Kontraerranak

Kontraerranak –

Kontraerranak
Hibai Arbide. Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Tronu Dema telesaileko hirugarren denboraldian (oker ez banabil), Arya Stark-ek bere etsaien zerrenda errezitatzen du lokartu baino lehen. Maitasuna bezala, herra elikatu beharreko sentimendua baita. Aryaren antzera, nik ere zerrenda luzekara dut, baina gorrotoa nekagarria eta, egia aitortze aldera, ez bereziki osasungarria denez, aurten alde batera uzten saiatzeko asmoa nuen. Eta eginahal horretan ari nintzelarik, hara non etorri zaidan Kiko Amat liburutto batean etsaiak beharrezkoak direla aldarrikatzera.

Sarrera horrekin ez nuke ulertzea nahi Hibai Arbide nire zerrenda beltzean dagoenik, nahiz eta balitekeen han postu bat irabazi izana duela hiru urte izan nuen kalapita handian, eta nahiz eta balitekeen, orokorrean, Twitterren erabiltzen duen tonua batere ez gustatzea. Eta hala eta guziz ere, aitortu behar dut eredugarria iduritu zitzaidala atzoko Berrian Ukrainako gerlaz publikatu zuen artikulua: hasmentako analisian tronpatu zela aitzakiarik gabe aitortu ondotik –gutitan ikusten ditugu horrelako aitormenak–, gatazka bere konplexutasunean ulertzeko gonbit egin ez ezik, bere konplexutasunean ulertzeko datu batzuk ere ematen ditu. Jarrera, datuak, analisia: egokia iduritu zitzaidan den-dena, dogmatismotik urrun, benetako kontraerranak agerian utzita. Horrelako testu gehiago behar dugu.

Hona, beraz, nire gomendioa: irakur ezazue Arbideren testua; eta nire kontraerrana: ez nuke ulertzea nahi, zerrenda beltzean baldin bazegoen, handik atera denik.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 14koa]

Kontraerranak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

3 pentsamendu “Kontraerranak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-03-19 19:12

    Arbide, bere testuan, aurreiritziak haustea, aurretiko ondorioak berresten ez dituzten xehetasunak bilatzea, sakontzea eta halako balioen alde mintzo da. Hori arras ongi dago, batez ere kazetaritzan.

    Aldarrikapen hori egin ondoren, kazetaria honexekin dator: Hibai Arbidek, auskalo zenbat ahalegin inbertituz, Ukraina osoa arakatu du Errusiar armadaren kontra gerran dabilen talde txiki ezkertzale baten bila, baita aurkitu ere. Zertarako? “Frogatzeko” borrokan ez daudela naziak soilik; izan ere, antifak eta anarkistak ere ba omen daude. Erreportaia El Paísen argitaratu diote. https://elpais.com/videos/2022-03-16/anarquistas-ucranios-toman-las-armas-contra-la-invasion-rusa.html

    Norbaitek pentsa dezake Arbideren asmoa izan dela kosta ahala kosta estaltzea, nola edo hala erlatibizatzea, ukrainar naziek armadan eta estatu-aparatuetan pisu nabarmena daukatela.

    Siriako “errebeldeei” buruz eta Libiako “herri-altxamenduari” buruz gauza berdintsuak esan izan ditu, Alba Ricoren eskolatik: Ez, denak ez dira basati inpresentable batzuk, baita ere badago, adibidez, zera…

    Istorio honek ez dit Arbideri buruz neukan iritzia hobetzen, alegia, progre atlantista, tranposo eta zuri bat dela.

  • Amonamantangorri. Ni ez ez dauzkak kontabilizatuta zenbait ukraniar talde ezkertiarrak dauden Errusiaren aurkako gerran. Batzuk uzten duten baina gehiago, eta batez ere herritar arruntak, errusiar ofensiba oztopatzen ari direnak. Dena den, merezi du jakitea Putinen aldeko zenbait faxista dauden, hortaz oso gutxi hitz egiten baita. Hora hemen, Putin eta Faxismoa artikuluaren egillearen (Jean batou) erregistro bat:
    “Putinen Errusia, oligarkia kapitalista batek menderatutako estatu inperialista bat da, Estatuaren aparatuan oinarritzen dena. Bere boterea, batez ere, indar militarrean oinarritzen da, eta, horregatik, politika belizista bat garatzen du herrialde mugakideei dagokienez; izan ere, SESBren hondoratzetik onura atera izana leporatzen die, ehun urtetik gorako tutoretzatik askatzeko. Arrazismoak, antisemitismoak eta homofobiak leku garrantzitsua duten ideologia ultranazionalista oinarri hartuta, haien neo-kontserbadorismo autoritarioa benetako sinbolo bihurtu da Europako eskuin muturrarentzat.
    Ekialdeko Europan, Errusiako Federazioak eskuin muturreko sektore esanguratsuen babesa du: Bulgariako Ataka, Eslovakiako Alderdi Nazionala eta Hungariako Jobbik; Mendebaldean, Greziako Urrezko Egunsentiaren, Ingalaterrako BNPren, Alemaniako NPDren, Frantziako Front Nationalen, Austriako FPACen, Iparraldeko Ligaren eta Belangeko Indar Berriaren babesa du. Horien artean VOX ere.

  • Amonamantangorri 2022-03-23 00:54

    Ongi egon da Errusia hizpidera ekartzea, Ukrainaz ari ginela. Konforme.

    Geure pasaporteetan ageri diren bi estatuak NATOkideak dira. NATO gerra honetan Ukrainaren alde dago. Telebista piztea besterik ez daukagu horretaz ohartzeko.

    Ukrainak ere, ez du libreki eta subiranoki hautatu egokitu zaion lekua. Ez zuen libre eta subiranoki hautatu Errusiatik aldendu eta EB eta Natora hurbiltzea. Milioika dolar, ofizialki, Maidaneko golpea finantzatzeko; milioika dolar, ofizialki, 2014tik dirauen gerrari eusteko.

    Beraz, barkatuko didazu, Bikila estimatua, NATOren meneko hedabide batek halako erreportaia bat argitaratzean, neronek behintzat mesfidantzaz hartzea.

    Kristo geopolitiko honen barruan, ukrainiar taldetxo “antiautoritario” batek zenbateko pisua edukiko ote du? Barkatuko didazue hauen eragina eskasa dela pentsatzen badut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude