Udako mamuak

Lekittoko "Salbaje" hondartza
Lekittoko "Salbaje" hondartza, Iraitz Madariaga

Iritsi da uda lagunok!

Eguzkia, hondartza, gau epelak, aspaldiko lagunak…

Udak dakartzan gauza gehienak onak dira, baina mamuak ere badakartza berarekin, eta ez ezkutuan gainera, oso bistan. Konplexuei buruz ari naiz, hain zuzen ere, konplexuen mamuez. Eguzkiarekin batera hedabideetan era masibo batetan saldu nahi izaten dizkiguten produktu guztiei esker sortzen dizkigutenak. Argaltzeko produktuak, zelulitisa gutxiagotzeko kremak, beltzaran jartzeko pilulak…Baita begien kolorea aldatzen duten lentilak ere!! Hau zoramena…

Zergatik izan behar dugu hedabideek inposatzen diguten itxura? Zergatik ez onartu zelulitisa daukagula, edo eta zuriak garela? Zergatik izan behar gara beste batzuek nahi duten bezalakoak?
Aitortu beharra daukat, eta egia da, niri ere agertzen zaizkidala mamu horiek uda hasten denean, baina gutxi irauten  dute nigan, dzi-dza (oso arin) uxatzen baititut. Nire gurasoek eta inguruko jendeak zerbait irakatsi badidate ni neu nazen modukoa maitatzen izan da, ni eta baita inguruan dauzkadanak ere, eta hori da egin behar duguna, gure burua den bezala onartu.

Zertarako balio du, bada, fisikoki guzti hori izateak barruan ezertxo ere ez badaukazu?

Ispiluaren aurrean bilusik jarri eta geure buruari edonondik edozein akats ateratzeko gai gara, ez dagoen lekuan ere zerbait itxusia aurkitzeko…Ile kizkurra daukagula? Ile lisoa nahi dugu…Begi marroiak ditugula? Berdeak nahiago…Bakoitza den bezalakoa da, ze arraio?

Nik uste mota horretako iragarkiak egotea ez dago gaizki, benetan horrelako produktuak  behar dituztenei lagundu egiten baitie, baina produktu horiek iragartzeko era ez da beti zuzena izaten. Lehenengo eta behin, saltzeko perfektuak diren modeloez baliatzen dira askotan, eta horrek ez dauka zentzurik, horiek ez baitaukate horren behar izanik. Neska lirain, luze, argal eta neurri perfektudun batek produktu hori iragartzerakoan haren modura jarriko direla sinestarazten die batzuei, eta hori iruzurra da, jendea engainatzea…

Horrek jendea den bezalakoa ez onartzera eramaten gaitu askotan, zelulitisdun norbait ikusi eta haren inguruan zerbait esatera. Gaur egun normalak diren gauzak kritikatzera, zergatik? Hori itsusia edo onartezina dela irakasten baitigute medioek.

Has gaitezen, bada, lehenik eta behin gureak eta gero besteen “””defektuak””” onartzen, denok perfektuak izango bagina (ezinezkoa den zerbait) mundu hau aspergarria litzateke eta.

Gora barne-edertasuna!!

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara