Zer ote?

images2.jpg

Joan zen mendeko 70 hamarkadatik gaurdaino, ehunka eta milaka plater “berri” jatea egokitu zait. Sukaldarien “sortu beharrak” loratutako platerak ziren haiek eta, langintzaren fortunaz, handienetarik egokitu izan zaizkit. Baina non dira plater haiek? Non geratu dira? 80,90,2000 urteetan egiten ziren plater “zoragarri” haiek gaur mahai gainean jarriko bagenitu, ikuskizuna patetikoa litzateke seguruenera. Zenbat plater salbatzen dira haietatik geure ondarerako? Lau? Zazpi? Gaur bertan ere, liluratu egiten gaituzte proposamen berrienek: apar eta aireeek, plater minimalistek, jaki dekonstruituek, atomizatuek… Baina nola ikusiko ditugu horiek guztiak hamar urte barru? Ez ote zaizkigu patetikoak irudituko?

Aldiz, pil-pilean egindako bakailao batek, tintatan jarritako txipiroi batzuek, ongi erretako okela zati batek… gozamena emango digu hemendik hamar urte barru, eta mila barru ere bai. Non ote dago kakoa? Zergatik ez dira proposamen berri hauek guztiak marmitako on baten alturara igoko? Zergatik ez dute urteetan iraungo arrain zopa bikain baten alboan?

(Gaia maite baduzu,  gehiago dago gaztelaniazko gure blogean)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Zer ote?”-ri buruz

  • Literaturaz ari zinen, ezta?

    “Zenbat liburu salbatzen dira haietatik geure ondarerako? Lau? Zazpi? Gaur bertan ere, liluratu egiten gaituzte proposamen berrienek: apar eta posmoderno-aireek, elkarrizketa minimalistek, deskripzio dekonstruituek, atomizatuek… Baina nola ikusiko ditugu horiek guztiak hamar urte barru? Ez ote zaizkigu patetikoak irudituko?

    Aldiz, pil-pilean egindako nobela batek, tintatan jarritako poema batzuek, ongi erretako ipuin batek… gozamena emango digu hemendik hamar urte barru, eta mila barru ere bai. Non ote dago kakoa? Zergatik ez dira proposamen berri hauek guztiak Dylan Thomasen alturara igoko? Zergatik ez dute urteetan iraungo Txekhoven alboan?

    http://taperwarekolektiboa.blogspot.com/