1001 Medios, kazetaritzaren laborategia

Joan den astean Javier Barrera ezagutu nuen EITBk antolatu zuen Nonick Conferencen baitan. Kazetaria eta 1001 Medios kazetaritzaren laborategiko sortzailea da, donostiarra sortzez, baina Granadan bizi. Eman zuen tailerrean izan nintzen, baina egia erran gure arteko eztabaida askoz ere eraginkorragoa izan zen afal ondoko egonaldian. 1001 Mediosen kazetaritza dute aztergai, eta horretaz aritu ginen, gaurko kazetaritzaren egoeraz eta balizko etorkizunaz alegia.

Ezaguna da interneten garapenak aldaketa sakonak ekarri dituela kazetaritzaren munduan, baina 1001 Mediosen hausnarketa oraindik haratago eramaten dute, eta gaia teknologia berriekin (Smartphonak, tabletak, ordenagailu eramankorrak, aplikazioak, etab.) eta komunikatzeko era horizontalarekin lotzen (Sare sozialak, plataformak, etab.).

Bere ideia azaltzeko ortzadar baten irudia hartu zuen Barrerak, zazpi kolore, zazpi oinarri. The rainbow web

  1. Erredakzio lisergikoak : Gaur egun komunikabide baten bihotza erredakzioan datza oraindik. Kazetariak bertatik lan egiten du. Kalera ateratzen bada ere, erredakziora itzultzen da jasotako informaziori forma emateko. Lan egiteko modu hori zalantzan jartzen du Barrerak, eta « lainoetan » izanen zen erredakzio bat planteatzen du. Kazetariak, alegia, ez luke erredakziora joan beharko eta informazioa dagoen lekutik edo etxetik landuko luke, jorratu beharreko gaiaren arabera.
  2. Kontaketa era berriak : Lehenago kazetari batek gertatu zena kontatzen zuen, orain ordea, gertatzen ari dena kontatzen du. Eta irakurle edo entzuleak gauza bera bilatzen du. Neurri handi batean ez da gehiago interneten sartzen gertatu dena jakiteko, baizik eta gertatzen ari dena jakiteko. Entzulegoak informazioa jasotzen du kazetariak jaso bezain azkar.
  3. Entzule eta irakurleak : Tradizionalki, telebista, irratia eta papera izan dira informazioa zabaltzeko azpiegiturak. Gaur egun, ordea, internetari esker beste asko gehitu dira, blogak, web orriak, web orri irekiak, forumak, sare sozialak eta audioentzako, argazkientzako eta bideoentzako plataformak, besteak beste. Bakoitzak bere kontaketa era dauka, eta uztartu daitezke bat besteekin. Barreraren ustez, kazetariak gai izan beharko luke kontakera era egokia aukeratzeko informazioa zuzenduta dagoen entzulearen arabera.
  4. Tresnak : Gaur egun asko dira mugikortasuna eta kazetaritzaren lana errazten dituzten tresnak (Smartphonak, tabletak, ordenagailu eramankorrak, modem USBak, ediziorako aplikazioak eta plataformak besteak beste). Asko dira eta kalitate nahiko bermatzen dute kazetariak lan txukun bat egin ahal izateko.
  5. Jarrerak : Guzti horretan kazetarien jarrerak garrantzi handia dauka, edozein lanbideetan bezala azkenean. Betiko lan egiteko modua aldatzeko prest egon behar du, baina baita orain arte informazioak izan duen ibilbide hierarkikoa apurtzeko ere. Orain arte kazetariak informazioa jasotzen zuen, eta landu ondoren, entzulegoari igortzen zion. Gaur egun, ordea eskema aldatu egin da. Kazetariak jarraitzen du informazio jasotzen, baina entzulegoak erabakitzen du berriari oihartzun gehiago emanen ote dion, bere sare sozialetan konpartituz eta kritika, iruzkin edo zehaztasun bat gehituz.
  6. Tresna sozialak : Bosgarren puntuan aipatutako horizontaltasun hori ahalbideratzeko ezinbestekoa da tresna sozialak egituratuak izatea, Twitterren, Facebooken eta Berriketanen adibidez, komunitate digital bat osatzea.
  7. Emaitzen azterketa : Komunikabide tradizionaletan neurketa gutxi gora beherazkoa izaten da. Interneten aldiz, neurketa askoz ere zehatzagoa da, eta kazetariak jakin dezake arrakasta izan duen ala ez, asmatu duen ala ez. Horri esker jakin dezake bide onetik ote doan, edo bere lan egiteko eran zuzenketak egin behar dituen ala ez.

Barrerak aipatutako zazpi puntu horiekin bat nator. Nire ustez, hortik doa kazetaritzaren etorkziuna. Baliabide gehiago eskatzen dituela ? Ez dut uste. Baliabideak beste era batera kudeatu beharko lirateke eta horrela lan egiteko joerak hartzen joan. Gaur arratsaldean Aurore Martin ezker abertzaleko kidearen atxiloketa saiakera horren adibide izan da sarean. Antolatu gabe zegoen modu batean bazen ere, informazioa ia-ia unean bertan iristen zen Twitterrera edo web orrietara. Baina zuzeneko kontaketa bat edo streamming bat faltan bota dut. Biharko egunkarian iraganeko informazioa izanen da albiste hori, sarean dabilen gizarte zati handi batentzat behintzat bai. Eta gainera zaila izanen da balio erantsia gehitzea, oinarrizkoa dagoeneko errana baitago sarean.

1001 medios, harriague, Javier Barrera, kazetaritza, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

2 pentsamendu “1001 Medios, kazetaritzaren laborategia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude