Felipe Gonzalezek arrazoi

Ez nuen uste sekula gizon honekin ezertan egingo nuenik bat, are gutxiago Segundo Mareyk, hil baino hilabete lehenago berari buruz esan zizkidanak entzun eta gero: “Nik bai dakidala ederki nor den Ixa jauna”. Etc. Baina bai, bat egiten dut Felipe Gonzalezi  Televisión Españolan entzundako hitz batzuekin. (Esteka honetan aurkituko dituzue hitzok, seigarren minututik aurrera edo).

CC-by-sa AmioCajander

Gonzalezek dio, besteak beste, gatazkaren amaierara hurbiltzen garen bakoitzean, beti badela norbait iritsiera urrunagotzen saiatzen dena. Horretarako arrazoia izaten ei da, pertsona hori edo horiek, ez daudela konponbidearen erdian, ez direla eurak protagonista eta, beraz, urrutiko intxaur bihurtzen dutela beti konponbidea. Soilik eurak baleude tartean onartuko luketela konponbidea.

Hitz horiek entzun eta hastapenean ez dut oso ondo  ulertu zer esan nahi zuten, eta Aznar, Mayor Oreja eta halako artistak etorri zaikit gogora. Egia baita, beti zarataka dabiltzan arren, euren txanda egokitu izan denean, saiatu direla, ederki saiatu, eurak ere: Movimiento de Liberación Nacional eta hartaz guztiaz oroitzen?

Kontua da Donostiako Bake Konferentziaren zalapartaren erdian gehien harritu nauten hitzak Gesto por la Pazeko Fabian Laespada eta EHUko Errektore izandako Pello Salaburu lagunenak izan direla, Euskadi Irratiko Mezularia saioan.

Denetik entzun eta irakurri ahal izan dugu Konferentziaren inguruan, astakeria galant askoak tarteko, baina oilarrak kukurruku egiteak ez gaitu jada harritzen, hain baikaude ohituta iritziaren espektakulura, ostera ezagutzen duzun jendearen ahotik entzutea kukurrukua, oraindik ere harrigarri egiten da, adjektibo gogorragoa ez esateagatik.

Beste askoren iritzien artean, hauxe Laespadak bota duena: “Donostiakoa  su artifizialak izan dira. Euskadi ez da aldatu”. Salaburu urrunago joan da: “Donostiakoa pailazokeria izan da. Gatazka amaitu zen. Komedia baten barruan bakarrik ulertzen da”. Gainera biek ala biek hitz egin dute  halako mingostasun gehiegizko batekin. Hala iruditu zait niri behinik behin.

Zer dute bi hauek hala mintzatzen ibiltzeko?

Pentsatzekoa zen Laespadak urtetan erakutsi duen militantzia nabarmenak beste zerbait aginduko ziola. Zer esanik ez, Salaburu errektore ohiari… Baina, ez, benetan agertu dira gogor Konferentziarekin, nire ustez, gogorregi, era ez-normal eta harritzeko moduko batean.

Jira eta buelta nabil, euren bien jarrera ulertu nahian, entzun dizkiedan arrazoiak ez baitzaizkit iruditzen aski eta hondoan beste zerbaitek behar duela ematen baitit,  baina ez zait gaiztakeria baizik otutzen: Joseba Arregik kutsatu egin dituela lagunak galtzeko bere patologia hain nabarmen horrekin eta beti kontrara ibili behar itsuarekin. Edo antzeko zerbait.

Baina, ez, ez da hori ere izango, Gonzalezek esandakoa izango da seguru asko: eurak biak ez zeudenez Aieteko argazkian eta nazioarteko figura handien artean, jokoa ez dela euren bientzat errenta. Nola izango da, bada, bakebidea benetakoa, eurak ez badira tarteko? Eh, eh? Nola ausartzen zarete halako gauza bat pentsatzera?

Horixe izango dela diot nik, edo halako zerbait. Bestela ez baita ulertzekoa.

 

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

9 pentsamendu “Felipe Gonzalezek arrazoi”-ri buruz

  • Ezagun du tipo irakurria haizela:
    Garateren 783. atsotitza: “Maskara ken eta Ezpata agertu” (cast. Tener más espa(l)da que cara”.
    Oihenarteren 27. proberbioa: “Zoazte zakurraren Salara!” (cast. Los perros del hortelano)

  • […] Felipe Gonzalezek arrazoi (Hasier Etxeberria, Alua mundua! blogean) […]

  • salaburu ta laezpedaren ergelkeriak ahaztu ta jarraitu hartutako bideari lortu arte preson askatzea ta erreferenduna autodeterminazioarena

  • Nik ere entzun nituen. Bi hauen ibilbidea ikusita ez ninduten harritu. Larria da gero “gesto por la paz” izena duen erakundeko kiderik ez egotea konferentzian, eta espreski uko egitea. Baina estatuak eragindako biktimen inguruan zer esan zuten ere ikustekoa da. Ez omen dira biktimak berdindu behar. Oso “kristauak” hauek,

  • frankismoko genoziodia ta diktaduran krimen piloa eztira biktima eta inpunitatea nahi dute beren krimenentaz

  • Oso ona Hasier, nik neuk ere ezin ulertu, gatazken konponbiderako tresnak eta bitartekaritza bide ezin hobeak dira eta psikologiaren arlotik ikasitakoa eta gauzatutakoa, ia-ia zientifikotzat jo dezakegu bidea, giza-harremanetan zientziak lekurik badu. Agian, bide hauek aurreratuegi daude garaiotarako eta garaiotako primitibismo emozionalerako. Agur berobat.

  • Hala da Salaburu eta Laespada gatzaileak lirateke beste guztiok pakea irabazten dugunean

  • Joseba Andoni 2011-10-30 11:22

    Nik ere izan nuen Salabururen eta Laespadaren hitzen berri, eta ez nintzen harritu. Guztiz bat nator Hasierren interpretazioarekin. Kontuz egin beharko da bidea, baina aurrera egin beharko dugu.

  • Nik be entzun nituen eta zeure sentsazio bera izan nuen,alegia, mina eta amorrua zeriela biei. Zergatik ete dan erreakzio hori? Nere uste apalean urte luze hauetan mina pilatu delako bat; eta bi sakon sakonean bakea baino gehiago garaipena espero zutela. Hori ez denez argi azaleratu ba horixe, inpotentziaren erreakzioa. Konturatuko dira hau politika dela, hasieratik bukaerara. Eta politikaren atzean beti-beti ekonomia (dirua) hariak mugitzen. Gurean ere berdintsu. Ea ganorazko errelatoa egiteko kapazak garan. Ea borroka armatua hainbeste urtetan irauteko benetako arrazoiak azaleratu eta hotz-hotzean analisi egokia egiteko gauza garan. Ea historia ofizialetatik gaindi istorio honen ezkutuko benetako protagonistak azaltzeko bertutea daukagun. Ea euskaldunok geure historia hurbilaren kontakizuna egiteko modua dugun kanpoko interesatuen eskusartzerik gabe.