Independenteak beleari ipurbeltz

Independenteak beleari ipurbeltz –

Aste honetan Independentea.eus izeneko komunikabide negazionista sortu da. Talde bat atzean dagoela ematen badu ere, Kote Camacho marrazkilaria da egile eta bultzatzailea, eta bere enpresaren izena ere agertzen da Lege Oharrean. Eskubide guztia dute horrelako komunikabide bat sortzeko, eta euskararen normalizazioan ideiarik eroenek ere lekua izatea interesgarria izan liteke. Negazionisten inguruan aspaldi dabiltza batzuk sarean, eta ez dut hemen euren irizpide antizientifikoen inguruan hitz egingo, ez. Arreta deitu didan gai bati buruz idatzi nahi dut: Sustatun argitaratu zen aipamen batekin egondako zalaparta. Sustatun, Independentea Berria egunkariaren aurkakoa zela argitaratu zen, eta aurkezpenean, artikuluen goiburuetan eta bestelako kolaborazio batzuen hautaketan hala iradokitzen bada ere, gakoa ez dago Berriaren aurkako egunkari bat izatean, baizik eta eurek Berriari kritikatzen diotena ere egiten dutela euren medioan: iruzkinen zentsura. Eta demostra daiteke.

Fito Rodriguez eta Galder Gonzalezen arteko elkarrizketa mikatz bat irakurri nuen Twitterren aurrekoan. Elkarrizketa horretan aipatzen zen iritzi guztiak argitaragarriak direla baina Gonzalezek esaten zuen ezetz, eta ziur zela Independentea egunkariak ez zuela “edozein” iruzkin onartuko. Zehazki, medioa sortzeko irizpidea da Berriak iritzi batzuk ez dituela argitaratzen eta euren iritzia emateko plataforman eduki batzuk ezabatu dizkiotela Kote Camachori. Fito Rodriguezek hori ere kritikatzen zuen eta bere artikulu bat irakur daiteke independentea web negazionistan.

Iruditu zitzaidan ariketa interesgarria izan zitekeela: zer gertatuko litzateke edozein ideia argitaratzen saiatuko banintz independentea.eus webgunean? Ideien eztabaida librea baimenduko lukete edo, kontrara, Berriari kritikatzen dioten berbera egingo lukete? Proba egitea erabaki nuen.

Lehen pausoa: Wikilibrea

Bale. Orain ez dago. Baian sortu zutenean “Wikilibrea” izeneko atal bat zegoen, antza Wikipediari kontra egiteko sortutako “Entziklopedia” librea. Ezer ere ez zegoen, baina proba egitea erabaki nuen. HH14 izeneko pertsona bat sortu nuen, argiki nazia, eta hiru artikulu itzuli nituen Metapedia webgune “eskuin-alternatibotik”: giza arrazak, arrazak eta inteligentzia eta Holokaustoa. Sarrera baino ez. Eta itxoin nuen. Pentsatzen nuen norbaitek ezabatuko zituela sarrera horiek, edo nolabaiteko eztabaida ireki edo aldaketak egingo zituztela. Azken finean, hori zen aldarrikatzen zutena. Tamalez, ez nuen pantailarik gorde, ez nuelako pentsatzen… zuzenean gune osoa itxiko zutenik.

Hortxe dago nire nabigatzailean esperimentu horretatik geratzen dena. Lehen saiakeran, sekzio oso bat kendu zuten.

Bigarren pausoa: iruzkinak Disqus erabilita

Berriak bezala, Disqus erabiltzen du eztabaida bultzatzeko. Beraz, HH14 izeneko perfil berbera ireki nuen Disqus webgunean. Lauburu zirkulu batean hondo gorri baten gainean. Eta hainbat iruzkin egin nituen, nabarmen eskuin muturreko baina, aldi berean, gaiari zegozkionak. Adibidez, Alemanian eta Euskal Herrian gehiegizko heriotzarik egon ez dela dioen artikulu guztiz faltsuan idatzi nuen Euskal Herriko agintariek, Alemaniakoek bezala, mundu mailako konspirazio sionistaren/globalistaren parte zirela, eta degenerazio hori pertsona askeak hondoratzeko sortua zela. Antzeko iritzia irakur dakioke Josu Naberani Naizen, adibidez. Hau da, argitaratzen diren ideiak dira.

Nire sorpresarako, ordu batzuk eman zituzten iritziok bertan, eta pentsatu nuen baietz, bide onean ari zirela eta benetan nahi zutela edozein iritzi argitaratu. Baina ez: hurrengo goizean iruzkin guztiak desagertu ziren. Zehazki Berriari egiten dioten kritika: eurekin bat ez datozen iritziak ezabatzea.

Hirugarren pausoa: iruzkinak pertsona baten izenean

Aurreko pausoan bazegoen arazo bat. Izenak (HH14) konnotazio naziak zituen eta baliteke ez izatea Independentea mezuak ezabatu zituena, baizik eta Disqus zerbitzua bera. Beraz, duda hori asetzeko, hirugarren saiakera bat egin nuen: Jean Ibarnegarai politikari jeltzale eta nazien kolaborazionistaren izenean kontu faltsu bat irekitzea. Eta, oraingoan, egindakoaren kapturak egitea.

Hirugarren pauso honetan bost minutu behar izan zituzten iruzkinak ezabatzeko. Ez zen, beraz, Disqusen iragazki automatiko bat baizik eta Indpendentea.eus kudeatzen duenaren erabakia: ezin da argitaratu eurek nahi ez duten ezer ere ez.

Eta iruzkinak kentzearekin pozik ez eta kontu osoa blokeatu zuten ondoren:

Azkenik: iruzkin sistema itxi

Eta arazoa edukiak baldin badago? Hau da, sinpleki esaten badiezu artikuluak dioena ez dela egia? Adibidez, ez dela existitzen inor Ulrike Bitzen izenekoa, artikulu honek dioen bezala? Ba ezingo dugu jakin. Berrian iruzkinak ezabatzen ziotela eta, webgune surrealista bat sortu duen Kote Camachok erabaki duelako, hemendik aurrera, ezin direla iruzkinak egin. Orain sistema aldatu du eta berari bidali behar zaizkio, sinatuta eta e-posta baliagarri batekin, eta berak erabakiko du argitaratu edo ez.

Eskerrik asko istorio triste honetan jarraitu nauzuen guztioi.

43 pentsamendu “Independenteak beleari ipurbeltz”-ri buruz

  • juan inazio hartsuaga 2020-11-08 10:26

    Zentsura apur bat beharrezkoa da. Esate baterako, iritzi publikoa manipulatzeko sortu diren BOT-ek bidalitako iruzkinak ez dira onartu behar, berdin zait zer dioten edo zein ideologiaren alde egiten duten, gezur kuantitatibo bat dagoelako atzean. Irainak ere ez dira onartu ohi iruzkinetan. Baina zoritxarrez, zentsurarekin gertatzen da behin hasiz gero ez dela erraza izaten muga estu horien barruan egiteari eustea, eta sarritan gertatzen dela zernahi zentsuratzen amaitzea, zentsoreak gustuko ez duelako. Muga-mugakoak izaten dira BOT izan gabe eta inor iraindu gabe, probokazio asmoz idatzitako iruzkinak, batez ere egileak behin eta berriz bidaltzen dituenean. Horientzat, bertan utzi, ezabatu edo egilea blokeatu aukerei, laugarren bat erantsiko nieke, adierazpen askatasunaren mesedetan: Irakurle batek argitara ditzakeen iruzkinen kopurua mugatu, (hilero hainbesteko bat), zernahi idatzi ahal izan dadin baina aldi berean probokazio sistematikoan dihardutenen iritziek nagusitasun itxura har ez dezaten. Baita bazterretan dabilen hainbat iruzkingile “profesionalen” oihartzuna mugatzeko ere, zernahi ideologiaren alde diharduela.
    Amaitzeko esan, berriz ere egiaztatzen dela nola hizkuntza gutxituei eransten zaizkien mota guztietako illuminati terraplanista oro. Lastima da, baina honezgero ohituta gaude.

  • Joxe Pottotto 2020-11-08 21:34

    Eskerrik asko, Egia Zabala. Antzeko zerbait egitea pasa zitzaidan burutik, baina zu baina alferragoa naiz. Nire susmoa baieztatu duzu.
    Ideia ona iruzkin kopurua mugatzearena, Juan Inazio. Hemen barrena dabilen dozena erdiren hainbeste ta hainbeste iruzkin irakurrita, euskaldun guztiak seko tontotuta gaudenaren sentsazioa ematen baitu.

  • Ireki berri den webgune hau modu batekoa zein bestelakoa izateak ez du baliogabetzen egia borobil bezain triste bat, eta honakoa da: Kapital Internazionalaren agenda eta ideologiari (ezker zein eskuineko euskal klase politikoak aspaldi besarkatu zuenari) aurka egitea ez da onartua euskarazko egunkari bakarrean.

  • Zergaitik botere kriminalak eta beraien morroiek aske nahi duen jendeari haien aurka betidanik erabiltzen dituzte ondorengo terminoak: herejeak, sorginak, terroristak, negazionistak…?
    Botere hori bai da negazionista. Faxista, totalitario eta inperialista hauek noraino iritsi diren non arnasa hartzea ere “negatu” diguten. Haien hurrengo pausoa hitz egiterik ere debekatuko digute. Garrai publikoetatik hasita eta gure etxeraino eramango dute beraien normaltasun berria.
    Ze panorama. Herri enbozatua, ixilduta, humilatua eta beldurtua txertoaren zain, behartuta nahi ala ez.
    Hori da denek ikusten duguna eta askok afirmatzen duguna eta negazionistek negatzen dutena.
    Pro Libertate Patria Gens Libera State.

  • Ea Freud maitea… koronabirus aldera jo duzu. Nik ez dizut ukatuko kapitalaren, inperialismoaren, diktaduren etab-en ankerkeriak. Baina hain urrutira joan gabe, herrian bertan, eguna joan eta eguna etorri, taberna aurretik pasatzen nintzenean beti eszena bera ikusten nuen: koronabirusak pitorik ere axola ez zien gazte (gehienak) kuadrila inongo neurri, protokolo edo antzeko arrastorik gabe nahieran bizitzen. Horiek bai bizi zirela normaltasun osoan eta ez normaltasun berrian! Udaltzainak (izen abizenez denak ezagutzen dira) atentzioa deitu (isunik jarri, ez) eta mota guztietako irainak jaso behar bere lana egiteagatik, “alde hemendik, utzi bakean!”. Eta guzti honek ondo ezin zuela amaitu begibistakoa zen, eta ezta ondo amaitu ere: jada EHan 3000 hildako ofizialen langa gainditu da, Gernikako bonbaketetan baino gehiago. Eta ekialdeko herritarrek erakusten digute egunero, izurrite hau kontrolatzea ez dela hain zaila, neurri batzuk zorrotz betetzea besterik ez dela. Gainera, hasieratik ikusi da neurri zorrotzak garaiz hartzea dela merkeena, are neurri zorrotzagoak, garestiagoak eta min gehiago ekiditeko. Nik, ariketa sozial moduan ikusi dut hau: ea euskal gizarteak nola erantzuten duen. Auzola modan dago… hara, hortxe duzu auzolan ariketa ezin hobea, heroien moduan biziak salbatzeko aukera eta guzti! Baina bai zera… nik garbi ikusi dut, euskal nazioa eraikitzeak askoz ere esfortzu eta sakrifizio gehiago eskatzen ditu izurrite honen kontrolak baino… baina izurritea kontrolatzeko ere ez gara gai izan. Ez begiratu beste alde batera, orain badirudi “burgesiak jarritako neurriak…” eta horrelako diskurtsoak asmatu ditugula, hori irakurri nuen behintzat tabernako paretan itsatsitako panfletoan. Tabernan zeuden gazte haiek bai, haiek zalantzarik gabe kapitalismo honek gaizki leziatuta hezi dituen umeak dira. Jokatuko nuke gurasoak biak lanean eta etxean hilean 4000 euro sartzen direla gehienen etxeetan. Eta horrela noski, ez dago besteen aginduak betetzeko prest gure txakurkumea, nola bada? Tabernako panfletoan zera adierazten zen, Osakidetzarako baliabide gehiago. Diskurtsoak azkar ikasten dituzte, “osasun publikoa, hezkuntza publikoa…” baina osakidetzako langileak euren herrikideei tentuz jokatzeko eskatu eta eskatu aritu diren arren, niri tabernako lagunarteko poteoa ez diezadatela ukitu, eh! “Osakidetzarako baliabide gehiago!” esan eta konponduta dago. Osakidetzako langileek egingo dute auzolana guk tabernan mundua antolatzen dugun bitartean. Baina aizu! Hemen ez dago jokaera horiek kritikatzerik bestela errepertorioko esaldi andana hortxe duzu. Bai, Freud, bai! Ze panorama!

  • Kuriosoa da nola besteoi “akritiko” edo “gregario” deitzen digun jende “libre” hori, jende “kritiko” hori, bertsio edo agenda “ofiziala” kuestionatzen duten pentsalari libre horiek…. sekula ez direla hain kritiko eta hain librepentsalari, kuestionatzeko zergatik dabiltzan barra-barra horrenbeste teoria “antiofizial”, ehunka mila hildako eragiten ari den arazo mundial baten aurrean ere.

    Benetako librepentsalari batek hori “ere” kuestionatuko luke. Baina ez. Beti besteak dira gregario, eta beraiek dira libre.
    Tatuajeak edo piercingak jarriz “besteak ez bezalakoa” dela uste duen pertsona bezalakoak dira.

  • Askatasuna segurtasunaren truke aldatzen duena ez ditu ezta bata eta bestea merezi.

    • Egia Zabala 2020-11-11 20:29

      Esaldi hori kapitalista batek esan zuen, Benjamin Franklinek hain zuzen ere. Baina ziur naiz berak eta zu prest zaudetela askatasuna alde batera uzteko segurtasunaren truke:
      adibidez, ziur naiz ez zenukeela gustoko izango Tolosa erditik kotxeak 160 kilometro orduko abiaduran ibiliko balira, ez dagoelako abiadura mugarik. Askatasuna hori da: nahi duzun abiaduran ibiltzea. Segurtasuna da 30 km/h jartzea herri erdian eta batxe batzuk, jendea geldoago joan dadin. Zuk segurtasuna nahi duzula ziur naiz, pertsona normala zarelako, ezta?

  • “Askatasuna segurtasunaren truke aldatzen duena ez ditu ezta bata eta bestea merezi.”, esaldi handia, benetan. Horrela, bapatean irakurrita, historiara pasa den intelektual handi batek esandakoa dirudi. Gustatzen zaizue bai, esaldi handiekin ibiltzea, bisionario plantekin. Baina badakizu zer konturatu garen? Motxila esaldi handiz beteta izaten duzuela, eta gero egoki dela uste duzuenean, motxila ireki eta esaldiak ateratzen hasten zarete. Baina askotan testuingurutik aldenduta eta zentzurik gabe erabiltzen dituzue, lotsagarri parean geldituz. Zuekin auzolana?! Lehenengo atxur golpea eman aurretik jada mar-marrean zarete eta, errepertorioko esaldiak soltatuz! Proiektu eta esaldi handiak, hori bai, kolperik ez ordea. Chegebararen irudia eta aurpegia belarritakoz josita izate hutsarekin, besterik gabe ezin dela iraultzik egin, gizona!

  • Ea Neu itsua eta sutusa, presondegi barruan barrote artean egongo bazina -gure gaurko errealitatea- eta eskuetan makil luzea eukiko bazenu nondik bi metroetara bozal bat eta ondoan giltza bat atea irekitzeko egongo lirateke: bozala aukeratuko zenuke.
    Gure herriaren irudi tristea.
    On egin.

  • Askatasunaren ondorioak kontuan izan behar dira baita ere. Bien arteko oreka, hori da aproposena.

  • Neu, esaldi hori Bejamin Franklin-ena da. Kapitalista eta liberalen mitoa eta aintzindaria, ez hain zuzen Chegabararen kamisetarekin dabiltzan horiena.
    Ez zaizala gorrotoak itsutu.

  • “askatasuna segurtasunaren truke aldatzen duena ez ditu ezta bata eta bestea merezi.”

    Franklinek edo Porrotxek esan duen, berdin zait.

    Hala ere, esaldia horrela ziplo bota eta ñabardurarik gabe besteei (akritikooi) aurpegiratzen duena ipurdi bistan geratzen da, ikusi beharko bailuke egunero-egunero askatasuna mugatua izanik txintxo-txintxo aritzen dela…. denon segurtasunaren edo ongizatearen izenean.

    Askatasunari (kontzeptu abstraktu eta zabal gisa) mugak onartzen eta jartzen ez dizkiona, zoroa edo gizalegerik gabeko pertsona baita. Eta ez hori bakarrik, horrelako pertsonengandik urrun egoten saiatuko dira, badaezpada ere, librepentsalari superkritiko horiek.

  • Garrantsitsuena, independentea digitalari ongi etorria ematea. Eskertzen delako haize freskoa erakartzen diguzuengatik.

