Sherlock Holmes eta Basque Center-ak

Aspaldi irakurri nituen Sherlock Holmes protagonista duten ipuinak; denak ez, jakina, baina mordoxka bat bai. Beranduago, Sir Arthur Conan Doyle-ren talentuaz hobeto jabetu asmoz eta, bide batez, nire ingeles jakintza eskasa mejoratuko nuelakoan, bertsio orijinalak ere irakurtzen aritu nintzen.Sherlock_Holmes

Askotan esan izan da Sir Arthur Conan Doyle-k, epaiketaren batean, Sherlock Holmes fikziozko detektibeak hain maitea zuen obserbazio-dedukzio metodo hura bera erabili zuela, bai ondo erabili ere: epaiketa hura irabaztea lortu omen zuen. Baliteke mito hutsa izatea, edo esajerazioa behinik behin, baina egia da literaturari mesede egiten diotela horrelako usteek. Izan ere, are eta gehiago hazten baita pertsonaiaren mitoa, eta irakurlea dudatan jartzen da pentsatuz ea errealitatearen eta fikzioaren kontu hori, bien arteko mugarena alegia, esaten dutena bezain lausoa ote den.

Literaturan badira hainbat egile handi, Dostoievski esaterako, beren liburuetan gerora metodo zientifikoarekin demostratu diren intuizioak idatzita utzi dituztenak; aita hiltzearen desira, esaterako, ezaguna da: Karamazov anaiak liburuan maisuki deskribatu zuen Dostoievski-k. Eta, bete diren predikzio gehiago ere bada, beharbada hain ezagun egin ez direnak: egile horrek berak, esaterako, errusiako XIX. mende bukaeran funtzionario izatearen grina esplikatzen duenean: alegia, herri hartan noble guztiak direla funtzionario, edo izan direla, edo nahi dutela izan, eta hainbeste funtzionariorekin ez dagoela itxura antzean funtzionatzerik.

Ba, hara non, lehengora bueltatuz, Sir Arthur Conan Doyle egile handiak Sherlock Holmes detektibearen karakterizazioa egitean idatzia utzi zuen beste intuizio bat, niri, leitu nuen unetik bertatik atentzioa eman zidana; uste dut A Study in Scarlet obran izan zela, han ezagutzen baitute elkar Sherlock Holmes-ek eta Watson sendagileak. Buruz ari naiz zita egiten, baina gogoratzen naiz nola, elkarrizketa batean, Watson sendagileak ilargia lurraren inguruan bueltaka dabilela aipatzen duen, eta Sherlock Holmes-ek erantzun berak gai horri buruz tutik ez dakiela. Watson-ek, harrituta, ea nola den hori posible galdetzen dio, beste hainbat arlotan Sherloc Holmes hain gizon argia izanik. Eta, haren esplikazioa: berak, ikerketetan erabiliko dituen gaiak arreta osoz memorizatzen zituela, hala nola, azken urteetako kriminologia kasuak, gero baliagarri izango zitzaizkion kimika-esperimentuen inguruko berriak… gainerako informazio guztia ahaztu egiten zuela, propio ezabatu ere memoriatik, enbarazu izan ez zedin baliozko informazioa gordetzeko.

ArthurConanDoyle_AStudyInScarlet_annual2

Horrek kontra egiten dio gaztelerazko esaerari, “el saber no ocupa lugar” eta, orain artean, esaera zaharra eta literatura, beste kontrasterik gabe zeuden elkarren kontraesanean. Baina, hara non, aste honetan etorri da notizia: Donostian egoitza duen BCBL zentruak, Basque Center on Cognition, Brain and Language izena duenak alegia, demostratutzat jotzen omen du, zientifikoki, posible dela halakorik egitea. Pertsona batzuk gai omen dira, nahita, oroimenetik informazioa ezabatzeko. Zientziaren fededun zaretenontzat, hemen daukazue lotura.

Nik baneukan fedea Sir Arthur Conan Doyle-k idatzitakoan eta, artikulu horren gorabehera, nire ustea ez da aldatuko. Baina kointzidentzia horrek aipamena merezi zuela iruditu zait.

Eta, portzierto: bada nik baino lehenago eta hobeto orain esango dudanaz idatzi duenik, baina ez dago sobran kanpaina bat jartzea “Basque Center” guztien kontra. Ez dakit txoratzen hasiak ez ote garen, probintzianismo konplejo horrekin: Basque Exibition Center, Basque Center on Cognition, Basque Culinary Center, Donostia International Physics Center… martxa honetan, entzun arretaz faborez Hasier, Oier eta konpainia, atari honi ere izena aldatu beharko diozue: Basque Center of Horizontaling Information proposatzen dut nik. Izen aldaketa horrekin, seguru proiekzio internazionala lortuko duzuela.

 

Kultura, literatura
Xabier Etxabe

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....

6 pentsamendu “Sherlock Holmes eta Basque Center-ak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude