Hikikomori

Hikikomori –

Hikikomori
Arg: Francesco Jodice

Japonierazko hikikomori hitzak esan nahi du nork bere burua isolatzea nahita. Hikikomori sindromea pairatzen duenak bere burua baztertzen du gizartetik, bere etxean, are bere gelan sartuta eta gizartearekiko harreman oro etenda.

Hikikomori sindromeari ez ezik gaixotasun hori sufritzen duenari deitzeko ere erabiltzen den hitza da; hikikomori-a  gaztea izaten da, egunez lo egiten du bere gelatik irten gabe, inolako harremanik izan gabe senide eta lagunekin; gauez, aldiz, telebistari begira  edo bideo-jokoetan aritzen da bere baitan bildurik, bertan goxo. Pandemiaren ondorioz etxera-aldia ezarri zitzaigun, eta bada behin etxean laketuta etxean gelditu dena bertatik atera gabe, bertan goxo.

Holakorik egonen da, ez dut dudarik, eta eritasun hori sufritzen dutenak artatu behar dira, sendatu eta sendotu arte. Baina, bestalde, ikusita nola egoten diren Iruñeko Alde Zaharreko kale batzuk, gazte jendez beteta, parrandarako gogoz enpo, biharamunik ez balego bezala, bihar egunak argituko beharko ez balu bezala.

Ez dakidana da bestarako gogo ikaragarri hori izendatzeko japonierazko hitzik ote dagoen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko maiatzaren 31koa]

Hikikomori

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Zer duzu buruan “Hikikomori”-ri buruz

  • Alferrik bilatuko duzu japonieraz ezin ase besta/farra grina hori adierazteko hitzaren bat, anomalia hori bertakoa dugu,nere proposamena basurdeen sukarra edo holako zerbait izanen zen