  • Ea, ezer ulertu bazait lehen: ezetz, ez dela batere freskoa, hala uste baduzue ere. Kalaka hori oso ikusia/entzuna dagoela.
    Hain kritikoak omen zaretenak izan zaitezte kritiko zuen buruekin ere.

  • Bistan da askatasunari beldurra diozula. Jarri duzun adibidea ez du hankerik ezta bururik. Zer ikusirik du askatasunarekin? Adidibide horrekin garbi uzten duzu askatasuna -argudio faltsuekin- kriminalizatu nahi duzula zure totalitarismo erotuaren bitartez.

  • Egia Zabala 2020-11-11 21:49

    Nola zer harreman duen? Ez al da askatasuna nik nahi dudan abiadura gidatzea, inork zer egin behar dudan esan gabe?

  • Zure buruan eta zure indibidualismo barnean behar bada bai. Nire buruan ez, askatasuna kolektiboa da.

  • “Askatasuna kolektiboa da”.
    Esaldi “sakonak” gara ditzakezu, mesedez? Zer motako erlazioa dago askatasun indibidualaren eta kolektiboaren artean? Askatasun kolektiboak nola muga dezake askatasun indibiduala? Edo ez du mugatzen?

    Ez dakit… ulertu nahi zaitut.

  • Ni ez naiz sekulan libre izango nire herria aske ez den bitartean eta herria ez da aske izango gutako bakoitza libre ez garen bitartean.

  • Horrek ez dakit zer erlazio duen pandemia garaiko askatasun/segurtasun dikotomiaz. Horretaz ari baikinen.

    Berriro esango dizut: esaldi potolo edo aforismo horiek garatuko dituzu mesedez? Yoda moduan debatitu behar baduzu, alferrik da.

  • Hasteko, ontzat ematen duzu pandemiarena, estatistika guziek -interesatzen ez zaizkienei ezik- gezurratzen dutenean pandemia mailara igo daiteekela oraindik identifikatu gabeko agente kutsakor horren jarduera.
    Nire aldetik eztabaida amaiera emateko, mundu honek eman duen pentsalari handienetako batengana joko dut.
    José Martik ondo esan zuen bezala: “Kultuak izan aske izateko”. Egi borobila. Inkulturak pobrezia baino ez du sortzen, era guztietako pobrezia. Indibidualismora eramaten du, isolamendura, doktrinatzera, zugatik pentsatsen eta erabakitzen dutenera.
    Herria kulturagabetasun maila gorenean mantentzea eginkizun ukaezina da botereari eta mota guztietako ustelkeri eusten diotenentzat.
    Hortako desinformazio masiborako baliabideak eta hezkuntza-sistema erabiltzen dituzte, aurrekoen lotsagabekeria iraunarazteko.
    Kulturagabetasuna kendu beharreko minbizia da askatasun osoa eskuratu ahal izateko.
    Martik ere zioen ezjakintasunak herriak hiltzen dituela eta beraz, ezjakintasuna hil behar dela.
    Hortik ateratzeko espiritu kritikoa sustatzeaz gain, baliabideak jarri behar dira horrek eztabaida etengabe eta masibo batean bat egin dezan.
    Gizakiaren gaitasun burutsua elikatzea, naturaltasunetik, jakintasunetik, duintasunetik, apaltasunetik eta determinazio osoz.
    Geure kabuz pentsatu eta jardun behar dugu eta ez zugatik besteek pentsatu eta zugatik eta zure aurka jardun.

    • Egia Zabala 2020-11-12 18:26

      1- Gaixotasunak ze birus sortzen duen identifikatuta dago. Isolatua dago. Eta bere RNA sekuentziatua dago, independenteki, munduko leku askotan, milaka ale ezberdinetan. Zuhaitz genetikoak ere eratu dira, posible delako.
      2- Gaixotasun bat mundu osoan zehar hedatzen bada deskontrolatuta, orduan pandemia bat dago. Berez, zein definizioz.
      3- Gure kabuz pentsatu eta jardun behar dugu, baina esaten badizute hegazkin batetik botatzen bazara %99,9999tan hiltzen zarela, ez duzu zertan deskubritu behar zure kabuz, fidatu zaitezke esaten dizutenaz.
      4- José Martiren herrian pandemia kontrolatzeko hemengoak baino askoz neurri zorrotzagoak hartu dituzte.

  • “Kultuak aske izateko”, “inkultura”, “desinformazio masiboa”, “espiritu kritikoa”, “geure kabuz pentsatu”….
    Pentsalari libreen ustea da norberak duela espiritu kritikoa eta aske dela bere kabuz pentsatzeko. Aldiz, besteak dira beti inkultuak eta desinformazio masiboa irensten dutenak.
    Tira, hilabete hauetan hor zehar dabilen agente kutsakorra “identifikatu gabea” dela uste duenak sudur puntan jartzen zaionari bakarrik egingo dio kasu. Baina ez espiritu kritikoa duelako, baizik eta errealitate paralelo bat sinestea hautatzen duelako. Sinestea hautatzen du borondatzez, itsuki, itsuak besteok garelakoan. Errealitate paraleloa fundamentatzen ez duten frogak ez daudenean, horrelakoari temati jarraitzea ez da espiritu kritikoa izatea, baizik eta sinesmena edo fedea (bai sinestea diot, eta hori, ebidentziarik gabe sinestea, da espiritu kritikotik urrunen izan daitekeen ezer… sinesdunak gu garela uste baduzu ere).
    Noski, “sinesdunek” beti begiratzen diote gaizki sinesgabeei, leloak, koitaduak eta are baztergarriak direlakoan. Eta, total, ebidentziak beti omen daudenez botere zientifiko, ekonomiko, politiko, eta abarren eskuetan… eta sinesdunek aurkezten dituzten ebidentzia eta ikerketen gezurra behin eta berriz erakutsita ere, nola errefutazio horiek ere botere horien eskutik omen datozenez, beti egongo da arrazoiren bat errealitate paralelo bat sinesteko, edozein dela ere, eta horretarako frogak oso peregrinoak badira ere (terraplanista deitzea ez zaie gustatzen, baina pentsamolde/jokamoldeak berberak dira… edozein erlijio/fede jarraitzen dutenen berbera).
    Kontua da birusa badela, hor dagoela, ohikoa dena baino milaka pertsona gehiago hiltzen ari dela hor zehar, ezer egin ezean esponentzialki igotzen dela gaixo/hildakoen kopurua, eta horren aurrean ZERBAIT egin beharra dagoela (noski, agintariek osasungintza, garraio sistema, lan baldintzak eta abar ASKO hobetu beharko lituzkeela izanik lehen aldarrikapena, konforme).
    Zer egin, hau edo bestea, eztabaida daiteke, jakina… baina premisa zientifiko batzuetan oinarritutako ERREALITATE batetik abiatuta. Espiritu kritikoa ez duen eta bere kabuz pentsatzen ez dakien desinformatu honek, oraindik ez daki zer planteatzen duten bere kabuz pentsatzen duten espiritu kritikoko informatuek. “Hau dena konplot bat da, informa zaitezte, pentsatu zuen kabuz, beldurra sartzen diote artaldeari…” gisako sermoiak, baina nik ez dakit zer proposatzen duzuen bizitza ahalik eta normalena izan dadin, eta nire aita zaharrarekin egon nadin hura kutsatzeko/hiltzeko aukerarik gabe.

  • Zure informazio-iturriak eta nireak ez dira berdinak izango. Ziur asko, paradigma-aldaketa horretara eraman gaituzten osagarriak deszifratzen emandako orduak ere oso urrun daude.
    Bitixia da eztabaida zientifikoaz hitz egitea, muturrekoa jarri dizutenak direnean milaka birologo, mediku, zientzalari, irakasle eta abarrekin eztabaidari uko egiten diotenak, estrategia totalitarioa, faxistoidea eta herriaren ordezkari omen direnek sortutako egoerarako osasun-argudio jasangarriak erabat desmuntatzen dituztenak, eta hala ere, ez dute ezertarako herriarekin kontsultatzen, behartzen eta mehatxatu ez badute.
    Zeren beldur dira? Zergaitik saihesten dute eztabaida zientifikoa mundu osoko gremio bakoitzeko milaka profesionalekin?
    Errealitate hori zuk ere eskutatzen duzu, agian ez zaude enteratua….
    Eztabaidari eta konfrontazio zienfifikori ihes egiten diote, biluzik geratuko liratekeen agerian eta horrek ondorioak dakartza, hala nola, oraingoan Nazioarteko Zigor Gortearen aurrean, 2020ko martxoaren14 triste hartatik egiten ari diren krimenengatik erantzun beharko luketela.
    Espainiari dagokionez. Estatu inperialista eta totalitarioa, bide batez, gurea bahituta daukana. Goraxeago badugu bestea, beste modu batera ezin zitekeenez, gure herriaren aurka libertimenduan jokatzen duena.
    Hori esanda, bi aldeetan jendeak bere iritiizi propioa osatzeko nahikoa argudio dagoela iruditzen zait. Beraz, ongi izan denei.

