Drag ikuskizunak haurrentzat. Gas-argia.

 

Euskal Herriko Feminista Erradikalek argitaratu dute Zuzeun artikulu bat, nire ustez interesgarria eta zenbait zalantza argitzen laguntzen duena. Ondoren erantzun die, nire ustez behar ez zen modu oldarkorrean, Euskalerria Irratiko uhinetatik eta Zuzeuren bitartez, bere burua “euskara Irakasle eta LGTBI mugimenduko partaide” gisa aurkezten duen pertsona batek.

Bigarren honek akuilatu nau zeozer idaztera. Izan ere, berak badezake… Ba, halaxe, orain neronek kateari heldu diot, beste norbaitek jarraituko diolakoan. Ahal bada, maisu horrek eta neronek baino fundamendu hobeagoa erakuts dezakeen bat agertuko ahal da.

Goitizena darabilt, seguruagoa baita sarean horrela izenpetzea egun hauetan. Gainera, nire egiazko izenak ez dio batere ospe ez autoritaterik atxikitzen esaten dudanari, zer inporta!

Honatx ba, esan nahi dudana:

Nerabezaroko sexu-ernatzea oraindik gertatu ez delarik, hobe omen da neska-mutikoei osagai erotikoak dituzten ikuskizunik ez erakustea. Beti daude kasuak, beti muga nabarrak, akzidenteak, baina tira, hobe ez.

Neroni ez naiz aditua baina, oraingoz ba omen da nahiko adostasun horren inguruan. Hobe ez. Ulertu al da?

Urte gutxi pasatakoan, edukiko dute pertsonatxo horiexek aski denbora, usu material ez bereziki osasungarriekin jostatzeko. Dena dela, horiek geroko problemak dira, ez haurtzarokoak.

EHFEren artikuluan badatoz puntu batzuk horren inguruan, nire irudikoz behar bezain sakonki esplikatzen ez direnak, baina badaude.

Esate baterako: haur eskola batean, ume bat hasi da, komunetan eta hola, eduki sexualeko komentario gehiegitxo esaten. Ez dakit ba, zakila zupatu nahi ote diozun, eta abar. Adinaren arabera, lekuz kanpokoak. Ba, horrelakoetan esaten da komeni dela bertan dauden helduek, berehala, zeozer gertatzen ari dela ohartu eta igual gurasoekin hizketalditxo bat izan behar dutela. Igual ez da ezer, txorakeriak, baina badaezpada ere.

Zuzeun eta beste hainbat lekutan erakutsi diren irudietan, nahiko laburrak izanagatik ere, ikusten da “drag ikuskizun” baten eskaintzan zer topa daitekeen:

1) Gizonezko batek ikusleei bizkarra eman, gona altxa eta ipurmasailak dardarkatzea, barkatu, ez dakit euskara batuan aditz hau baden. Twerking esaten zaiona, bai? Egunez, leku publiko batean, herri-elkarte batek programatutako ikuskizuna, BEREZIKI HAURRENTZAT.

2) Argazki batzuk, non ikusten baita gizonezko bat, oraindik erabat igarri ez diodan sistema baten bitartez, genitalak estalita baina ipurdia osorik bistan. Aditua daukat ostalari partikular batek kontratatu zuela herriko jaietan. Egun argiz, umeak inguruan dauzkala.

3) Zeuok nahiko al zenukete “Sussie Pussie” izen artistikoa darabilen gizonezko batek zeuon seme-alabei ipuinak kontatzerik? Neronek, ez. Arrazoiak, bon, ikus goian, “Nerabezaroko…” hasten den paragrafotik hasita.

(Egon, kontuz. Artista honi buruz informazioa bilatu nahiez gero, idatzi “Sussie Pussie”. Ez bilatu bi hitzok ingelesez idatzi ohi diren moduan, bestela porno weborriak agertzen baitira)

Sussie Pussiek elkarrizketa batean dio neska-lagunaren arropak janzten hasi zela asuntoarekin nolabait gustoa hartzen.

Bo, hau kontu polemikoa da. Ez dago nire aldetik inoren irrikarik eta logelako plazerik juzgatzeko asmorik, ezta inondik ere. Kontua da bi trabestismo mota daudela: fetixista eta fetixista ez dena. Trabesti fetixistak gizon heterosexualak dira, denak.

“Kaixo, Susana Potorro naiz, hemen daukazue nire curriculuma udalekuetan ikuskizuna eskaintzeko”. Konfiantza pizten al dizue? Niri ez.

Herri-kulturako terminoetan, “gas-argi” hitz elkartua (ingelesetik, gaslight) erabiltzen da manipulazio psikologiko mota bat izendatzeko. Hainbat literatura eta zinema lanetan erabili izan den moduan, gas-argia da norbaiten bizipena muturreko puntuetaraino zalantzan jartzea, iradokitzea akaso memoriak ez ote dion hutsik egin, edo ez ote zaion oroitzapen faltsu bat sorrarazi buru-osasuneko arazo edo obsesio ideologiko baten ondorioz… Nirekin behintzat horrelako taktikek ez dute funtzionatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude