Diru fisikorik gabeko gizartea

DiruaIgande arratsaldeak ezin hobeak dira lagunartean mundua konpontzeko: krisia dela, politika dela, hezkuntza dela… “Nola gainditu krisia?”, behin baino gehiagotan egiten dugun galdera. Erantzunak, asko; batez ere tartean ekonomialari bat izanda. Bere azken proposamena: Diru fisiko guztia desagerraraztea. Zertan datza hori?

–Diru transferentzia guztiak bankutik pasa beharko dira, operazio guztiak erregistratuta geratuko dira. Estatuak eta bankuek uneoro jakingo dute non dagoen dirua eta nola mugitzen den. Modu horretan, iruzur fiskala eta murgildutako ekonomia ekidingo lirateke. Ba al dakizue zenbat eta zenbat milioi euro dagoen beltzean mugitzen? Diru hori guztia zurituz gero, di-da irtengo ginateke krisitik eta gizarte zerbitzuak ikaragarri hobetzeko aukera izango genuke.

Beste abantaila bat: zerga gutxiago ordainduko genituzke. Diru guztia kontrolatua egongo denez, urte amaieran ogasunari diru gutxiago eman beharko genioke, guzti-guztiok dagokiguna ordainduko baikenuke. Ba al dakizue zenbat enpresarik ogasunari gutxienekoa soilik aitortzen diotena? Asko, zuek uste baino askoz ere gehiago. Bai, bai; gero kaletik kristoren kotxearekin ikusten dituzun horietako “autonomo gizajoak”. Eta hori diotsut egunero ikusten dudalako, ez dira nire asmazioak.

–Beraz, ez bada eskutik eskura dirurik pasatzen, ez da diru beltzik egongo eta, hortaz, ez da negozio zikinik egongo ere, ezta?

–Hori da. Demagun marihuana pixka bat erosi nahi dudala, edota nire denbora librean, sos batzuk ateratzeko, klase partikularrak ematen dizkiodala ikasle bati.Operazio horiek  txartelaz ordaindu beharko nituzke eta erregistratuta geratuko lirateke, ordainketa horietatik gero dagokion zerga portzentajea automatikoki ordainduko litzateke. Beraz; agur, diru beltza.

–Zaude pixka batean, ekonomialari buruargi hori. Eta zer gertatzen da trukearekin? Nire erlojuaren truke droga erosi nahi badut?

–Arrazoi duzu. Hori kontrolaezina da. Baina trukeen sistema, azken batean, mugatua da. Ezin da beti objektuen trukean oinarritutako sistema extraofizial bat sortu, pentsa, sostengaezina da. Baina, behintzat, diru beltzaren eta negozio zikinen portzentaje oso handi batekin amaitzen dugu.

–Ba niri hori utopia hutsa iruditzen zait.

–Ez pentsa. Frantzian, adibidez, ezin dute egunean 300 euro baino gehiago atera kutxazainetatik eta txekeekin ordaintzea oso ohikoa da. Pixkanaka-pixkanaka, lor daiteke.

–Tira, baina niri ez dit grazia apurrik ere egiten bankuek eta gobernuek nire diru guztia kontrolatuta izan dezaten. George Orwellen 1984 eleberriaren kutsua hartzen diot. Intentzio onekin hasiko litzateke gauza, baina horren kontrola galduz gero, morroi bilakatuko ginateke.

–Bai, hori muturreko kasu batean. Baina, bestela, merezi duela uste dut, gizarte osasuntsu batean bizi nahi badugu, behintzat.

–Ekonomialaria, beti ekonomialari…

Zer duzu buruan “Diru fisikorik gabeko gizartea”-ri buruz

  • Trukeen sistema mugatua dela? Uffa…

    Dirua azken finean trukeak errezteko sistema besterik ez da. Txanponak erabili aurretik gogoratu zer erabiltzen genuen: urrea. Gaur egun urre trukeak bizirik dirau, eta diru fisikoa desagerterazten bada urrearekin negoziatuko litzateke “beltzean” arazo askorik gabe.

    Hortaz urrearen salmenta-erosketak kontrolatu beharko genituzke. Baina gaur urrea den bezela, bihar salneurri estable bat duen beste edozein objetu izan liteke…

    Vamos, trabak jar ditzazkegu, baina ez uste merkatu beltz hori desagertaraziko dugula diru fisikoa desagertaraziz.