Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta

Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta –

Animaliak beti izan dira euskal iruditeriaren iturri, eta horien itxuran, izaeran eta ezaugarrietan oinarriturik, hamaika irain sortu dugu. Urdea, zakurra, zerria, astoa, sugea, txoria, apoa, putrea…, dira iraintzeko orduan gehienbat erabiltzen ditugunak, baina katua, ahuntza, zizarea, kurkuilua, ahatea, akerra, lapa, bixigua, legatza, zomorroa… eta beste horrelako anitz ahantzi gabe.

Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta

Animaliak gure iruditerian modu askotan agertzen dira, eta horiek denak sakon aztertu beharko genituzke. Nik oraingoan, bakar-bakarrik ekarpen xumea egiten dut, animaliek gure irainetan duten erranahia edota erabilera aztertzean.

Animalia eta abere hitz berberak irain gisa erabiltzen ditugu, pertsona basa, salbai, hezigabe edota beren indar handia neurtzen ez dakitenekin. Adb: animalia, abere, animalipuska, aberepuska…. Eta badira animalien hainbat atal, sexuarekin lotzen ditugunak eta iraintzeko darabilzkigunak. Adibidez:

  • Adarra. Gizonaren zakilarekin lotzen dugu eta irain anitz sortzen ditugu osagai horrekin. Ikus ditzagun: adardun, adarmotz, adarrandi, adarrastu, adarustel, adarzorrotz, adarpronto…
  • Buztana. Hau ere gizonaren zakilarekin lotzen dugu, eta irainak sortzeko iturri aberatsa dugu. Ikus dezagun: buztanandi, buztangabe, buztanluze, buztanmotz, buztanzorrotz, buztanbihurri, buztanoker, buztanustel…
  • Isatsa. Hau ere zakilarekin lotzen dugu. Adibidez: isatsandi, isatsgabe, isatzmotz, isatsbihurri…
  • Errapea. Emakumearen bularrekin lotzen dugu. Adb: errapeder, errapegalanta, errapegoxo, errapetrixte, errapezirtzil… 

Haatik, irain gehien-gehienak animalien izenak erabiliz sortzen dira. Badugu zerrenda luzea, eta zerrenda horretan animaliek euskaldunon iruditerian duten tokia garbi agertzen da. Horratx:

Ahatea, pirua…  Bere zangoak dira, gehienbat, euskal iruditerian sartu den osagaia, irringarri gisa. Horrela ahatezango erraten zaio oin lauak dituenari.

Ahuntza. Animalia hau bihurria eta jostakina da euskaldunen artean. Bere bizarra da gehienbat aipagai hartzen dena. Honela bizardunei ahuntz-bizar eta horrelakoak erraten zaie. Ahuntz-zahar ere maiz entzuten da, bizardunak modu irringarrian deitzeko.

Akaina, laparra, kaparra…  Honela erraten zaie gure ondotik,ezin kendurik, dabiltzanak iraintzeko. Laparra baino okerragoa! eta horrelakoak oso ohikoak dira.

Akerra. Animalia adoretsuaren ikurra. Mutilei akerra erraten zaie eta neskei mariakerra.

Alkulunbrera, kukulumera. Zomorro edo marmutxa hegalari handi hau, baldarra eta geldoa ikusten dugu euskaldunok, horregatik ergelaren baliakide gisa erabiltzen dugu iraintzeko.

Apoa, zapoa… Animalia hau itsusia eta zikina ikusten dugu nonbait, eta anitz erabiltze da gure irainetan. Adb.- Apoustel, apozikin, apoziztrin, mariapo, zapaburu, zapozahar, zapogorri, umezapo…

Arraina. Iheskorra eta harrapagaitz gisa ikusten da, horregatik maleziaren edota maltzurkeriaren adierazpide moduan erabiltzen da gure irainetan. Zelako arraia haiz hi!  eta horrelakoak maiz entzuten dira.  Arrainzantar ere entzuten da, jende maltzurra aipatzean.

