5.000 haserretu baino gehiago Donostiako kaleetan

19:10ean, ehunka pertsona Donostiako Bulebarretik irten ziren oinez udaletxe aldera eta Hernani kalean behera. Batzuek pankartak eskuetan zeramatzaten altu eta harro, besteek ahotsa ozen eta garbi proiektatzen zuten eztarria urratu arte. “Haserretuta gaude!”. Gazteak, helduak, gurasoak seme-alabekin, pentsiodunak, euskaldunak, atzerritarrak, ezkertiarrak, eskuindarrak, langabetuak, ikasleak, langileak… Guztiak haserre, baina guztiak oinez manifestazio zeharo baketsu batean.

Democracia Real Ya – Gipuzkoaren arabera, 5.000 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioan. Helburua: Euroaren Itunaren aurka egitea. Ibilbidea Bulebarrean hasi eta Bulebarrean amaitu zen, non Rosa krisiari, bankuei, sistemari eta, batez ere, datorren ekainaren 24an onartuko den Euroaren Itunari buruz mintzatu zen.

“Herritarrok geure zergekin ordaindu beharko dugu bankuen erreskatea. Eta gero, kreditu bat behar duen enpresari txikiari ez diote zentimorik ere emango. Hori bai, Florentino Perezi munduko errefinantzazio guztiak egingo dizkiote zorra kitatzen laguntzeko”. “Euroaren Itunak pentsioak jaitsi, diru-laguntzak moztu, gizarte laguntzak desagerrarazi eta zergak igoko ditu. Zer eta guk eragin ez dugun krisi bat konpontzeko”.

Diskurtsoarekin amaitzeko, etxeko lanak utzi zizkien bertan bildutako guztiei: “Eurodiputatuei email bat bidaltzea geure haserrea helarazteko eta Euroaren Ituna ikaragarrizko bidegabekeria dela adierazteko. Itun horrek gizartea eta estatuak kapitalismoaren eta bankuen menpe jarriko ditu eta urteetako izerdiaren ondorioz eraikitako ongizatearen gizartea suntsituko du”. Eurodiputatuen helbide elektroniko guztiak Democracia Real Ya – Gipuzkoaren webgunean daude jarrita.

Zer duzu buruan “5.000 haserretu baino gehiago Donostiako kaleetan”-ri buruz