Langabetuak eta mugikortasuna

langabeziaEuskal Herriko langabeek lanik gabe egotearen zigorra jasateaz gain, zatiketa administratiboa ere sufritu behar dute. Europako bertze herri batzuekin alderatuta, ttikia da hagitz geurean lanerako mugikortasunerako prestutasuna. Horren gibelean, arrazoi nagusien artean, mugikortasunerako ohitura falta dago, baina ez bakarrik. Etxebizitza ere bada arrazoietako bat (alokairua zabalduagoa dagoen herrialdeetan mugikortasuna ere handiagoa izaten da). Baina bada bertze motibo bat mugikortasun horretan laguntzen ez duena. Langabezi bulegoen zatiketa adminstratiboa ere bada arazo.

Nafarroan erroldatua dagoen langabe batek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eman behar du izena (ordaindu Espainiako enplegu sareak ordainduko dion arren). Horrek, ezinbertzean, mugatu egiten du zein lan eskaintzatara izanen duen sarbidea (ia erabat Nafarroakoetan, eta batez ere bere eskualdekoetarako lan eskaintzetan baino ez), eta bertze hainbertze gertatzen da formakuntzarekin ere. Nafarroan bizi den langabeak ezin du langabetuentzako doako formakuntzarik hartu ondoko herrialdeetan, Gipuzkoan, errate baterako.

Betiko moduan, egoera hori lazgarriagoa da herrialdeen arteko mugan bizi direnentzat. Bidasoaldean adibidez. Irungo herritar batek mugatua du Hendaiako zenbait enplegu eskaintzetan parte hartzea (Enplegu poloak kudeatutakoetan), zein Berakoetan parte hartzea (Nafarroako Enplegu Zerbitzuarenetan), eta alderantziz, beratarrak ez du sarbiderik Lanbideren zerbitzuetara… Eta jakina, nekez egin dezkae tramiterik hiru eremuetan hizkuntza komunean, euskaraz, alegia.

Gero kexu izanen dira herritarrek ez dutela euren sorlekutik mugitu nahi lan kontuengatik, ez direla prest mugitzeko. Administrazioa bera da oztopo gehien jartzen duena mugikortasun horretarako!

Eta hau guztia Europa bakarrean, gure herria aitortzen ez duen estatu batean…

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.