Hitz-orduak bizi gaitu

Egun denak du bere data, eguna eta ordua. Hitz-orduak bizi gaitu. Dena antolatu eta arautzeko premia dugu, baita aisialdirako daukagun tarte eskasa ere. Gaur arratsaldean, aspaldi ikusten ez nituen lagun batzuekin egin dut topo kiroldegiko atean. Zertxobait harritu nau haiek bertan ikusteak, kirolarekiko ezagutu izan diedan grina bakarra Athleticen partidak taberna zuloan ikustearena izan bait da. Hala ere, profesionalak bailiran zihoazen jantzita, kirol-dendako maniki osoa soinean zeramatela. Zertaz mozorrotu diren galdetu diet, txantxetan, baina txantxari erreparatu beharrean haien abenturen berri ematen hasi zatzaizkit, ulertu ez dudan hizkuntza batean: Stretching-a egiten du batak, Aqua Gym-a besteak, body cicle-ak ez ei du parekorik…

Ni zertan naizen galdetu didatenean xalo-xalo erantzun diet, ia lotsatuta: euriak kanpoko tenis zelaiak busti dituenez zelai estalia alokatu beharko dudala. Erdeinuz begiratu naute. Tenisa? Tenisa?!!! Padela balitz, sikieran. Momentu horretan gogoratu naiz zergatik ez dudan haiekin sarriago egoteko lanik hartzen: azken modan egoteko behar aseezina duten pertsonak psikopata samarrak izan ohi dira, eta horretatik izaten dut nahikoa eta sobera futbolaren inguruko munduarekin.

Agurtu baino lehen, ordea, noizbait elkarrekin trago batzuk hartzeko promes hutsalak egin ditugu ( larunbat gauez, eta euren bikotekideak neskekin dauden batean, noski). Hori (batez) ere araututa dago. Barrurantz jo dute. So gelditu natzaie. Gixajoak. Beste guztion antzera hil behar dutela jakingo balute! Horra hor nahita ere hautsi ezin daitekeen araua. Bitartean, badaukagu Stretching-a, seietatik zortzietara, astean bitan. Body Cicle-ak parekorik ez duela ahaztu gabe.

(Arrigorriaga gaur-en argitaratzekoa)

MARTITZENA 13