    • Egia Zabala 2020-11-12 18:28

      Milaka birologo, mediku, zientzialari, irakasle horiek… non argitaratu dituzte euren demostrazioak? Ez euren ideiak, eh… euren demostrazioak.

  • Eztabaida zientifikoa? Pandemiarik ez badago, eta birusa “identifikatu gabea” bada? Zertarako zientzialariekin eztabaidatu? Ala zientzialariak dira birusa identifikau gabea dela diotenak?

    Hain zuzen, zientzialarien eta medikuen esku balego azken iritzia, ASKOZ ERE neurri zorrotzagoak hartuko lirateke. Horren kexu baitira. Neurriak urriak eta berandu hartuak direla.
    Baina, neurri zientzialari/medikuek neurri horiek hartuko balituzte, zuk berriro esango zenuke neurri faxistak eta totalitarioak direla.

    Aio, bai.

  • Egia estuari: Ez dut denborarik asko galduko. Hemen duzu errealitatea, ez iritziak. Gutxienez astebete beharko duzu informazio hori guztia xurgatzeko baina ez dut uste irakurriko duzunik errealitatearen negazionista zarelako. Por zierto, omen den birusa “berria” ez dago zentrifugatua, ezta depuratua, ezta sekuentziatuta bere %70ean. Gezur bat bestean atzetik…
    https://www.clinica-aeromedica.net/ambiente/covid-19-basta-ya-de-mentiras/?fbclid=IwAR3ZrhkScU4nl-RAt1PJZhI0cLv64J9sUDHuSkt3GNimOIWVHW-sAjfAIbM

  • Ez, hori ez da errealitatea, hori unibertsitate serioek salatzen duten “erakunde” batek sortutako pseudozientza “informazioa” da.

    Noski, erantzun erraza duzu, betiko komodina: unibertsitate “serioak” paradigma berria sortzeko faxisten eta totalitarioen zerbitziura daude, eta horregatik deskalifikatzen dute Swiss Policy Research, benetako egia duen erakunde librea.

    Eta beraz, ni akritiko engainatua, zu librepentsalari zoli eta azkarra (besterik gabe, entzun nahi duzuna esaten dizutelako irakurri nahi dituzun “iturri libre” horiek… eta horregatik dira libre, ez unibertsitate serioetako iturriak bezala). Eta gurpil zoroan berriro ibiliko gara zu eta ni.

    Ondo segi.

  • Freud, bidali duzun estekan jasotako informazioaren jatorria Swiss Policy Research think tank-a da. Konspirazio teoria ugari, eta oinarri zientifikorik gabeko eduki ugari. Zientzia gutxi SPRS.ORG-en.
    ZIUCI-rekin erabat ados.

  • Hauek ere pseudozientifikoaok al dira? Hona hemen “Great Barringtonen” adierazpena, milaka zientzialarik babestua eta sinatua. Herritaren aurka hartutako neurri basati, kalkulatu eta aldez aurretik pentsatuak indargabetzen dituena. Uste dut honek ere ez dizuela balio eta negazionismoan ainguratuta jarraituko duzuela.
    https://www.consalud.es/pacientes/especial-coronavirus/declaracion-great-barrington-miles-cientificos-pronuncian-confinamientos_86508_102.html

    • Egia Zabala 2020-11-13 20:10

      Milaka zientzialari horien artean “Profesor Bacterio” eta “Doctor Mengele” daude. Eta gero espiritista batzuk.

  • Freud, plazaratu duzun lehen irakurgaiak ematen du zer pentsatua. Ematen du zer pentsatua informazio bilketa hori egin duen pertsona/taldea nor den ez jakiteak. Ematen du zer pentsatua hasiera hasieratik antzematen zaion kontzeptuen erabilera lerratuak ere, hala nola mortalidade/letalidade kontzeptuen erabilerak. Ematen du zer pentsatua grafikoren batean ageri den lerro zuzen-zuzenen batek ere. Eta argi asko dago cherry picking lan handia egin dutela kontakizun bat egiteko. Ez dago gaizki, dena den, DMax-en jartzeko.
    Bigarrena kontu serioagoa da; baina edonork sinatu dezake, zientzialari izan edo zientzialari usteko izan (lehen bederen, ez dakit dagoeneko iragazkirik jarri duten). Bestalde, seinalatzen duten bidea ere halamoduzkoa da, eta ez dakit oraingoa baino hobea den.

  • Ez dakit pseudozientifikoak diren edo ez, ez dut beste hark Ulrike Butzen haize fresko horrena desmuntatzeko egin duen ikerketarik egin(go).

    Demagun zientzialariak direla, ados. Beti egongo da eztabaida zientzian, zorionez, eta lehen ere esana dut estrategiak eztabaida daitezkeela eta dudarik gabe zientzialariak horretan dabiltzala azken hilebateetan. Eta estrategia GUZTIEk dituztela alde txarrak, jakina, nola ez.

    Hala ere, zuk jarritako artikuluaren amaieran bertan argi ikusten da adibidez zer pasatu den Suedian (artikulua urrikoa da, eta ordundik hilabete pasatu da, eta gauza dezente gehiago), eta esaten da era berean OMSren eta, beraz, zientziaren ildo nagusiaren iritzia eta estrategia (guztiz konfinamenduen eta mugimendu urritzeen aldekoa).

    PD: konfinamenduak arindu eta talde immunitatearen aldeko estrategia hartuko balute gobernuek eta OMSek, pentsalari libreek esango lukete (esan dute makina bat aldiz, egia esan) hau dena mundua jendez “garbitzeko” plan bat dela, eta zaharrak eta txiroak diezmatzeko plan berria dela. Azken batean, esplikazio paraleloak bilatzen dituena beti da garaile eta beti du egia, zu baino leituagoa delako.

  • Baina freud, Great Barringtoneko deklarazioaren sustatzaile Martin Kulldorff-ek ere badio “omen den birusa “berria” ez dago zentrifugatua, ezta depuratua, ezta sekuentziatuta bere %70ean”, zuk esan bezala?

    Hara, gauza bat da gaitzaren aurka egiteko hartu diren neurriak kritikatzea, eta egoki da hori, eta bestea, zu hasi zaren bezala egia ez diren kontuak zabaltzea. Dena zaku berean sartzea, kritika zilegia eta zientziaren ukazioa, ez da egoki. Gezurretan ibiltzea da.

  • Desinformazio masiboko komunikabideek diotena eta doktore batek erantzunten duena.
    Esaidazu Ba Ote! Gezurrez ari garela…. Nor dira gezurrak esaten dituztenak?
    https://www.rtve.es/m/alacarta/videos/la-manana/doctor-benido-coronavirus-manana/5646142/?media=tve&fbclid=IwAR3wknFfgkdO9eCYyCS06xrkIu4XQ4kOt60BECQVJPgw4D4ToR5LmcksWfs

    • Egia Zabala 2020-11-13 20:12

      Baina hori argitaratu du? Ze telebistan ere Rappel agertzen zen lehen.

  • Desinformazio masiboko medio batean ateratzen den MADRILgo tipo bat jarri behar diguzu?
    Freud, ez duzu osasun-sisteman lan egiten duen senitarteko edo lagunik? benetan?
    Ez dizute esan nola doazen ZIU plazak esponentzialki igotzen? ez dizute esan nola ari diren planta berriak prestatzen?
    Konfinamenduak jarraitzen badu, jaitsiko dira (espero dut)… baina, benetan, kutsatzeak, ospitalizazioak esponentzialki gora zijoazela gezurra dela uste duzu?
    Bideo link batean Madrilgo mediku bati kaso egiten horrenbeste denbora pasa ordez, zergatik ez zoaz zure herriko ospitalera mediku eta erizainekin hitz egitera?

  • Honekin batera bakoitza bere trintxeran. Zoriontsu izan zaitezten eta zuen politikoarengan konfiantza osoa izan, zuen segurtasuna zaintzeko daudela eta….

    • Egia Zabala 2020-11-13 20:12

      Zein da zure proposamena, Tolosatik 180 kilometro ordukora joatea edo segurtasunaren trintxera bat egitea?

  • Ez, ez dut politikoengan batere federik. Baina segi lasai besteez horrela pentsatzen zure trintxeran.
    Aio.
    (oraindik ez dut ulertu askatasun kolektiboarena, eta horrek norbanakoaren askatasunean duen eraginarena, baina tira, aio).