Arratoia. Ustela, zikina eta gaiztoak diren pertsonei erraten zaie. Adb.- arratoihandi, arratoiustel, arratoizikin…

Astoa. Hauxe da gure iruditerian gehien erabiltzen den animalietako bat. Zakarra, kaskagorra… adierazteko erabiltzen da gehienbat. Adb.- Astabuztan, astagizon, astokilo, astakilote, astakirten, astakorotx, astakume, astama, astapistola, astapito, astapitotx, astapotorro, astapotro, astaputz, astatipula, astotranka, astazakil, astobelarrihandi, astopistola, astozahar, astoziri, mariastoko…

Axuria, bildotsa, arkumea…  Ume alai eta jostakinei erraten zaie. Adb: Axuri ederra gure ttikia, beti jostaketan!

Azeria, lukia…  Maltzurkeria eta malezia adierazteko erabili izan da gure irainetan. Adb.- azerizahar, azerimutur, azerimaltzur, lukizahar, mariazeri…

Aztorea.  Goitik dena ikusten duen hegaztia, dena kontrolatzen duena. Horrelako pertsonei erraten zaie. Adb.- Hori duk aztorebegi, hori!

Barea. Barea animalia geldoa eta mugitzean lasai samarra denez, nolakotasun hori da gure irainetan agertzen dena. Batzuetan geldotasun hori ergelkeriarekin nahasten da.  Adb.- bare, barelerdako…

Basahuntza. Basa eta iheskorra. Adb.- Pello basahuntz samarra duk, beti mendian!

Basakatua. Animalia basa, hezigabea, baina libre bizi dena…  Horrelako pertsonekin erabiltzen da gure irainetan.

Basurdea. Euskal iruditerian, animalia basa, adoretsua eta beti aurre egiteko prest dena. Pertsona adoretsu eta borrokalariei erraten zaie.

Behia. Behia normalean emakumezkoekin erabiltzen da, eta hainbat kontu aipatzeko maiz entzuten dugu. Neska ederrak, errape ederrekoak… azaltzeko maiz erabiltzen da. Adb.- Behipuska, behierrape…  Negarti samar diren neskentzat behimarru entzuten da, eta sexurako joera handia dutenekin behisusa, behisusaldu… eta horrelakoak erabiltzen dira. Emakume zakarrei behizakar erraten zaie.

Behorra. Hau ere emakumezkoekin erabiltzen da. Animalia ederra, adoretsua, libre bizitzen dakiena… horrela ikusten dugu euskaldunok. Hori dela eta, neska ederrei behorpuska erraten zaie, Hori behorra, hori!  maiz entzuten da neska ederrak aipatzeko, eta neska adoretsuei , behortxo, maribehor… eta horrelakoak erraten zaizkie.

Belea. Beleak ez du toki onik hartzen gure iruditeria kolektiboan. Gaiztoa, zitala, bihozgabea, barrandaria, zurrumurruak zabaltzen dituena… horrela ikusten baitugu gure irainetan. Adb: belebeltz, belegaizto, beleustel, belemoko, belezikin, belezital…

Betizua. Betozko samarra, burumakurra, kaskagorra, basa eta hezikaitza. Horrela ikusten dugu.  Hori duk betizua, hori!

Bixigua, arroxela. Arrain honen begi handi eta adierazgabeak dira, gehienbat, euskaldunen arreta deitu dutena. Funtsik gabekoei erraten zaie: Hi bixigu, zer begiratzen duk!  Pertsona zozoei ere bixigubegi deitzen zaie.

Dortoka, apo armatua… Bere geldotasuna da irainetan aipatzen dena. Adb: dortokagalanta, dortokageldo, dortokahandi…

Eulia, elbia… Kalapitaren bila ibiltzen denari erraten zaio. Hemen zegok elbitxar hori! Euli hori beti kaka nahasten! Mandoeulia baino okerragoa haiz!

Erbia. Animalia hau bere mugimenduetan izugarri lasterra edo azkarra denez, horretarako erabiltzen dugu gure irainetan. Adb.- Hi haiz erbiazkarra, hi!

Erbinudea. Animalia honek ez du izen onik gure artean, eta horregatik pertsona gaizto samarrak, odolzaleak… iraintzeko erabiltzen dugu. Adb: Antton duk erbinude gaizto eta ustela!

Hontza. Gaueko hegazti hau arras loturik dugu gure iruditerian gaueko iluntasunarekin. Horregatik gautxori erraten diogu gauean parrandan dabilenari. Isila, begirale handia dela iruditzen zaigu, aski geldoa. Hori dela eta, hontza-pontza,, hüntza zaharra… eta horrelakoak erraten zaizkie  horrelako pertsona geldo eta begihandiei.

