Asteburu honetan: Udare tarta
Asteburu honetan: Udare tarta –
Tarta eta pattar gogoa geneukan eta hemen dakarkizugu herri eta etxeotan betidanik ezagutu den Xolomo Sapiensen Udare tarta RZ zahar goxo hau, sagar tartaren neba-arreba. Denak txundituta uzteko primerakoa, ama eta izebari bereziki gustatuko zaie bisitan datozenean, ligatzeko ere bai agian… Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Tarta molde bat, labean berotutako masa hautsi fin-finaz estalia, hotza
- 6 udare, zurituak, dadotan moztuak
- Zurrusta bat Calvados (edo horrelako beste pattar bat: rona, cognac, armagnac)
- Korintoko mahaspasak, eskutada bat (sobera lehor baleude, zenbait orduz eduki beratzen Calvados-etan)
- Gurin puska eder bat
- Koilarakada bat azukre
- Bainila leka bat, irekia eta aletua
- Almendra orerako:
- 55 g irin
- 55 g azukre
- 45 g almendra hauts
- 45 g gurin bigun
…
Errezeta
- Azukrea, zartagin batean su eztian, karamelu bihurtu dadila eta kolore horixka-gorrixka hartzen duenean gurina gehitu, azukre beroarekin bat egin dezan.
- Orduan agudo erantsi udare dadoak eta bainila leka irekia eta bere aleak, uneoro zartaginari eragiteari utzi gabe. 10 bat minutu pasatuta horrela, alkohola gehitu, su har dezala utzi eta bertara irauli mahaspasak, udare salteatuen zaporea har dezan denak.
- Sutatik baztertu padera eta dena katilu batean sartu. Hozten denean, bainila leka kendu, beste zerbaitetarako behar badugu ere, eta egin dugun nahastura labean berotutako tarta-oinarri batean jarriko dugu, koilararen sabelaldearekin hedatuz.
Bizkitartean almendra orea prestatuko dugu…
- Irinarekin azukrea eta almendra txikituak nahasi eta, azkenean, gurin biguna gehitu, baina erne, bigun, ez urtua. Behatz-mamiekin nahasi hondartzako harea finaren itxura hartu arte.
- Harea horrekin moldearen hondoan jarritako udare eta pasak estali eta labean edukiko dugu tarta, 190 graduan, 30 bat minutuz, tartaren gainaldea gorritzen den arte, kolore polita izan arte.
- Behin hoztutakoan, parparrean bota azukre hautsa gainetik eta izozki oso krematsu batekin batera zerbitzatu.
…
Kasu!
Akaso!
Udare tarta
Errezeta gehiago …
Asteburu honetan: Oshawa ogia edo Oshawa pastela tipularekin
…