Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte!

Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte! –

Gure ekintzek, gurariek, esanek, epaiek…zuzentasuna izan beharko lukete gidari. Horraino denok ados, seguru asko. Dena den, luze joko genuke zer den delako zuzentasun hori azaldu edo zedarritu nahian…orduak eta egunak joango litzaizkiguke eta, urren, ziurrenik ikusiko genuke den-denok, edo agian are nor bakoitzak ere, asebeteko duen proposamenik ez dugula inondik aurkituko. Ikuspegi etiko, filosofiko, politiko, erlijioso, kultural askok eta askok dihardute lehian zeinek baino zeinek arrazoi pisutsuagoa geure erabakien zuzentasuna ebazte aldera. Ur sakonak, dena den, eta igeri egiteko asmo handirik ez nire partetik behintzat.

Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte!

Dena den, sakonera handiko auzi horretara gabe, bai ausartuko nintzateke ni minimum minimorum bat ateratzera gure erabakien gaineko balizko zuzentasunari dagokionean. Izan ere, eta ikuspegiak ikuspegi, badugu denok zerbait komunean, irizpidetxo bat-edoren-bat partekatzen duguna, gure erabakien egokitasun maila epaitze aldera; neurriarena. Gauzei tamaina hartu behar zaie; egiten dugun dena delakoa, hau edo beste izan, onuragarria izanda ere, tamainan egin beharko genuke. Aipatu konbikzio hau oso gurea dela, oso barneratua dugula, oso kulturala ere, esan genezake. Aristoteles jakintsuak jada tamalez arinkeri eta topiko bilakarazi dugun zerako hau zioskun: gizakiak zuzen aukeratzen duela baldin-eta ekintza orotan gehiegikeria zein gutxiegikeria saihesten badu; erdibidean ulertu uste zuen bertutea Aristotelesek, zeinahi ere zen aztertzen zuen giza-kualitatea, izan ausardia, izan eskuzabaltasuna, zuhurtzia… Alde horretatik, oso aristotelesiar garela esan ere esan genezake, mirariz edo “zientzia infusaz” balitz ere, ondo jakinda gaurko egunean gehien-gehienek Aristotelesetik deusik ere jakin, ez dakitela.

Nago, dena den, neurritasunerako jaugin hori kultur edo pentsamenduzko iturri honetatik edo hartatik edan bainoago, hori bainoago, sen-senezkoa dugula. Eta sen-joerazkoa ez bageneuka, hala ez balitz, sikiera ibiltzearen ibiltzez pilatutako eskarmentuak, norberarenak zein gizarte-mailan partekatuak, hala agindu-iradokita dugula uste dut nik. Izan ere, gauza guztietan neurri bat dagoela, tamaina bat, nekez daki umetxo batek, ez eta oraindik gazte den batek ere. Helduek, zaharrek, aldiz, ondo ere ondo dakite hori, maiz askotxotan atzentzen bazaie ere. Jan-edanean, gimnasian, bakardadean, lagun batekin joaten zaigun denbora-tartean, kalean egotean, etxezulo izatean…denak du bere neurria, bere tamaina. Are, berez, eta bere-berean, ona baino ez dirudien urak, gehiegi hartuta, ito.

Hor mugitzen omen zaigu bizitzaren gakoa, tamaina delako horren bueltan. “Dena tamaina kontua dela” dugu agian urtetsuen ahotik gehien entzundako irakaspenetariko bat-edo.

Tamaina eta neurriaren diktadurak ez du inoiz atsedenik hartzen. Izan ere, honaino esandakoa esanda, baliabideetan, jan-edan edo hartu-kontsumitutakoan, ekintzetan, desiretan, emozioetan…tamaina delako horren esanari kontu egin behar zaiola onar dezakegu; bitarteko diren horietan guztiorietan (alegia, horien erasanez gure ondorengo egoerarako bitartekoak diren aldetik) neurriaren, tamainaren, diktadurarekin etsia har dezakegu. Horraino, bale. Baina tamainaren diktadura hain dugu unibertsala, hain dugu gupidagabe eta orohartzailea, are gure ongizatearen mailari ere hesi jartzen dion. Ez da soil-soilik, gure on-beharrez, honetan edo hartan, hau edo beste egiten, neurritsu izan beharko ginatekeenik, ez, areago ere, gure ongizatean, ondo egoten, gustura egoten, disfrutatzen, zoriontsu izaten… ere tamainarako deiak ez du atsedenik hartzen. Hortik dator, hortaz, gure zenbait eta zenbait herritan, modu batera edo bestera hitzetaratuta, hain sarri entzundako honako hauxe:

Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte!

Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte! Zer moduz? Ondo! Hobeto kalte!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude