Elkarrizketa txikien garrantzia

Elkarrizketa txikien garrantzia –

Aurreko astean izandako mintegi baten harira, azken egun hauetan bertan landu zen gaia burutik kendu ezinean nabil: jokabide suizida. Bi aditu izan genituen gaia lantzen. Irakasle ugari entzule. Gure 15 eta 19 urteen arteko gazteen heriotzen bigarren arrazoia dela aipatu zuten minbiziaren atzetik. Azken urteetan, pandemia garaitik bereziki, komunikabideetan gazteen artean suizidioak gora egin duela behin eta berriz entzun dugu. Datuen arabera, suizidioak ez dira hainbeste igo bai, ordea, suizidio saiakerak.

Elkarrizketa txikien garrantzia
Conversation. Edgar Degas

Suizidioa saihestu daiteken zerbait da. Datuek adierazten duten beste zerbait da eta tristarazi ninduena, azken 50 urteetan arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko gaitasuna ez dela hobetu. Ez gara gazteen suizidio saiakerak detektatzeko gai. Bi gaztetatik hiruk suizidio ideia bat izan duela noizbait onartu du. Honek fase desberdinak omen ditu, horietako batzuk ez doaz aurrerago eta beste batzuk ideia izan eta nola egin dezaken pentsatzen omen du. Beranduago mehatxuak omen daude, askotan ez ditugunak ulertzen. Saiakeratik gerturatzen ari dela esan nahi omen du. Beraz, prozesu edo fase horiek guztiak denbora “luze” batean gertatzen omen dira eta horrek esan nahi du, denbora egon badagoela asmo hori detektatzeko.

Suizidioaren prebentziorako ekimenak eraginkorrak izan daitezen, esparru desberdinetako jendearen elkarlana ezinbestekoa da: familia, eskola, osasun sistema, gizarte zerbitzuak… Jokabide suizidak ulertzea eta prebenitzea helduon zeregina da. Jokabide suizidak dituzten gazteek ez omen dute laguntzarik eskatzen, guk identifikatu behar ditugu. Alarma seinaleak bidaltzen omen dituzte. Arriskua antzemateko denbora izaten omen da suizidioa planifikatzen den zerbait omen delako eta ez inpultsiboa.

Baina nola detektatu? Mintegian geunden irakasleok horretan ez garela adituak aipatzen genuen. Formazioa beharrezkoa zela pentsatu genuen. Hala da, bai, oinarrizko ezagutzak jasotzea garrantzitsua zela aipatu zuten adituek. Ongizatea eta osasun mentala sustatzean lehentasuna zela, ikasleen artean loturak eta kidetasuna lortzea eta laguntza aktiboa lantzea. Hori guztia bai, eta bereziki ikasleak entzun eta haiekin hitz egitearen garrantzia aipatu zuten. Elkarrizketa txikiek bizitzak salbatzen dituztela zioten. Ikasleen kezkei balioa eman eta itxaropena transmititu behar diegula eta nahiz eta askotan nola egin jakin ez, beraiekin batera erantzunak bilatzeko prest gaudela adierazi.

Elkarrizketa txikien garrantzia

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.

Zer duzu buruan “Elkarrizketa txikien garrantzia”-ri buruz

  • Ados diozun guztiarekin. Zenbait galdera atxikitu nahiko nituzke, hauen erantzuna jakin ez dakidalako (irakasleei buruz ari bait gara)
    – Betiko denbora kontua. Irakasleek/tutoreek, ba al dute denborarik elkarrizketa txiki horiek aurrera eramateko? Tutoretza ordua nahikoa al da hortarako? Beste gaiak bezainbesteko garrantzirik ez du, astean behin soilik izateko?

    – Bestalde, nerabe batek bere buruaz beste egitea bere buruan dabilenean, duen sufrimendu hori gainetik kendu nahi duenean, ondo ez egotearen zeinu ugari agertzen ditu gehienetan, bere jarraipen emozionalaren jarraipena egiten duenarentzat behintzat. Eta jarraipen hau ez da famili/tutoreen gain geratzen gehienbat? Eskolari bere paper garrantzitsua kendu gabe, ahal diren atentzio deiak nerabeen inguruan emanez, aholkularitza…..ahal den neurrian ere emanez.