Etzidamu

Etzidamu –

Etzidamu
Irudiaren kreditua: Hunter Haley

Hizkuntzetako irakasleok erronka zoragarria bezain zaila dugu aurretik: gure ikasleoi falta zaizkion lanabesak helaraztea. Haiek barik guztiz malder egongo dira.

Pixkanaka pixkanaka osatzen dugun erreminta kutxa dugu hizkuntza. Beharren arabera, tresna horien artean etzidamu edo herenegun aukeratuko ditugu, gehiegi pentsatu barik, mekanikari trebe batek Allen giltza zehatza hartzen duen ziurtasunaz.

Badaude ezinbestekoena baino ez duten kutxek. Beraien jabeek beti eta edozertarako mailuaz edo alikateaz baliatzen dira, hiztun baldar batek gauza, chisme edo egin ahoskatzen dituen doitasun eza berberaz. Beste batzuk, aldiz, mediku maletinak ematen dute (aurreiritzi, pretencioso, otzan, elocuente, zirrikitu, ámbito, uharri…) eta beraien jabeek kirurgialari aditu baten zehaztasunaz berbaldian dagokien gune aproposenean kokatzen dituzte.

Honi, murgildu eta acantilado faltako zaizkio; horri sustraia, cómplice, halandaze, heterodoxo, ikamika, incertidumbre. Besteren batean ez daude, egon beharko liratekeen lekuan interjekziorik, madarikaziorik, arnegurik: hauexek bai nahitaezkoak direla behin baino gehiagotan baliabide horien bitartez gure haserre, poza edo sumindura albokoei azaleratzeko beharra sentituko dugulako. Gabezi horrek baldintzatuko gintuzke ikaragarri.

Kutxa gehiengoak bete barik, eratu barik daude eta ez dira inoiz guztiz biribilduko. Eta ez, kit osoa izatea ere ez litzateke nahikoa izango. Jakin behar dugu bilduma hori kudeatzen: ezin dira zizailaz, juramentu batez, egoera delikatuak konpondu ezta gordinak lausengatuz ere, tres en unoko tanta pare batez. Testuinguruari eta -oroz gainetik- gure bihotzari entzun beharko diogu.

Hizkuntzetako irakasleok erronka zoragarria bezain zaila dugu aurretik: gure ikasleoi falta zaizkion lanabesak helaraztea. Haiek barik guztiz malder egongo dira.

Lasai: eguneroko bizitzak eta, bereziki, liburuek lan bukaezin honetan lagunduko digute.

Goazen klasera: txirrinak jo du eta.

Etzidamu

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude