Zapia burutik kendu bai, baina ez begietan jartzeko

Zapia burutik kendu bai, baina ez begietan jartzeko –

Giroa nahasia dago Iranen. Iragan astean polizia iraniarrak Mahsa Amini 22 urteko gazte kurdua atxilotu zuen, buruko zapia “gaizki jarrita” zeukala argudiatuz. Komisaldegian eman zioten jipoiaren ondorioz hil egin da Amini. 

Zapia burutik kendu bai, baina ez begietan jartzeko
Arg: Bruno Feitosa

 

Emakume kurdu honen hilketak samina eta amorrua azaleratu ditu herrialdean, eta milaka dira kalera protestan atera diren herritarrak, orohar, eta emakumeak (gazteak) bereziki. Irudi ederrak ikusi ahal izan dira egun hauetan, tartean neska ugari, une berean, haien “hijab”-ak kentzen. Emakumeen egoera ez da samurra Iranen, are gutxiago gobernuan daudenak ultrakontserbadoreak direnean. Ea ataka honetatik indartsuago atera eta botere harremana haien aldera erakartzen duten, euren giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izan daitezen.

Gatazka honek, beste guztien moduan, baditu, ordea, bere aurkia eta ifrentzua.

Iran G7aren interesei men egiten ez dion herrialde bat da, AEBkin eta Israelekin talka etengabean bizi izan dena azken hamarkadetan (eta ondorioz Saudi Arabiarekin ere, noski), tartean isun, blokeo eta mota ezberdinetako erasoak jasaten. Lehen lerroko subjektua da Ekialde Hurbilean: Yemengo hutiak laguntzen, Hezbolarekin duen aliantza, Siriako gobernuari eskaini dion babesa…

Ardura, beraz, agerikoa da, mendebaldeak kasu zehatz honi eman dion oihartzunaren gibelean dauden interesak begibistakoak direlako: Irango gobernua eta erregimen bera kolokan ipintzea, posible balitz euren sokako beste bat jartzeko. Kokatu dezagun, une batez, azken urteetan Iran inguratua izan dutela mendebaldeko potentziek, Irak baitu mendebaldean eta Afghanistan ekialdean. Kokatu dezagun ere egun hauetan indarra hartzen ari den Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gatazka militarra bere ipar-mendebaldeko mugan dagoela. Eta amaitzeko, Iranek harreman onak dauzkala Txina eta Errusiarekin, eta egungo gatazka guztien aterkia da ea zein den herrialde batek lehenesten duen sozio ekonomikoa: Txina edo AEB. Noski, Iran herrialde aberatsa da. petrolioa, gas naturala, mineralak…

Era berean, Irango gobernu teokrata eta fundamentalistak ezkerreko militanteen aurkako errepresio gordina gauzati du, baita Kurdistanen aurkakoa ere.

Testuingurua ulertzen saiatzeko ahalegin txiki bat besterik ez da gogoeta labur hau. Zapia burutik kendu bai, baina ez dezagun guk begietan jarri.

Eta gora Kurdistan eta Irango emakumeen borroka.

Zapia burutik kendu bai, baina ez begietan jartzeko