Arte[faktua] 166: Edorta Jimenezen ‘Nikole bijotzekua’, Sabino Arana eta Nikolasa Atxikallenderen arteko maitasunaren erakuslea
Arte[faktua] 166: Edorta Jimenez ‘Nikole bijotzekua’ –
Edorta Jimenez idazle mundakarra izango da aste honetako elkarrizketatu nagusia. Jimenezek Nikole bijotzekua (Elkar) argitaratu du; bertan Sabino Aranaren alargun Nikolasa Atxikallende berreskuratu du, besteak beste, senarrak emazteari idatzitako gutunen bitartez. Emakumezko protagonista duen istorioa izanik, egileak Nikoleri buruz andre batek idaztea nahi zuen. Alabaina, prestutasun faltak eta 2020ko itxialdiak, ariketa literarioa beregain hartzera eraman zuten. Honetaz guztiaz berba egiteko, Sukarrietako Abiña auzoan elkartuko da saioa idazlearekin.
Jimenezek Yurre Ugarte idazle, gidoilari eta errealizadorea gonbidatuko du programara. ‘Goenkale’ telesailean ezagutu zuen mundakarra, eta gertutik jarraitu du haren azken liburua.
Aste honetako literatur gomendioa Jesus Garate irakurle baionarraren eskutik ailegatuko da. Horretarako, Idoia Santamariak itzulitako W.G. Sebald-en Austerlitz (Igela) nobela aukeratuko du.
Bestalde, Josu Guillen Kanaldude telebistako ‘Harri Salda’ saioko aurkezle eta zuzendariarenera joko dugu, komunikatzaile honek Apalategian gordetzen dituen liburuak ezagutzeko asmoz.
Emankizunaren amaiera gisa, Aitziber Garmendia aurkezle eta aktoreak eginiko booktubea erakutsiko dugu. Galtzagorri elkarteak antolatutako “Booktuberboom_+” leihaketaren bosgarren ediziorako aurkeztu zuen bideoa izango da.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en
Arte[faktua] 166: Edorta Jimenezen ‘Nikole bijotzekua’, Sabino Arana eta Nikolasa Atxikallenderen arteko maitasunaren erakuslea
+ Aurreko ataletan…
Arte[faktua] 162: Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ literatura mintzagai duen saiakera