La Naval hil zorian

Gaur jakin dugu prentsaren bidez La Navaleko laurehun langilek, ERE baten bidetik, utzi egingo diola lanari Apirilean.

Historia luzeko ontziola dugu hau, gasa garraiatzeko ontziak egiten azken urteetan espezialdua zegoena. Larogeiko hamarkadaren krisia nekez gainditu ondoren, Korearrekin lehian mantendu zen enpresa, hainbat erronka teknologikori aurre egin ondoren.

Krisia sortu zenean, bankuak hondatuko zirela esan ondoren, ezohiko neurriak hartu behar izan ziren haien alde. Gaur, ordea, badakigu 2009ko urtea irabazi handiekin bukatu dutela bankuek.

Ondoren, jakin genuen ibilgailuen industria sostengatu behar zela, eta autoak erosteko laguntzak bultzatu ziren. Eraikuntza industriari nolabaiteko bultzada emateko, eta gu edonora gero eta azkarrago joan ahal izateko, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuak geldialdirik ez duela ikusiko ziurtatu du Arriola sailburuak.

Orain, gutxika, eta gobernuen zorrak handitzen doazen eran, ikusten ari gara nolako hozkadak ematen dituen krisi honek, politikoek esandakoaren kontrakoak erakutsiz. Ontzigintza gure ondare historiko, altxor teknologiko eta familia askoren lanbide da gaur. Oraindik. Bere balorea estrategikoa da Euskal Herriarentzat.

Gobernuari dagokio orain laguntzea, eta bide askotan gauzatu liteke hori.

Batetik, kanpoan gestioak egin eta kontratu berriak lortuz.

Bestetik, ontzitegiari kontratu berriak emanez, ontziak egiteko ez bada, olatuetatik energia lortzeko,  krisialdietan erabiltzeko balio duen erietxe-ontzi bat enkargatuz, esate baterako, edota Euskal Herriko kosta umeei erakusteko. Zer dakit nik.

Horretarako, trenaren proiektua mantxotu behar bada, bankuei zerga berezi bat ezarri edo funtzionarien soldata izoztu, aurrera. Eta ez irri egin, neu ere funtzionarioa naiz eta.

Museoez gain, egiazko gauzak egiten jarraitu behar dugu: gazta, ontziak, kotxeak, txirrindak…

Irudia | Garabiak | Lucky Intenski | Creative Commons By SALa Naval hil zorian
industria, krisia, Naval
Unai Ugalde

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, bainan zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude