Bernardo Atxaga: “Nik erabat sinisten diet erresidentzietako langileei”

Bernardo Atxaga: “Nik erabat sinisten diet erresidentzietako langileei”

Bernardo Atxagak Euskadi Irratiko mezularia saioan ekainaren 12an eman zuen iritzia

Batzuetan pentsatzen dut hitzen eta ekintzen arteko distantziaz. Atzo, adibidez, Bilbon izan nintzen eta Bizkaiko zahar egoitzetako langileekin hitz egin nuen. Jakingo duzuenez, gehienak emakumean dira, eta urte bete daramate borrokan, 150 egunetik gora greba gordinean. Pertsonalaren eskandaluzko eskasia salatzen dute, zerbitzuak erlojuz kontra egin beharra, gainera erkituta bukatzeko moduko lan saioak, disponibilitatea aste, egun, zein jaietan, lanaldi zatitua, mila euro eskaseko soldatak… Hitz batean, prekarietatea eta zainketa zerbitzu on bat eskaini ezina salatzen dute.

Patronalaren inguruan zer diote langileek? Gogoratu hemen ere azpikontratak daudela… Oso errealitate desberdinean bizi direla: milioitako etekinak dituztela eta Aldundiaren babes osoa.

Nik erabat sinisten diet erresidentzietako langileei, zintzo ari direla. Zintzo arituko ez balira, ez lituzkete greba luze baten minak beregain hartuko. Eta gauzak horrela, galdera da: zergatik ez du Bizkaiko Aldundiak amore ematen? Zergatik ez du interbentzio bat egiten bake sozialaren eta justiziaren alde? Zerbitzu minimoak ezartzerakoan bere esku sendoa luzatu duenak, luza dezake konponbidearen mesedetan ere, Aldundiak alegia.

Galdera egokia da nire uste. Egokia da autoritateari eta aginteari, Bizkaian eta Euskal Herrian agintzen dutenei, apelazio hori egitea. Izan ere, autoritate horrek asmo onak aitortzen ditu maiz: aurrera egin behar dugu inor atzea utzi gabe, babes ekonomiko eta sozialik ez dutenen bizimodu duina bermatu behar dugu, laguntza sozialeko sarea mantendu eta hobetu nahi dugu… Gure agintariek gainera, ez omen dute prekarietaterik nahi, desberdinatsun sozial nabarmenik ere ez, gizarte integratzaile bat nahi omen dute.

Gauzak horrela, bigarren galdera da: era horretan pentsatzen eta sentitzen badute, zergatik ez diote soluziorik ematen hain eskura eta ildo-ildoan datorkien arazo honi? Zergatik behartzen dituzte 5.000 langile egoera anker batera?

Batzuetan ez naiz nire iritzikoa, esan zuen gure herriko apaizak. Agian gure agintariek beste horrenbeste esango ligukete bere ideario kristaudemokrata humanista gogoratuko bagenie. Batzuetan ez direla bere iritzikoak, eta horregatik ez dituztela aintzat hartzen erresidentzietako protesta eta aldarrikapenak.

Bernardo Atxaga: “Nik erabat sinisten diet erresidentzietako langileei”