Antzinako euskaldunen epai eskuzabalak

Antzinako euskaldunen epai eskuzabalak –

Zer da den hau edo hori, den gauza, pertsona, animalia, edo dena delako hori? Bada, hauxe edo horixe hain justu, den hau, den hori, edo den harako hura. Errealitatearen mihisean berau errealitatez errealitate dagerkigu. Eta errealitate horiek guztiak hizkuntzaren galbahetik iragazi behar ditugunean, “hitzetararatu” behar ditugu ezinbestean, non honi “aulkia” deituko diogun, edo “pertsona”, “zuhaitza”… eta, hitzetaratze-prozesuaz jarraituta, “horko aulki zuri hori” esango dugu, esaterako…

Hitzen artetik izenak ditugu muin-muinekoak. Izen baten bidez “izatasuna” aitortzen diogun zerbait izendatzen dugu. Eta hain justu ere, dena delako horri aurretiaz izatasun bat aitortzen diogulako, zilegi deritzogu izen konkretu eta zehatz bat egoki diezaiogun. Horraino zaharrak berri, ez dut beste munduko ezer esan; horri guztiorri esker eman ahal daitezke lengoaien bidezko komunikazio-prozesuak. Alabaina, izenak eta izatasuna aitortua duten zerki horien arteko korrelazioen gainean badago filosofikoki zer hausnarturik. Izenak ezinbestekoak ditugu komunikazioa emango bada, ezin uka. Baina “izenen” kontura, izenen bidezko “izendatze” horren kontura, arrisku batera lerra gaitezke eta lerratzen gara maizenean; izendatu dugun hori, izendatzen dugun dena delako hori, zerbait itxitzat jotzekoa, zerbait gatzatua, izoztua, hormatutzat jotzekoa, zerbait “jada-betiko-horrelakoa-izango-den-zerbait” gisa kontsideratzekoa. Errealitatearen ikuspegi edo ulerpen aristoteliarregia izateko arrisku dugu hau. Horren antidotoa emana dut jada aurreko artikuluren batean, horretarako antidotoa proposamen Zubiritar izan genezake. Zubirik, Aristotelesen sustantzialitatearen aldean, sustantibitatearena proposatzen digu. Sustantibitateak “gauzak”, “zerkikak”, izanez, aldatuz, prozesuan diren errealitateak dira. Zubiriren ikusian, den zerbaitek sustantibitatea du, sustantibitateduna da, eta zer ekarpen dakar, besteetan beste, orain eskuartekoa dugun auzi honi?; bada, errealitate bat den hori hain justu ere denboran zehar desberdina izanez berbera dela. Den hori zerbait da, ezberdina izanez beti berbera delako.

Iñaki Segurolak, Sed quia sua bere obran azaltzen duenez, aipatu auzi hau oso intereseko du. Eta Zubiriren “izanez izaten den hori”, Segurolaren hitzekin esanda, “izatena”, “gertatzena”, duen hori da. Eta eskuartean dugun hari honi axola dion kontu batez ohartarazten digu Segurolak; bere esanetan, euskara zaharrean “gai” hitz-bukaerak, “gauza” terminoak ez bezala, uzten zigun zabalik zerkiaren denboran zeharreko etengabeko aldaketetarako leihoa. Horretara, prozesuan, diren horren zer-nolakoa itxi gabe, “izanez izaten”, arituko lirateke errealitate horiek, hala nola, ezkongaia, mintzagaia, auzigaia, lehengaia… Dena delako errealitate hori jada ez legoke itxita, hormatuta, gatzatuta, “gai” atzizkiak aitortzen dion “zabalik egote horri” esker.

Antzina etorkizko euskal hizketa moldeetan bazeuden bestelako moduak ere hizketaldian errealitateak zabalik eta ez itxirik uzteko. Egoerak balioesteko orduan, baina, batik bat, pertsonak eta beren jarrerak, portaerak, eta are inportanteagoa dena ere, beren nortasunak, juzgatzeko, epaitzeko unean, epaia ez zen zorrotzegia, ortodoxoegia…Orduko antzinako euskararen mundu hartan, orain ez bezala, pertsona bat ez zen isila, baizik-eta asko ez hitz egitekoa; norbait ez zen bakeosoa, baizik ez haserretzekoa; inor ez zen abstemioa, baizik-eta, izatekotan, ez edatekoa… “ez -t(z)eko” forma horrek zigun goxo-goxo eta jatorki ahalbidetzen egotzitako besteen gaineko epaiak ez izatea behin betikoak, aldaezinak, edo epai irmoak.

Ez dakit nik hizketa-molde hori hain horrela izango zen ala ez aspaldi zahar hartan, baina ez legoke gaizki inolaz hala izan zenik pentsatzea… Ez dakit inoiz hala mintzo ote zirenetz gure aurreko euskaldunak, ez dakit bada. Nolanahi den ere, ez legoke batere gaizki ezezkako epaietako hizketa-praktika hauei ekitea, izan berreskuratze ahalegina egite aldera, izan asmatu baina gogoko ditugun forma oso eskuzabalak direla deritzogun aldetik.

Antzinako euskaldunen epai eskuzabalak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude