Gabriel Arestik esana

Gabriel Arestik esana –

Gabriel Arestik esana

Gabriel Arestik esan omen zuen —Andu Lertxundiren arabera beti ere— Dante Alighieriren itzulpen on batek  mesede handiagoa egingo liokeela euskarari eta euskal kulturari erakunde eta giro sozial askotako normalizazio-itxurak baino.

Arestik Dante esan bazuen, esan zuen, baina Dante Alighieri poeta gorena aipatu zuen gisara, berdin esan zezakeen  Dekameronaz, Bocaccio-rena, edo  Heptameronaz, Margarita Nafarroakoarena.

Izan ere, Arestik berak Boccacioren Dekameronaren hamabost ipuin euskaratu zituen; bizi izatera, Arestik poza eta bozkarioa hartuko luke ikasiko balu Heptameronaren zazpi liburukietako lehenengo biak euskaratu direla jada. Nafar Ateneoaren eta Booktegiren ekimenez eta literatur auzolanean, ipuin horien irakurraldiak egin dira  jendaurrean bi urtez jarraian, iaz Iruñean, aurten Amaiurren, bertan hirurogei lagunek parte hartu genuelarik.

Heptamerona, literatur unibertsaleko altxorra, literatur mundu osorako erreferentea, Margarita Nafarroakoak idatzi bazuen,Nafarroako Gobernuak euskararako itzulpena lagundu eta babestu beharko luke, egun proiektuak ez duen segurtasun eta jarraipena bermatze aldera, eta ez uztea euskaltzale batzuen borondate onaren esku.

Ez ahaztu Gabriel Arestik aspaldi gaztigatu zigula: “Itzulpen on batek  mesede handiagoa egingo lioke euskarari eta euskal kulturari erakunde eta giro sozial askotako normalizazio-itxurak baino”

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 22koa]

Gabriel Arestik esana

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.