Endregoto, homeopatia eta txertoak
Endregoto, homeopatia eta txertoak –
Behin edo behin mintzatu izan naiz euskal erroaz, geure idiosinkrasia eta kosmobisioaren ardatzen batzuen bueltan, eta geure herriaren mundu ikuspegia daukagun mitologian txertatuta ere topa dezakegula. Mitoak irakurri eta interpretatzearen jakintzari hermeneutika deritzo.
Pasa den udazkenean Nafarroa Oinez jaia ospatu zen Vianan (beste zita bat dago igande honetan, Bastidan), eta egun horren karietara jakin nuen nor zen Endregoto, Vianako itsua. Pertsonaia ziurrenik existitu zen, baina bere inguruan kontatzen dena agian, akaso, apika (ikusten duzue tentu handiz nabilela), benturaz, baliteke, beharbada (gai delikatua da) mitoa da.
Endregotoren kasua Erdi Aroan zenbait emakumeren inguruan zegoen ikuspegiaren aldaera klasiko eta tradizionala da. Pertsonaia honen inguruan informazio dezente idatzi edota bildu dute Alfredo Gil del Río eta Xabier Antoñana idazleek. Endregoto sorgina ei zen, edo sendabelarrak arrunt ongi ezagutzen zituen emakumea, edo petrikiloa, edo antzeko zerbait, batek daki.
Viana inguruko jendea bere kontsultara hurbiltzen zen, gaitz ezberdinen aurkako sendabideren baten xerka. Egun batean laborari bat sartu zen, bizkarreko mina zeukala esanez, eta ziurrenik Deabrua sartu zitzaiola barruan. Zer demonio esango du ba egun osoan pikotxean eta makurtuta igarotzen duen nekazari batek atzealdean oinazea sentitzean? “Satan sartu zait hezurretan”. Dirudienez, Endregotok gaixoaren gaitzak sendatu zituen, eta apurka sona lortzen joan zen inguruan, ez soilik petrikilo bezala, baita exorzista gisa ere; ez zen makala emakumea.
Garai bertsuan, XVI. mende bueltan, Bargotako Joanes bizi zen; bide batez, herentzian biziki maite dudan ardo bat utzi diguna, thank you very mahats. Baina Bakoren zukuaz gaindi, Joanesen beste pasioa fedea zen, eta Salamancan apaiztu zen mutila. Garai hartako ostegun unibertsitarioetan gehitxo aldrebestu zen gizarajoa, gaiztakeriak dastatu eta gustatu egin zitzaizkion, eta Nafarroara itzuli zenerako Arte Ilunak Darth Vader eta Lord Voldemortek bezainbeste apreziatzen zituen.
Endregotok Bargota hartu zuen apopilo, eta beraien kontsultarekin jarraitu zuten, txamanarena egiten. Egun buruzuri batean San Migeleko plazan bizi zen Vianako aristokrata bat hurbildu zen haiengana, Agilarreko Kondea. Kondearen kondairak kontatzen duenez, gizona guapoa, galanta eta arras erakargarria izan zen bere bizitza osoan zehar; baina behin zahartuta, emakumeek ez zioten ezer berezirik esaten. Agidanez, txintik ere ez. Bi enplasteroei eskatu zien, mesedez, otoi eta arren, gaztetu zezatela.
Sasimedikuek konfidantza handia zeukaten euren buruarengan, eta House bera irrigarri utziko lukeen kirofano bat prestatu zuten. Endregoto eta Bargotak garai hartarako aitzindaria zen operazioa gauzatu zuten: Agilarreko Kondea heldu, hil, eta segidan zatikatu, hezurrak birrindu eta txiki-txiki egin zuten, jarraian puzzle baten gisan berreraikitzeko, gazte eta xarmant. Bien harridurarako, prozedurak ez zuen funtzionatu, eta kondearekin egin zezaketen gauza bakarra albondigak zirenez, trasteak garbitu, atetik irten eta alla kuidaus.
Jon Idigorasek esan zuen (okertzen ez banaiz) aberatsek milioika pezeta, milaka akzio eta ehundaka auto eta etxe dauzkatela. Baina azala bakarra (gogorra, baina bakarra), eta hori galtzen dutenean gainontzeko izakien pare sentitzen dira; horrek ez die grazia zipitzik egiten, bistan dena. Viana inguruko aristokrazia Agilarreko Kondearekin gertatutakoa ikertzen hasi zen berehala, Inkisizioa jendea atxilotzen eta torturatzen, eta azkenean Endregoto atxilotu zuten. Antza denez, Joanesek ihes egin zien. Vianako itsua Logroñon erre zuten.
Ez ditut petrikiloak oso begiko, agian ormaiztegiarra izanda ez diotelako sekula santan barkatuko Jose Frantzisko Telleriari lardaskaria barkaezin hura egitea Zumalakarregirekin.
Ez da gai delikatua:
– Mundua biribila da, ez laua.
– Lurra eguzkiari egiten dio bira, ez alderantziz.
– Homeopatiak munduko azukredun urik garestiena saltzen du. Plazeboaren negozio zikina.
– Txertoek, gaixotu dezaketen ume bakoitzeko, milioika ume salbatzen ditu. Ume bati ez jartzeak elkartasun eza handia erakusten du. Ume hori inguruko besteek txertatuta egoteaz aprobetxatzen da, bera beste batzuentzat gaixotasun foko potentzial bihurtzen den bitartean.
– XXI. mendean bizi gara, ez XVI. mendean.
Ia astero idazten dut hemen, eta noizbehinka tonu apur bat diplomatikoagoa erabiltzen saiatzen naiz; agian gaur ez zen eguna. Ados zurekin.
Bide batez, oraintxe kontatu dizkidaten txiste pare bat:
“Ez dakit zergatik sartzen den jendea hainbeste homeopatiarekin; azken finean, ez dio ezer egiten inori”
“- Egun on, mediku homeopata naiz.
– Ea, ea, edo bata edo bestea”.
Ez iezaiozue barrerik egin homeopatiari. Lehengoan galaxia urrun bateko zibilizazio aurreratu bateko extralurtarrek abduzitu ninduten eta haiek homeopatia erabiltzen dutela esan zidaten. Zer edo zergatik izango da.