ZuZeuko 5 Sinadura irakurrienak

ZUZEU SINADURAK“Zertarako ibili nor bere bazterrean? Zergatik ez elkarrengana bildu plaza berean?” Galdera horiei segika gonbidatu genituen Zuzeuko blogariak, SINADURAK horretan agertzen zaretenak. Burujabe gara hor den-denok, inork ez du geure blogean eskurik sartzen, gutako bakoitza gara jaun eta jabe, nahi duguna, nahi dugunean eta nahi dugun bezala idazteko. Zahar eta gazte gaude batera, huntaz eta hartaz idazteko, nor bere zoroak bizi duela erakusteko. Badakigu, gainera, etorriko direla berriak, blogetan idaztea atsegin eta zer kontatua dutenak. Baina, hori bai, elkarren babesean ariko gara orain arte bezala, bakarka eta ertzetan sakabanaturik baino gehiago berotzen baitu horrela gure suak. Eskerrik asko, beraz, bertara bildu zareten guztioi, eta jaso besarkada bat ZUZEU egin eta erabiltzen dugunon izenean.

Jarraian dituzuen bost Sinadurak dira 2011 urtean zehar gehien irakurri dituzuenak. Bejondeiela guztiei. Ziur datorren urtean lehia peto sanoa izango dutela zerrendan mantentzeko:

Alua Mundua-Hasier Etxeberria

 Barrandegi28-Eider Rodriguez

Zerdiok-Oier Aranzabal

Itsasgoran-Arantza San Sebastian

Jakin Baneki-Pedro Miguel Etxenike

 

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “ZuZeuko 5 Sinadura irakurrienak”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    Dagokidanagatik, eskerrak eman nahi dizkiot sarrera hau egin duenari, baina aukeran, zerrenda horretan ageri garen zenbait zakur zaharren zaunka baino aipagarriagoa egiten zait ikustea gazteak nola gehitu diren blogaritza honetara. Batzuk barruak hustutzeko, bestetzuk ikasten ari direna edo euren intereseko galderetan arakatzeko…
    Gaur bertan sartu du horietako bat Ander Barinaga-Errementeriak, esaterako. Gezurra badirudi ere, aldea baitago ZUZEUn ala SINADURAKen argitaratzearen artean. ZUZEUN idazten denean, bozgorailuarekin egiten da. Blogean idazten denean, ostera, beste nolabaiteko intimitate bat nagusitzen dela esango nuke, gogoeta handiagorako aukera ematen duela norberaren blogak…
    Horixe nahi genuke Zuzeun, idazteko gogoz eta zeresana duen jendea hurbil dadila bere kontuak argitaratzera. Zuzeuk egingo dio bloga baina bere kontu joango da idaztea, esana geratu den bezala, nahi duen bezala, nahi duenari buruz, nahi duen bakoitzean… Beste kontu bat da irakurleak erakartzen asmatuko ote duen. Saiatu gabe, ezin jakin, baina.
    Hala bada, Zuzeuko sinaduretakoa izan nahi baduzu, egin ezazu aproba.

  • Arantza San Sebastian

    Nik ere eskerrak eman nahi dizkiot sarrera egin duenari, alegia, ZuZeuri.

    Aukera eman zenidaten bokazio zahar bati irteera emateko. Nire kaxara nenbilen, neuk sortutako blog batean, “IKTak eskolan” gaiaren inguruan. Zuzeun irakurritako artikulu bati iruzkina egiteko, erredakziora idatzi eta, bueltan, albistarian idazteko gonbita jaso nuen. Harrez gero asko gozatu dut Zuzeun idazten.

    Irailetik hona beste modu batean ari naiz, Berria egunkarian ere kolaboratzen baitut, eta han eta hemen batera argitaratzen dut. Aldaketa Zuzeuko blogean islatu da. Onerako? Kalterako? Uste dut bietatik dagoela. Baina adierazi nahi dizuet nire “idazle historia” laburra Zuzeuren eskutik egin dudala eta harro sentitzen naizela Zuzeulari izateaz.

  • Oier Aranzabal

    Eskerrik asko irakurleei. Eskerrik asko Zuzeuri plaza ikaragarri hau mantentzeagatik. Geroz eta gehiago gara demonio!

  • Iraitz Madariaga 2011-12-29 18:05

    Neuk be eskerrak nahi dotzaraz emon ZuZeuri, da batez be parte hartzera gonbidatu eustanari, aukera hau emon ixana gaitxik, horren ezberdin eta hain interesgarrijak dirazen blogen artian neuria eukitxen iztia gaitxik. Ilusiño handija eieustan eta eitxen nau ondik be nire lekutxua ikustekeran 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude