Titular bat

porta189.jpg

Gaurko Gara-ren titularra ikusgarria da oso: “No tenemos la menor duda de que una amplia mayoría de la sociedad vasca comparte el proyecto del Estado de Euskal Herria”. ETAko ordezkarien hitzak ei dira.

Alde askotatik azter liteke titular hau. Esaterako, “No tenemos la menor duda” esatea, izan liteke guztiz kontrakoaren sintoma psikologiko bat, zalantza badaezpadako batena, eta horregatik indartzen direla hitzak: nola eduki dezake batek hain garbi neurtu gabe dagoen kontu bat? Eta, gainera, hala balitz ere, alegia, euskal herritar gehienok euskal estatua nahi dugula egia izanda ere, hainbestekoa ote da aukera bateko eta bestekoen arteko aldea? “Amplia mayoría” hori hain segurra dela nola dakite?

Kontu kezkagarriena, hala ere, legitimazioarena da, ematen baitu balio absoluto bat dela “Amplia mayoría” hori. Gehiengoak hori nahi duelako, eta estatuek ez dutelako bideratzen uzten, ETAk zilegitasuna daukala ekinbiderako. Azken finean, ETAk ere, estatuek eurek erabiltzen duten arrazonamendu bera darabil “Mayoría” horretara jotzen duenean. Agian horrela beharko du, gainera, “Mayoría”k beharko du izan gure bizitza eta aukeren kategorizazioa arautzen duena. Ez dakit.

Kontua da, “Mayoría” hori balio nagusi ezinbestekoa dela sinesten duenak, gauza eta kontu guztietarako arau gisa erabili beharko lukeela. Ez duela balio norberaren ustearen alde denean bakarrik erabiltzea. Ez dela zuzena, ez dela etikoa. ETAk badaki, batere zalntzarik gabe eta aspalditik jakin ere —Bidarteko atxiloketak baino lehenagotik—, euskal gizartearen “Amplia mayoría” batek —oso “amplia” esango nuke, gainera—, bere desagerpena nahi duela. Areago, ETAk bezala, euskal burujabetza nahi dugunon “Amplia mayoría” batek ere, haren ekinbidea bertan behera geratzea nahi dugula, batez ere, partekatzen dugun helburuaren lorpenerako traba nagusienetakoa bera delako.

Beraz, alde bateko arrazonamendurako balio badu, besterako ere balio beza.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Titular bat”-ri buruz

  • …haren ekinbidea bertan behera geratzea nahi dugula, batez ere, partekatzen dugun helburuaren lorpena alde batera utziz, bizitzeko eskubidea delako gauza guztien gainetik dagoena. Bizidunok daukagun gauza bakarra bizitza baita, eta horren gainetik ez baikenezake ezer jar.

    Gora Euskadi estatu espainiarretik, frantziarretik, PNV-tik eta ETA-tik askatuta!

  • Erabat ados konatxe. Zer koño esan nahi du “amplia mayoría” horrek? Ez ahal da “mayoría” handiagoa ETA desagertzea nahi dugunona? Garako titularra ikusi eta tristetu egiten naiz, benetan. Ni hemengo (Londoneko) lagunei Euskal Herriko arazoa esplikatzeaz nazkatuta nago. Gainera nire azalpenetan zerbait falta dela pentsatzen hasiak dira; nolabait informazio inportanteren bat izkutatzen ari naizelako susmoa dute, batik-bat uler ezin dezaketelako (nik ere ulertzen ez dudan bezala) ETAren kontuak oraindik ere, 2008. urtean!, irautea. For fuck sake. Ez dakit, fundamentuzko zerbait esan nahi nuen eta frustazioa besterk ez dut sentitzen. Ezin dut sinetsi “benetako demokrazioa” eta autodeterminazioa defendatzeko armak erabiltzea zilegi dela esaten dutenak nola izan daitezkeen hain itxuak. Fundamentalismoaren (modan dagoen hitza) eragina? Eta hala bada, jabetzen ote gara horrela dela? Borroka armatua irtenbide posible bezela ikusten dutenek estrategia horren etekinak zeintzuk diren jakin beharko lukete, begi bistakoak baitira. Zergatik bide horetatik jarraitu inora ez daramala argi baino argiago dagoenean. Ziur naiz Clausewitz berak ere argi izango lukeela, egungo egoera ikusita, estrategia militar hoberena armak errekara botatzea dela. Borroka armatuak gauzak okertu besterik egiten ez dituenean zertarako borrokatu? Horra hor ETAren Catch-22 mingarria.

    Jon, ez dut uste Euskal Herriak “gora” egingo duenik aipatzen dituzun lotura horietatik askatasuz soilik. Nire iritziz arazoei bizkarra ematea da zuk planteatzen duzuna, inora ez daraman gorrotoan oinarritutako sasirtenbide bat besterik ez. Nik behintzat ez dut nahi Euskal Herria herrialde utopiko bat izan dadin, gure irudimenean euskaldun senti arazten gaituen asmakizuna. Berriro ere esango dut: nazkatuta nago honetaz guztiaz. Berdin da nola arrazonatu, zer esan edo ez esan, edo nola esan, zeren bakoitzak berak nahi duen moduan ulertzen ditu gauzak. Besteen iritziei kasu ez egiteko darabilgun energia eta irudimena hobe litzateke beste ekintza probetxagarriagoren baten erabiliko bagenitu. Bakoitzak pentsa dezala zertan, badago non aukeratu eta.