Emakumeak ikusgarri

Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko egunerako egindako kamisetak ekarri digu eztabaida. Euskal Herriko emakumeen garrantzia aldarrikatzeko, iraganera begiratu eta zazpi lurraldeetako hainbat garai eta izaerako 44 emakumeren izen-abizen eta irudiak hautatu dituzte. Kukuxumuxuko marrazkilariek diseinatutako kamisetan, emakumeen figurak azaltzen dira eta azpian euren izenak. Lola Valverde Historia katedraduna aritu da ikerketa lanean eta Berrian irakurri dugu, kamisetan ageri diren emakume guztiak aukeratzeko Valverdek berak aipatu duen irizpide komun bat: «Gaur egungo euskal emakumeen aitzindari, eredu eta bidegileak: guztiak menderakaitzak». Miliziarrak, sufragistak, maistrak, musikariak, doktoreak, erreginak, sorginak, idazleak… den-denak apurtzaileak bizi izan ziren garaian.

Eztabaida sortu digu. Batzuk diote hor ekartzen zaizkigun hainbat adibide desegokiak direla. Nola izendatu aitzindari prostituta lapur bat? Eta proxeneta bat? Hori al al da emakumeok historiari egin behar diogun ekarpena? Emakumeen ikusgarritasuna eta presentzia publikoa aldarrikatzen dugunean, orain arte izan dugun gizarte sistema errepikatzeko izango da? Ez al luke ekarri behar eredu bidezkoago bat? Horretarako bada, ez du merezi borroka egitea!

Besteek, historiako gizon ospetsuen artean zenbat ez ote diren lapur edo hiltzaile izan, zenbat militarrek ez ote dien izena eman gure kaleei, begira bestela historia liburuak nola dauden enperadorez, diktadorez eta baita proxenetaz eta bortxatzailez beteak; eta horien izenak ematen diegu ikasteko ikasleei, kontzientzia-objekziorik gabe!

Eztabaida zaharra da. Eta honetan ere ñabardurak garrantzi handikoak dira. Baina zer nahi duzu esatea. Ez dut bat egiten kamiseta horretan agertzen diren hainbat emakumeekin. Baina biziki poztu naiz nire herriaren historian eurak ere badaudela deskubritzean.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Emakumeak ikusgarri”-ri buruz