[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa VII

ERROZTAMENDUA (Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa) –

Bigarren atala: Errogabetasuna eta nazioa (VII. bidalketa)

ERROZTAMENDUA (Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa)XIX. mendearen zehar, treina-bideek hondamen higingarriak egin zituzten errogabetasunaren alde. Berry-an, George Sand idazleak (1804-1876) ikusten zituen oraindik beharbada mila asko urteko ohiturak, zeinen oroitzapena bera ahantzia izanen baitzen ez bazituen berak tarrapatan eta larriki apuntatu.

Iraganaren galera, kolektiboa edo indibiduala, da giza-tragedia handia, eta guk gure iragana bota dugu haur batek arrosa urratzen duen bezala. Eta populuek, oro baino lehen, konkistari etsituki erresistitzen dute  galera hori eragozteko.

Baina estatuaren fenomeno totalitarioa eraikia dago botere publikoak ardurapean duen populuen konkistatzearen gainean, populu horiei konkista orok dakartzan zorigaitzak ekiditeko gai ez delarik. Eta botere publikoak barne-konkista hori darama gero kanpo-konkistetarako administrazio-makina hobeagoa edukitzearren. Lehen horrela gertatu zen Frantzian, berrikiago Alemanian, eta oraingoan Errusian.

Baina estatuaren garapenak herria abaildu egiten du. Estatuak herriaren substantzia morala jaten du, horretaz bizi da eta gizentzen, harik eta hazkurria eskasten den eta bera gosez ahultzen den arte. Frantzia horraino iritsi zen. Aitzitik Alemaniak, estatu-zentralisazioa oso eginberria du, eta horregatik, kalitate energetiko altuko hazkurri ugari batek oraindik emaiten dion agresibitatea dauka Alemaniako estatuak. Errusiari dagokionez, herriko bizitzak horrenbesteko intentsitate-maila du ezen galdetzekoa baita populuak ez duen ororen buru estatua bera janen, edo murriztuko bederen.

III. errepublika gauza bitxia zen. Baina bitxiena zen, joko parlamentarioa beraz aparte, bere estrukura guzia inperiotik zetorkiola. Logika abstrakturako beren gustuagatik etiketek frantsesak aise engana litzazkete. Inglesek errepublikar edukiko erregetza bat daukate; guk aldiz eduki inperialeko errepublika bat bageneukan. Gainera, iraultzaren gainetik, etendurarik gabeko lokarriren bitartez inperioa bera ez ote da monarkiari lotzen? Ez eta antzinako monarkia frantsesari, bai ordea XVII. mendeko monarkia totalitario eta polizial horri.

Fouché-ren pertsonaia monarkia totalitario horren jarraipenaren ikurra da. Estatu-kanbiamendu guzietan barna, frantses errepresio-aparatuak zailtasun eta mozturarik gabeko bizitza bat ereman du akziorako gaitasun gero eta garatuagoarekin.

Horregatik, Frantzian, lehengoan, tirania bihurtu zen erregetzak aiherra, herra eta nazka sorrarazi zituen estatuaren kontra. Bizi izan dugu paradoxa bat hain bitxia ezen horretaz ez baiginen jabetzen ahal ere: demokrazia bat zeinean populazioak agerian gorrotatzen baitzituen instituzio publiko guziak baita beraiei zegokien guzia ere.

Frantsesek ez zuten inolako lotsarik estatuari ebatsi edo iruzur egiteko, muga-zerga eta beste zergak ordaintzerakoan, subentzioen kobratzerakoan eta abar. Funtzionari talde jakin batzu salbuetsi behar dira baina hauek aparatu publikoaren parte ziren. Burgesak besteak baino urrunago joaiten baziren mota horretako iruzurretan, arrazoia bakarra zen besteek baino aukera gehiago zutela. Frantzian polizia hain da sakonki hastiatua nun frantses anitzentzat herra-sentimentu hori naturala eta betierekoa den gizaki onesta baten estruktura mentalean. Guignol egiazko frantses folklorekoa da, erregimen zaharretik datorrena eta zahartu ez dena. «Polizial» izenlaguna da frantsesezko irain gogorretariko bat, eta interesgarria litzateke jakitea parekiderik baduen beste hizkuntzetan; Alta polizia ez eiki da botere publikoak jarduteko duen organo bat baizik. Organo horren alderako frantses populuaren sentimentua ez da aldatu, Rousseauk zioen bezala, laborariek urdazpi puska bat zutela ezkutatu behar zuten denboratik.

Gainera, Frantzian, instituzio politikoen jarduera guzia nazkaren, trufaren eta mespretxuaren objektua zen. Politika hitza berak hartu zuen esangura ezkorreko intentsitate sinestezin bat demokrazia batean. «Hau politikari bat da!» edo «Hau guzia politika da» bezalako esaldiek kontestaziorik gabeko kondenamenduak adierazten zituzten. Frantsesen parte handi baten begietan, parlamentarioaren ofizioak berak –zeren ofizio bat baitzen— zerbait lotsagarri zeukan. Frantses batzu harro ziren «Politika» deitzen zutenarekin inolako kontakturik izaiteagatik, hauteskunde egunaz aparte edo hori bera barru ere. Beste batzuek deputatua begiratzen zuten beren sehia balitz bezala, beren interes partikularrak zerbitzatzeko kreatu eta munduraturiko gizaki bat bezala. Afera publikoen alderako mespretxua eztitzen zuen sentimentu bakarra partidu-izpiritua zen, eritasun horrek kutsatu zituen gizakien artean bederen.

Alferretan bila daiteke frantsesen baitan leialtasunezko, eskerronezko edo begirunezko sentimentu tipiena eragingo zuen bizi politikoaren azpekturik. Suhartasun laikoaren garai ederretan, erakaskuntza bazen. Baina aspaldi danik burasoen begietan haurrenetan bezala erakaskuntza ez da diplomak emaiteko makina bat baizik, alegia, lanpostu onak emateko makina bat. Lege sozialei dagokienez, haietaz kontent ziren neurrian, frantsesek beti begiratu dituzte botere publikoaren borondate txarrari presio bortitzaz kendutako emaitzak bezala.

Nehon ez zen agertzen beste interes posiblerik afera publikoei faltatzen zaiena ordez zezakeenik. Izan ere, ondoz ondoko erregimen bakoitzak erritmo gero ta handiagoan suntsitu zuen tokiko eta eskualdeko bizitza, eta azkenean desagertu egin zen. Frantzia eri baten antzekoa zen: gorputz-adarrak jadanik hotzak zituen, eta bihotza oraindik pilpil. Parisen izan ezik, bizi-pilpirik ez zegoen kasik nihun. Hiria inguratzen zuen hiri-ingurua pasa orduko, heriotza moralaren pisua sentitzen hasten zen.

ERROZTAMENDUA ERROZTAMENDUA ERROZTAMENDUA

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Simone Weil] Errogabetasuna eta nazioa VII”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-01-09 10:56

    Guk pentsa ginezake, estatu konkistatzaile batek, bere kultura konkistatuei inposatzen dielako, eta ahalmen guziak eskuetan dituelako, bere iragana errespetatzen duela, bada SWentzat ez da ebidentea erraten duelarik;
    “…guk gure iragana bota dugu haur batek arrosa urratzen duen bezala…”
    Iduriz herri zapalduak lirateke beharrez iraganaren defentzaile suharrenak:
    “Eta populuek, oro baino lehen, konkistari etsituki erresistitzen dute galera hori eragozteko”
    Frantzia Alemanek okupatuaz mintzo zen araiz ez eta baitezpada gutaz, gai horretan oraindik anitz hobeki egiteko dugunoz.
    Hautemanen duzue, bide nabar, gure filosofoak Totalitarismoa aipatzen zuela H. Arendtek baino lehenago. Baina kontzeptua, Alemaniari eta estatu sobietari bakarrik aplikatu beharrean, Frantziari berari aplikatzen zion eta esplikazioa jartzen zuen, bera eraikitzeko, (barne) populu anitzen konkistatu behar izanaren gainean jartzen zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude