Uzta arraroa
Buruz ari naiz, ezer begiratu gabe, baina, bai, euskal literaturari dagokionean, iazkoa uzta arraroa izan zela esan daiteke. Alde askotatik begiratuta, gainera. Alde batetik zurtz xamarrak sentitu baikara Atxaga eta Sarrionandiaren lanik gabe Durangon, nahiz eta, beste alde batetik, bi liburu batera argitaratu dituzten idazleak ere agertu diren bazterretatik. Horietako bi dira —dena binaka egite aldera—, Asier Serrano eta Felipe Juaristi.
Are bitxiagoa Mariasun Landak egin duena autobiografiari ekin dion honetan: gaztelaniaz idatzi, euskarara beste bati itzularazi eta biak batera plazaratu. Sekula halakorik ez gurean. Nik dakidala.
Nobelak ere dezente argitaratu dira, baina ez du inork erakutsi mugarri sekulakorik. Gehienak nobela laburren tankerakoak izan dira, zuzenak, egokiak, denbora ederki pasatzeko modukoak, heldutasun nolabaiteko bat erakusten dutenak… Esan nahi baita, jada ez duela inork gaizki idazten, ez, behintzat, iraganean ezagutu ditugun aberrazio horietakoak egiteko beste. Aipatu behar, nola ez, bai Andu Lertxundik eta bai Jokin Muñozek, nobela lodikoteak in stricto sensu idatzi dituztela. Esan nahi baita, bai lehenengoaren Ihes betea eta bai bigarrenaren Antzararen bidea, sekula baino nobelagoak gertatu direla. Kasurik nabarmenena Andurena, esperimentazioan hainbesteko bidea egin ondoren, hain ohikoa duen bere erregistro aldaketa batekin harritu gaitu, forma aldetik zuzena den lan bat eskaintzeko.
Poesian ondo xamar ibili gara, zenbait egile gazteri leku eginez, baina ezer nabarmentzekotan, Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanika hortxe dago, hainbeste urtean itxaroten egoteagatik, hutsik egiten ez duena. Otamendirengan dauka gaur, besteak beste, Lasa, Lete, Artze eta enparauen ahotsak jarraipena.
Agian, ordea, argitaratu diren liburuetan baino, argitaratu ez direnetan egon da koska aurten. Eta bi izen aipatzen jarraitzeko, Saizarbitoriaren nobela ez da iritsi, ohiturik gauzkan bere estilo zalantzatiaren kausaz seguru asko, eta ez eta ere Kirmen Uribek aspalditik esku artean duen hori. Lepoa jokatuko nuke, gainera, ondarrutarrarena baino lehen bistaratuko zaizkigula Aranbarrirenen bat eta Canoren besteren bat. Egia esan, itxaropen literario handiak jartzen dizkiot 2008 hasi berri honetako uztari.
Ezin ahaztu, halaber, bi kontu paralelo baina ez pisu gutxikoak hala ere. Bata da, Utikan manifestua, Euskadi Sariak dantzan jarriz batera, idazleen ezinegon bat erakutsi duena. Baina nik diot: noiz izan dira sariak ematen dituena bera ohoretzeko trikimailua baino? Eta, bigarrenez, Durangoko Azokari egin zaizkion kritika zorrotzak, euskal literaturari emandako liburuak gero eta baztertzenago dituela eta. Bere haurrak irensten dituen Jainko bat dela Durangokoa, alegia.
Eta honetan eta hartan joan zaigu urtea, halako uzta arraro batekin, gero eta normalagoak garela erakutsiz.
Hasier Etxeberria. El Mundo. 080105
Zehaztapen txiki bat, Hasier: “Ihes betea”, nik dakidala, 2006an argitaratu zen, amaiera aldean; izan ere, Anjel Lertxundik Durangoko azokan sinatu zidan ale bat, 2006ko abenduan.
Berria egunkariak liburuaren aurkezpenaren berri ematen du 2006ko abenduaren 5ean, hemen irakur daitekeen bezala:
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2006-12-05&orria=042&kont=009
Eta Noticias de Gipuzkoak honetan:
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2006/12/05/mirarte/cultura/d05cul66.402165.php
Jokin Muñozek data berberetsuetan aurkeztu zuen “Antzararen bidea”, baina 2007an:
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kultura&data=2007-12-01&orria=048&kont=450
Kaixo, Hasier:
Nik uste, generoka, iazkoa saiakerarena izan dela, eta ondotik ipuin laburrarena.