Eguzkia hauatu eta galdu.

Argazkiak ateratzea erabakiak hartzea da. Klik egin haurretik non jarri aukeratu beharra dago, ze optika erabili eta abiadura/diafragma erlazioa erabaki, eta horrek argazkia erabat baldintzatuko du, unean aldatzeko aukera batzuk sortzen badira ere.

Igandean, txirrindulariek errepideko Euskadiko Txapelketa zeukaten jokoan, Zizurkil eta Villabona artean osatutako hiri zirkuitu batean. Nik elite mailako karreristen bukaerako argazkia ateratzeko enkargoa nuen. Helmugara iritsi, errepidea behatu eta erabaki zehatz bat hartu beharraz jabetu nintzen. Eguerdiko hamabiak ziren, eguzkia, ia goi-goian eta errepidea ezker eskuin banatzen zuen lerro luze bat zegoen. Ez zuen errepide erdiko zirkulazio marra jarraia errespetatzen, baina ia. Ezkerreko aldea eguzki argitan zegoen baina eskubikoa gerizpean. Bi aldeak neurtu nituen eta eguzkipekoak 2,8 irekierarekin 3.200eko abiadura ematen bazuen, itzalpekoak irekiera berarekin 400ekoa ematen zidan.

Apustua egin beharra zegoen. Eguzkiak jotzen zuen alderako prestatu eta itzaletik sartzen bazen, beltz-beltza geratuko zen, itzalerako prestatu eta eguzkitik sartuz gero kiskalita eta dena jan nahiagatik bien arteko zerbait aukeratzekotan, kaka zaharra, apusturik ez egiteak gehienetan dakarrena.

Aurreko itzulian nondik igaro ziren ikusi eta eguzkirako aukera egitea deliberatu nuen. Handik zebilen beste argazkilari batek itzala aukeratu zuen. Hamabiak eta hogei paseak zirela, han azaldu zen Eneritz Iturriaga, bakar-bakarrik eguzkiak gogorren jotzen zuen aldetik, -asmatu diat- pentsatu nuen, baina helmugara hurbiltzen zihoan heinean, errepidearen erdialderuntz jo eta gerizpean sartzen hasi zen eta azkenik ia gorputz osoa itzalpean zuela sartu zen helmugara. Guzi honek ez zuen 3 segundo baino gehiago iraun eta nik, abiadura aldatzeko aukerarik gabe klik eta klik egin nuen. -Hitan erditu zunan ama! ta nik nola arraio salbatuko diat hau?- Kamera begi paretik kendu, egindakoa ikusteko botoiari eman eta- hemendik argitaratzeko moduko zerbait atera behar diat ba!- bota nion neure buruari.

Etxera iritsi, argazkia zabaldu, ilunak upatu, argiak jaitsi eta argazki bat bidali nuen. Apusturik egin izan ez banu atera nezakeenaren antzeko argazkia. Gorago idatzi dut neure ustea argazki horietaz, ez dut berriro errepikatuko, baina bestela defenditua izateko hitz gehitxo behar zituen argazkia litzateke eta ez nuen inorekin diskutitzeko gogorik; Hurrengoan itzaletan jarriko naiz, horrela gutxienez kopetatik bera jausten zitzaidan izerdia ekidingo dut.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.