuko hauteskunde emaitzek. Bel Pozuetak EH Bilduk lortutako Nafarroan 2016an eskuratutako 31.000 botoak zenbateraino puzteko magnetismoa duen neurtuko da.
2- Javier Maroto
Hondamendi hotsak entzuten dira Gasteizko Dato kalean, PPren azken euskal gotorlekuan. Pablo Casadok estu hartu ditu euskal popularrak. Moderazioak saria du EAEn, baina bost axola izan dio Palenciako presidentegaiari, eta zipli-zapla egin du autogobernuaren aurka eta bere muturreko hautagaiak jarri ditu zerrendaburu hiru lurraldeetan. Ondorioa? Inkestek PP PACMAren pare jartzen dute EAEn, ordezkaririk gabe. Salbazioa, izatekotan, Javier Maroto. Mingain bizi eta papar harro, ‘vitorianismo’ ustezko baten tresna guztiak erakusten dabil alkate ohia -Mercedes eta dieselari beldurra, laguntzen kontrola, independentistei erasoa-. Baina akats propioek eta eskuinetik Ciudadanos eta VOXera joan litezkeen ihesek PPren proiektua birrindu dezakete. EH Bilduk bultzatuko du amildegira ala PSEk?
3- Gipuzkoa
Abertzaleen batailla gorenak plaza bakarra dauka, Gipuzkoa. 2011ko EH Bilduren aparrak baretuta, eta 2016ko Podemosen giharra mehetuta, EAJk aurkaria non duen usainduko da igandean. Mertxe Aizpurua eta Jon Inarritu nahi ditu EH Bilduk kosta ala kosta Madrilen, moreek aurrekoan kendutakoak bereganatuz. Baina, seguruenera emaitzen irakurketak maiatzera begiratuko du. EH Bildu gai al da Olanoren EAJri Foru Hauteskundeetan aurre egiteko lurzorua finkatua eta gobernuan Izagirre jartzeko?
4- VOX
Zenbat dira? Bat, lau hiru, bost, zazpi… Amurriokoaren lagun? Neo-frankisten kopurua zenbatzeak asko argituko du argazkia, orain arte PPn ezkutatu diren askok erakutsiko baitute Euskal Herria barrutik suntsitzeko duten grina. EAEn %1,1 diote inkestek… baina jakin badakizu, laugarren solairu bizilagun horrek beti izan duela piura atzerakoi xamarra. Ez ote zenuen igogailuan ikusi irribarrea ezkutatu ezinean?
5- Elkarrekin Podemos
Botoen %25 eta 7 diputatu. Pablo Iglesiasen alderdiak sekulako jipoia eman zien Hegoaldeko alderdi klasikoei. Ia 400.000 boto, ozta ozta EH Bilduren bikoitza. Araban eskuratu zituen Espainiako beste inon baino emaitza hobeak. Han eta hemendik hartuak, inor ez zen salbu, ez PSE, ez EH Bildu ezta EAJ ere. Eutsiko dio? Kolpearekin zeharo galduko du konortea? Inkestek 7 diputatik 4 arteko erorketa aurreikusi diote. Galdu ote du erabakitze eskubidea Madrilen defendatzeak Iglesiasi ematen zion magia?
6- Errenteria
Ciudadanosek Orereta aukeratu zuen Indarkeriaren Parke Tematiko gisa, heroiarenak egin eta Ebrotik beherako erraiak mugitzeko. Baina Errenterian batek baino gehiagok atsegin izan badu Riveraren ‘balentria’? Ez da ba izango herrian ere badela espainiar sentimendu bero-bero bat? Julen Mendoza alkateak Radio Euskadin esan zuen soilik 300 boto zituztela laranjek herrian, eta hortaz alferrik joan zirela. Ez zuen zenbakiarekin asmatu: 682 errenteriar izan ziren. Eta oraingoan 1.000 eskuratzen baditu? Egongo da zer pentsatua. Ea hurrengoan ez den hain erraza probokazioaz hitz egitea…
7- Navarra Suma
Animalia mitologiko baten amaiera ikustear gaude. Azken hamarkadetako esperimentu narrasena egin dute Nafarroan. Foralistak eta antiforalistak bat, Espainiaren izenean, abertzaleak eta ezkertiarrak nahi eta nahi ez botatzeko. Ciudadanosek itxura batean UPNrekin bat egin eta foruak errespetatuko duela eman du hitz, baina sinesgarritasun gutxiago ezin dute izan Albert Rivera eta enparauek. UPN bozkatzen duen %100 nafar profila uxatu beharko luke Navarra Sumak. Horregatik, A-28an deskubrituko dugu ea adarbakar mitologiko hori existitzen den eta esperimentuak boto galera dakarren, ala, besterik gabe, askok susmatu moduan UPN berez Unión del Pueblo Español den, ezer baino gehiago. Uxue Barkosen badu nora begiratu.