Ez daukat argi

Ez daukat argi –

Bizi ditugun hainbat auziren aurrean, gorputzak ezetz esateko agintzen dit, baina ez daukat argi. Egia esan, ezer ez daukat argi. Ez dakit alde edo kontra jokatu, Txabarri jaunak behin baino gehiagotan Patxikontra deitu digun arren. Eta gauzak argi ez ikuste hori, bilakatu  zait eroso, ez alde eta ez kontra, geldi egoteko modu bat, nigan berri xamarra iruditzen zaidana. Begitantzen baitzait, edonola jokatuta ere, hartzen badut alde batera zein bestera postura, kontraesanak egingo lukeela habia nigan. Eta hala:

Ez daukat argi Abiadura Handiko Trenarena. Nik uste askoz hobea zela Euskal Herria lotuko lukeen metropolitano bat… Baina AHTren hori komeni zaigun al ez, ez daukat batere argi. (Barkatuko ahal dit Pipik).

Erraustegiak baino hobe genuke beste edozer, nahiz eta nire lagun zientzialari zintzo batek esan didan ez dagoela halakoak egitea beste erremediorik. Baina gaia ez daukat batere garbi, batez ere ez naizelako gauza “zero zabor” sortuz bizitzeko.

Energia nuklearraren aurkako mugimenduetan ibili izan gara maiz, Lemoizko garai zahar haietatik, baina beste lagun zientzialari sonatu batekin hitz egin eta esaten du, Txina eta India gure tamainan jarriko badira (zergatik haiek ez eta bai gu?), ez dagoela energia atomikora jo beste biderik. Azkar, gainera. Ez daukat, beraz, argi.

Errepide berrien zabaltzeak eta horrek dakarren suntsitzeak ere, berez, ez dit ematen alde egoteko gogorik, baina buxonetan harrapatua nagoelarik, lautik hirutan, pentsatzen dut ez daukagula beste irtenbiderik. Bai behintzat, autoen mende segitu behar badugu. Ez daukat, bada, argi.

Pasaiako kanpo-portua dela eta ere, ez daukat iritzi argirik, iruditzen baitzait gure portu zahar eta bukoliko horiek ere ez genituela gaur edukiko orduan natura suntsitu izan ez balute. Gainera irtenbidea behar du, behingoz, Pasaiak. Iruditzen zait,  “zer” bezain garrantzizkoa dela “nola” famatua”, eta iritziak argitu bitartean hobe dudala isilik. Zalantza beti da babes isiltasunerako.

Baina “Ecopuerto” hitza atera du orain gure Txabarrik, neologismotan guztiz abila eta artista den adiskideak. Eta hori bai ezetz, hori argi eta garbi daukat: noiz demonio izan da “Eco”,  “Puerto” bat? Esango zaigu Finlandian badirela adibideak… Ez, mon ami, deitu Patxikontra edo deitu nahi duzuna, baina ziria beste bati.  “Eco” den “Puerto”rik ez da sekula santan izan, ez, behintzat, Adan eta Ebaz geroztik.

Ez daukat argi

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Ez daukat argi”-ri buruz

  • Aupa Konatxe:

    Ego te absolvo, motel, lasai horregatik! Ez hintzen oso larri izango nire barkamenaren zain, ezta? Arraioa! Egia izango duk azkenean komisario (sozio-)politiko fama dudala! Saiatuko nauk, zinez, fama hori gainetik astintzen. Aukeran, nahiago garai batean egotzi zidaten frantziskotar fama izatea.

    Eta orain, txorakeria horiek alde batera utzita, aitortuko diat nik ere izaten ditudala hik izaten dituan zalantza horiek edo antzekoak, auzi horiei neure eguneroko bizimoduaren talaiatik begiratzen diedanean. Baina begirada neure sudur puntatik pixka bat urrunago kokatuz gero (posible den neurrian)… Joxe Iriarte “Bikila”-ri oraindik orain (2008-IX-5, BERRIAn, “Militantziaren aldeko aldarri xumea” artikuluan) irakurri diodanarekin bat egiten diat:

    “Gure agintariak, Eusko Jaurlaritzakoetatik hasi eta Europako nagusiekin jarraituz, bai justizia sozialaz zein garapen jasangarriaz hitz egiten dutenean gezurretan ari dira. Aipatzen dituzten asmo horiek eta sistema kapitalista bateraezinak baitira!”.