Idia: Pertsona indartsu, sendo baina halaber mantso direnei erraten zaie. Adb: Hori idipuska gure Joxe!

Kabusia. Arrain hau itsusia, ezdeusa… dela iruditzen zaigu, eta horrela, gure ustez,  ezertarako balio ez duten pertsonak iraintzeko erabiltzen dugu.

Kakalerdo, kakarraldo… Zomorro hau lerdo, alproja, funtsgabea… dela iruditzen zaigu, eta horrelako pertsonekin erabiltzen dugu. Adb: Kakalerdo, kakalerdako, kakarraldoustel… Horrelakoak entzuten dira: Kakalerdo halakoa, mugi hadi, bestela ez duk hire lana inoiz bukatuko!

Karñaba, gardantxiloa… Beti kantari ari denari erraten zaio.

Katua, gatua… Animalia honek askotarako ematen du. Zelatariei katabegi erraten zaie, bihozgabeei katagaizto, katamalo…, ezdeusei katatxilin, bibotedunei katabixar, ipurterrei katabuztan…

Kilkerra, txirrita. Beti hizketan edo blagan ari denari erraten zaio. Berritsu, kalakari edo berbalapikoaren baliokidea da, baina modu burlatian errana. Ixo txirrita hori! Isilduko al haiz kiker halakoa!

Kukua. Txori honek lapur, ebasle fama du eta horrelako pertsonei erraten zaie. Adb: Kukukabi horrek den-dena ebatsiko ziguk!

Kukusoa, arkakusoa…   Zirikatzaile eta zipoteroei erraten zaie.

Kurkuilua, barraskiloa, karakoila… Pertsona geldo eta lasai samarrei erraten zaie modu gutxiesgarrian. Hi haiz kurkuilua, hi!

Labezomorroa, kafarra… Itsusi eta gaiztoei erraten zaie. Nondik etorri haiz hi kafar mutur horrekin!

Lanperna. Batez ere, itsusitasuna adierazteko erabiltzen da. Adb: Mutil lanpernamoko hori! edo Horiek dituk lanpernamusuak! Itsusiak baino itsusiagoak! Besteak izorratzen ibiltzen denari lanpernazorri erraten zaio, eta lanpernazorro deusetarako balio ez duen pertsonari.

Lapa.  Gainetik kentzen ez zaigunari erraten diogu gehienbat, baina baditu bestelako erabilerak. Ikus ditzagun: lapajale, lapamerke pobre edota behartsuari erraten zaio eta lapazikin nesken gainean, zirri egin nahian, dabilen gizonezkoari.

Lapina, untxia…  Untxiaren bizarrak eta belarriak dira gehienbat erabiltzen ditugunak. Horratx: konejubixar edo lapinbixar mutil gaztetxoei erraten zaie eta lapinbelarri belarri handiak dituztenei.

Legatza. Kostaldean mozkorrari legatza deitzen zaio eta orohar mozkortiak iraintzeko erabiltzen da. Adb: legatzaundi, legatz-biltzaile…

Lupua. Zomorro hau gaiztakeria handiarekin lotzen dugu. Hori lupua baino okerragoa duk!  eta horrelakoak oso maiz entzuten dira. Gizonari lupugizon erraten zaio eta lupuandre emakumeari.

Makailua, bakalaua… Pertsona luzexka, argala eta graziarik gabeari erraten zaio.

Mandoa. Gure iruditerian indar handia duen animalia. Gehienbat indar zakarra eta bururik gabea adierazteko erabiltzen da. Irain ugari daude osagai honekin. Adb: mandoa, mandopuska, mandoipurdizakar, mandoko, mandotzar, mandozakar, mandozikin, mandoustel, marimandoko… Ez deusei mandolili erraten zaie.

Marraxoa, marrajoa. Pertsona gaizto eta iruzurtia.

Marroa, aharia… Pertsona adoretsua, aurre egiten duena, nahi duena lortzeko etsitzen ez duena. Ttotte marro handia duk, beti aitzina egiten dik!

Mika.  Txori honen lapur fama handia da Euskal Herri osoan. Lapur edo eskuluzeei horrelakoak erranen zaizkie: mikabegihandi, mikazahar…

Moxala. Mutiko lirain eta adoretsuei erraten zaie.

Mozoloa. Hontzarekin eta bestelako gautxoriekin batera, pertsona isilak, kopetilunak edo zomorro samarrei erraten zaie. Egin ezak barre, mozolo horrek!

Oilarra. Gure iruditerian harrokeriaren ikurra da. Harro eta harroputzei horrelakoak erraten zaizkie: oilar, oilar-harro, oilar-harrotu, oilarbuztan, oilargandor, oilartu, oilartxo… eta oilarmoko beti ozenki mintzatzen direnei.

Oiloa. Koldarkeriarekin lotzen da. Pertsona koldarrei horrelakoak erraten zaizkie: oilobusti, oiloandere, oilogizon, oilokoldar, oilolarru, oilotu… eta oilaloka harroturik eta soinu handia eginez ibiltzen denari.

Okila. Kikilduak iraintzeko erabiltzen da: okil,okilkikil, okildu… eta Zuberoan ükül edo ükülmontra kokolo edo txotxoloei erraten zaie.

Olagarroa. Eskua sartuz, zirriz egiten ibiltzen denari erraten zaio. Ken ezak esku hori nire hanka gainetik, olagarro horrek!

Orkatza. Animalia ederra, azkarra, libre bizi dena. Horrelako pertsonei  erraten zaie. Hi haiz orkatza, Bettiri!

Otsoa. Pertsona gaizto, bihozkabe eta zitalei erraten zaie. Adb: otsogalant, otsama, otsogaizto, otsoko, otsokume…

Pinpirina, pinpilinpauxa, tximeleta…  Bere edertasuna da gure iruditerian kontuan hartu duguna. Horregatik dotore janzten direnei pinpirintxo, pinpirina, pinpireder eta horrelakoak erraten zaizkie. Lorez lore, hau da, neskaz neska ibiltzen direnei tximeleta erraten zaie, eta baita iritziz maiz aldatzen dutenei ere. Adb.- Mikel tximeleta hutsa duk, gaur hau, bihar hori eta etzi hura!

Potrozorria. Jende nazkagarria, higuingarria. Gizonezkoei potrozorri erraten zaie eta potozorri emakumezkoei.

Putrea, saia…  Pertsona gaiztoa, zitala, ustela. Horrelakoak erabiltzen ditugu: putregaizto, putreustel, putremoko, putrehandi, putrezahar, putrezikin, saiustel, saizikin…

Sagua. Pobre edo behartsuei modu gutxiesgarrian sagujale erraten zaie.

Saguzarra, gauainara…  Gauarekin lotzen dugu. Gauez besta egiten dabilenari gautxori, gauainara  edo xaguxar deitzen diogu.

Satorra. Hainbat erabilera ematen diogu. Satorra dugu azpijanean, zerbait lortu nahian, isilean dabilenari erraten dioguna, satorjale behartsuei modu gutxiesgarrian, satorzorro ezdeusei eta satorzulo koldarrei.

Sugea. Hau da euskal iruditerian gaiztakeriaren pertsonifikazioa, irainak egiteko izugarri erabiltzen dena eta beti erranahi ezkorrarekin. Gaiztoa, zitala, faltsua, ustela, bihozgabea… omen dira suge osagaiarekin egiten diren irain guztiak. Sugea kalitu beharreko animalia da euskal usadioetan. Adb: sugeantza, sugegaizto, sugegorri, sugekanta, sugekume, sugelili, sugemihi, sugemihizto, sugemintzo, sugemusu, sugenarras, sugenarrasti, sugepozoin, sugetzar, sugeustel, sugezahar…

Tximinoa, tximua… Ez da gehiegi erabiltzen gure irainetan, baina agertzen delarik, pailazo edo ergelei erraten zaie. Adb: tximualena, tximinohandi…

Txoria.  Animalia honen itxura jostakina eta librea beti agertu da euskal irainetan. Gehinetan ergelei erraiteko irainetan: Txoribaina, txorikaka, txoriflauta, txoribuztan, txoriburu, txoriergel, trorikakatsu, txoripito, txorikokolo, txorileradko, txorimalo, txorimemelo, txoritxotxolo, txorizirin… …baina osagai honek baditu bestelako erranahiak ere. Ikus ditzagun:  dotore janzten direnei  txoripertxenta erraten zaie, kanpotarrei txoriarrotz, nerabeei txorikume, lapurrei  txorilapur,txoriharrapakari,  itsusiei txorimoko, txoriapo, lotiei txoriloti, baldarrei txoribaldar, txorizarpail, eta beti negarrez air direnei txorinegarti, txoritxiolari…. eta abar.

