Eztabaida ezazue!

Agian izango da sinisten ez duenik, baina hala da: poza hartu dut Beñat Sarasolak Argian idatzitako artikulua eta ondorioz sortu den eztabaida irakurtzean.

Egonezin handia pizten da inguruko askorengan -halako liskarrak gertatzen direnean- gure artean noizbait ados jarriko ote garen kezkak ekarrita. Zenbaitek euskaldunen patua dela pentsatzen du ere: gure arteko borrokak gainetik jartzen duela banatzen gaituena elkartzen gaituena baino… “Betikoa. Eta nola eraikiko dugu ezer era horretan?”

Socratesen taldea cc-by-nc-nd: Pepius

Ni, berriz, pozten naiz. Banaiz kontziente eztabaida horretan eta antzekoetan antzematen diren zenbait kontuez: badakit batak besteari egiten dion kritikaren sustraian eduki emotiboa ere egongo dela, ez dela guztia arrazoi petoa izango, kritikak zerikusia ere izango duela batak duen bestearen ikuspegi subjektiboarekin (eta ezagutzen ez dudan auskalo zein aurreiritzirekin). Baina argudioak daude. Eta pentsamendua. Eta irizpide propioak. Eta diskurtso koherentea. Eta ideiekiko konpromisoa. Eskertzekoa da hori guztia hainbeste deklarazio huts eta tentel jasaten ohituta gauden garaian. Inoiz ez du onik ekarri pentsamendurik gabeko ekintzak. Inoiz ez da demokratikoa izan eztabaidarik gabeko demokrazia. Inoiz ez da sustatu libertatea pentsaera bakarretik.

Eskertzekoa eta poztekoa da, beraz. Poztu gaitezen 80. hamarkadako gurasook eta poztu gaitezen garai horretako irakasleok, ez baitugu, antza denez, hain gaizki egin. Lasaitu zaitezte gure gazteek beren ongizatea besterik ez dutela nahi uste duzuenak. Dena ez da hutsala. Bejondeigula!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Eztabaida ezazue!”-ri buruz

  • Kontuz, konplazienteegia zara. Ez zaitez poztu, poztu ezin zaitezkeenean, belaunaldi batekiko gehiegizko maitasun eta konplazientzia hori ez baita batere ona.

    • Martin, ez da konplazentzia, kontsolamendua baizik; nik ere kantatu dut Ruper Ordorikarekin batera Hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok. Ez pentsa, aldaketa asko tokatu zaizkigu eta horien protagonista ere izan gara, baina -hobera beharrean- zenbat izan den okerrera ikustean, etsipena nagusitzen zaigu askotan. Utziko didazu sinisten dena ez dela porrota izan?

      Dena den, idatzian azaldu dudan eztabaida serioa hor dago, eta ez zait axola gure belaunaldikoen meritua ez dela pentsatzen bada. Berdin pozten naiz! Bejoindeizuela!