Gora Gasteizen bultzada eta Marotoren porrota

Iban Zaldua idazle eta irakasleak, hamar puntutan, Marotoren porrota eta horretan Gora Gasteiz herri ekimenak izandako garrantzia aztertzen zuen atzo Diario.es egunkarian (jatorrizko testua hemen); zorrotz.

Arabar hiriburuko azken hilabeteotako giro politikoa ulertzeko interesgarria delakoan -funtsean bat egiten du Iñaki Larrañagaren “Alderdiei buruzko apuntu batzuk, Marotoren agurrean” analisiarekin-, laburtu eta euskaratuta dakargu.

Gora Gasteizen bultzada eta Marotoren porrotaGasteiztartutako donostiarrak onartzen zuen udalaren eraketaz gustura gelditu izana, besteak beste “diskurtsoa hiriko etorkinen aurkako gorrotoan” eraiki zuen alkatea aulkitik jaurti dutelako, Javier Maroto. “Baina badira kontu kezkagarriak ere -dio Zalduak-, aipatutako diskurtsoarekin Partido Popularrak botoen %30 inguru lortu zuen-eta”.

“Hiritarren sentimendu xenofoboak pizteak botoak ekar ditzake, baina politikoki isolaketa ere ekar diezaioke bide horren aldeko apustua egin duen alderdiari. Eta José Angel Cuerda alkate ohiak esan zuen bezala, `beti izango da aurreiritziak dituen jendea, baina bazterketak gainditzen laguntzea da alkate baten lana´”; justu Marotok egin duenaren kontrakoa.

Marotoren arrakasta uler dezagun, politikariaren gaitasunak aipatzen ditu Zalduak. “Politikari trebea da, karisma duena, hurbilekoa eta komunikatzeko gaitasuna duena. Gainera, lan handia egin du kalean eta oso aktiboa da sare sozialetan”. Historia irakasleak ulertzen ez duena, “duen kudeatzaile onaren sona da”. Autobus geltokia aparte utzita -EH Bildurekin hitzartu ei zuten eta bere heldu zenerako bideratua ei zegoen-, adibide andana ematen ditu Zalduak, kontrakoa erakusten dutenak: San Antonioko lokalak, Guinness libururako tortilla erraldoiaren afera -tortillagate deitzen duena-, udal zorra, lurraren kudeaketa, Iradier Arena, Krea, grina pribatizatzailea.

Porrot egin duen Marotok, “hauteskundeak irabazi bezain pronto bakarrik zegoenaz ohartu eta konpromiso etikoa aurkeztu zuen. Keinu positibo” Zalduaren ustez, baina ez behar bezain sinesgarria, ez baitu etorkinen kontra esandakoez damurik agertu. Laguntzen kontuarekin aspaldi zuen joa hordagoa.

Gora Gasteizen bultzada eta Marotoren porrotaMaroto aparte utzita, udalean diren beste taldeei ere egiten die gainbegiratua Iban Zalduak. Andoaingo gertaera dela medio Idoia Mendiak boto aldaketa agindu eta gero, ez du uste ezer gehiago esatea merezi duenik PSOEri buruz. EAJko Gorka Urtarani buruz bai, ematen du iritzia. “Maiatzaren 24an jaso zituen emaitza kaskarrak jaso zituenetik ekainaren 13an alkate izendatua izan zen arte publikoki mutu egon izanak ez da askorik esaten bere ekimen politiko edo alderdiarengandik manten dezakeen independentziagatik”. Marotorekin izan duten esperientzia eta gero, “akaso hobeto datorkigu pertsonalitate gutxiagoko alkatea” dio idazleak, hala ere.

Inpresio hobea egin die hauteskundeen emaitzak ezagutu geroztik Sumando-Hemen Gaude, Irabazik eta, batez ere, EH Bildu ezkerreko alderdiek izan duten jokabidea. Bigarren alderdirik bozkatuena izan den azken honi buruz, “irekitasuna erakutsi dute eta eskuzabal jokatu, alderdien arteko adostasuna bilatuta -Zalduaren aburuz-. Eta azkenean alkatea EAJkoa izan bada ere, etorkizunera begira, baikor agertuta, jarrera ona izan daiteke Gasteizen ezkerreko garenontzako”.

 

Gora Gasteiz
Baina alderdi politikoez haratago, irakasleak garrantzia berezia ematen dio Gora Gasteiz herri mugimenduaren agerpenari. “beste hiri eredu bat defendatu duena, positiboa eta atsegina”. Apirilaren 18ko jaia ahotan hartuta, “eredugarria begitandu zitzaidan -dio Zalduak-. Gasteiztar gizarteko pentsaera ezberdineko indar politiko eta sozialak batu zituen, elkartasunezko eredu sozial eta ekonomiko baten inguruan”.

Gora Gasteizen bultzada eta Marotoren porrota

Gora Gasteizen bultzada gabe, irakaslearen azterketaren arabera, EAJ erosoago legoke zerrenda bozkatuena boterean utzita. Eta beste horrenbeste gainontzeko alderdiei dagokionean ere. “EAJk irtenbide zailenaren alde egin badu -gutxiengoan gobernua hartu, Gasteiztik kanpo ulergaitzak liratekeen indar batuketa bati esker- alkate ohiaren adierazpenek sortutako haserrearen aurrean beraien boto emaileen aurrean txarto ez gelditzearren izan da; ohiz kanpoko neurriak hartu beharra zuten”.

“Baina herri mugimenduaren bultzadarik gabe, ez dago ulertzerik Gasteizen jazo dena. Orain, ikusi beharko da gobernu aldaketak eraldaketa kulturala dakarren hirian, giro politiko osasuntsuagoa eta bareagoa izan dezagun; beharrezkoa dugu-eta”, dio Iban Zalduak.