Urdea. Zerri eta txerri hitzekin gertatzen den bezala, animalia hau irainetan erabiltzen dugu zikina, lizuna, ustela … adierazteko. Askotan sexuarekin nahasirik. Adb: urdanga, ürdaina, urdangazikin, ürdardi, ürdaxka, urdetranka, urdezakil, urdezakilandi, urdezakilote… Bestetan pertsona lohia, zikina, ustela adierazteko erabiltzen dugu. Adb: urdezikin, urdeustel… Bestelako adierak ere baditu. Adibidez, ergelei urdelerdo, urdeergel, urdelerdako… erraten zaie.

Usapala, urtsapala… Gutxi erabiltzen da gure irainetan. Nik bakar-bakarrik usapalerrati ezagutzen dut, alde batetik bestera ibiltzen direnei errateko.

Zakurra, txakurra, orra…   Gezurra badirudi ere, eta ikusirik zein sarturik dagoen zakurra gure kulturan, artzaintzan eta baserrietan, adibidez, deigarria da zakurraren alde txarra bakar-bakarrik erabiltzen dugula nolakotasunak adierazteko orduan. Beti gaizto, desleial, zital… errateko erabiltzen dugu. Adb: orkume, zakurkume, txakurra, txakur amorratu, txakurgaizto, txakurmusu, txakurmutur, txakurmuturhandi, txakurpuska, txakurtxar, txakurtxulo, zakurdesleial, orkume… Baldar eta zakarrei zakurilar erraten zaie.

Zaldia. Hainbat adierarekin erabiltzen dugu. Mutil gazte, jostakin edo kokinei zaldibihurri erraten diegu, mutil ausartei zaldipotro, hezigabeei zalditxoro eta zakil handia duten mutilei zalditranka edota zaldizakil.

Zerria, txerria…  Izugarri erabiltzen dugu gure iruditerian. Irainetan maiz erabiltzen dugu eta gehienetan  pertsona lohiak, zikinak, ustelak… adierazteko. Adb: zerrikirats, zerrikorotx, zerrikume, zerrimukitsu, zerripotero, zerripuska, zerriustel, zerrizikin, zerriziztrin… Baina baditu adiera gehiago. Adibidez, sexurako grina adierazteko: zerriaketz, zerriapote, zerrizakil, zerrizakilandi, zerrizirri, zerrizirritsu…, pertsona ergelak iraintzeko: zerrialu, zerripitito, zerripito…., zirikatzaileei errateko: zerrizirika, jende gaizto eta bihozgabeari txerrimutur, txerrigaizto, zerrialena…   edota pertsona baldarrei: zerribaldar, zerritrakets, zerrizarpail, zerrizarpailote….

Zezena. Mutil edo gizonekin erabiltzen da, sendotasuna adierazteko. Adb: zezenko, zezenpuska…

Zikiroa.  Sexurako trebetasunik ez duten mutil edo gizonak iraintzeko erabiltzen da. Adb: zikirotriste, zikiratu…  Hi haiz zikiro, hi!  eta horrelakoak.

Zizarea, txitxarea… Hainbat adiera ditu gure irainetan. Pertsona argal eta luzexkei zizare erraten diegu, ezdeusei zizarebuztan eta pertsona faltsu eta ustelei: zizarezikin, zizareustel.

Zomorroa, mamutxa…  Adiera bakarra du gure irainetan: isil samarra, dena ikusi eta entzun egiten duena, baina gero isilka berea egiten duena, inori deus erran gabe. Kopetiluna, burumakurra, betizu samarra.

Zorria.  Anitz erabiltzen dugu gure irainetan eta hainbat adierarekin. Kosta ala kosta berea egin behar duenari zorri, zorrihandi, zorrizto, marizorri… erraten diogu, pertsona gaizto eta ustelei zorrigaizto, zorripotro, zorripotroso, zorritsu, zorriustel, zorrizital…., eta aberastu berri diren handinahiei zorripiztu edo zorrihilbiztu… erraten diegu.

Zozoa. Motel eta geldo direnekin erabiltzen dugu gehienbat: zozo, xoxo, zozote, xoxote…, baina ergelei zozoilo, zozotu… erraten diegu.

Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta  Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta  Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta  Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta 
Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta iatuta

Euskaltzalea eta irakasle-ohia