Aldaketa lagundu, ez behartu

Sare sozialetara egin behar den bide horretan, maiz aditu dut lankideen prestutasun eza zela enpresetan dagoen oztoporik handiena. Eta egia erran, erraz sinisten dut, ibili naizen enpresetan gehiengoak begi txarrez ikusten zuelako aldaketa hori. Batzuentzat bizi pertsonalaren exibizionismoa zen, beste batzuentzat, lan karga gehiago. Aitzakiarik ez zen falta, baina gauzak dauden bezala, ezin da ukatu enpresek egin behar duten bidea dela, eta ez enpresek bakarrik, baizik eta enpresa egiten duten lankideek ere.

Azkenean, enpresa lankideak dira, eta enpresaren irudia web 2.0 horretan lankideek egiten dute neurri handi batean. Gisa berean, hemen maiz aipatu dudan bezala, askoz ere eraginkorragoa da lankideek berek ziurtatzea enpresaren presentzia web 2.0 delakoan, izan sare sozialen bidez edo blog korporatibo baten bidez. Komunikatzeko bide hori beste enpresa baten esku uzteak arrisku asko ditu. (Sare sozialak barneratu, ez kanporatu).

Beharrezkoa da beraz lankideek berek egitea sare sozialetarako urrats hori. Joan den hilabetean, Donostian egindako Indusmedia jardunaldian, Alfonso Alcantara @yoriento pertsonen garapen profesionalerako ahokulariari aditu nion enpresa baten irudia askoz ere sinesgarriagoa zela lankideek hitz egiten bazuten. Funtsean egia da lankide batek ez dela behartuta enpresaz ongi hitz egitea, bai ordea, komunikazio arduradunak edo Community Managerrak.

Baina argi utzi zuen lankideak ezin direla behartu, politika horrek ez daukala emaitza onik. Aldaketa lagundu behar zela zion, ikastaroak antolatu behar zirela, baina inoiz ez parte hartzera behartu. Hori bai, gutxieneko parte-hartzea bermatzeko irekienak diren edo jakinmina erakutsi duten lankideengandik parte hartzeko konpromisua adostearen alde agertu zen. Are gehiago, kasu batzuetan alderantzizko psikologia erabili izan duela aitortu zuen, alegia lankide horiekin ikastaro itxiak antolatu besteen arreta eta jakinmina deitzeko eta pizteko.

Agian zuetariko batzuei gaizki irudituko zaizue datorren bideo horretan lankidea mutiko horrekin alderatzea, baina onartu behar dugu gehien-gehienetan behartutakoaren aurka goazela. Nik behintzat onartzen dut horrelakoa naizela. Ez dakit gizakiaren psikologiarekin zerikusia ote duen, baina nahiago dut pentsatu nik erabakitako gauzak egiten ditudala, beste batek behartuta baino.

GAUZA AGERIA