Egun handia da

Batzuk ez dutelako sinisten, beste batzuk ez dutelako (horrela) nahi, beste horiek berandu iritsi delako, beste haiek ekarriko duenari beldurra diotelako, talde batzuk ez delako euren ekimena, beste hainbatek bultzatu dutenekin bat ez datozelako… edo auskalo zergatik, entzun behar izan dugu Donostian egin den Bake Konferentzia alferrikako ekimena dela. Baina handia izan da.

Gogoan dut hogei urte lehenago etxeko txikiak, kalean bizi izandako gatazkekin etxera beldurtuta iristen zirenean. Ezin genituen lasaitu “laster bukatuko da” esanaz. Eta saiatzen ginen adierazten, ahal genuen hoberen, zer eta zergatik gertatzen ari zen.

Gogoan dut noizean behin izaten genuela beste hildako edo bahitutako edo atxilotutakoaren berri eta egoera amaigabea zelako inpresioak itolarria sortzen zigun. Batzuetan, ETAren biolentziaren edo eta poliziaren errepresioaren biktimaren bat besteetan baino gertuago sentitzen genuen eta barruko korapiloa handiago zen orduan. Baina hain gertu ez zenean ere, korapiloa hantxe jarraitzen zuen, askatu ezinik.

Gogoan dut, Euskal Herria eta demokrazia maitatzen irakatsi zigun aita hil eta handik hilabete batera ETAk ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiarazi zuenean anai-arrebon pena, pixka bat lehenago ez zelako gertatu, bagenekielako nolako atsegina emango zion une hartan behin-betikoa iruditu zitzaigun berri onak.

Gogoan dut iazko irailaren 5ean, Donostian Kontxako estropadetako lehenengo igandean, BBC kate britainiarrak emandako ETAren su-etenaren notizia jakin genuenean, albisteak ekarritako itxaropena egun hartako jaiari erantsi zitzaiola eta muxuak eta besarkadak banatu genizkion elkarri.

Orain dela hiru ordu -ume garaian diktadorearena eta orain denona den- Aieteko Jauregiaren aurrean, Berti Ahernek bakea gaur bertan iristeko aukera dagoela esan duenean, irudikatu dut gure aitaren poz irribarrea eta sentitu dut hari ere korapiloa nola arinduko litzaiokeen hemen egon balitz. Eta, bakearen bidea oraindik bukatu ez dela jakin arren, ni ere asko poztu naiz.

bakea, Euskal Herria
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Egun handia da”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude