Lili Marleen kantuaren nondik norakoak
Lili Marleen kantuaren nondik norakoak –
Gizateriaren historian, momenturik krudelenetan, momenturik latzenetan, gerlarik gorrienetan, sarraskirik ankerrenetan… izan dira beti amodiozko istorio ederrak, eta ainitzetan istorio horiek herri literaturan azaldu dira, bertsoetan, abestietan… Horietako bat dugu orain lerro hauetara ekarriko dudan Lili Marleen kantu ederraren kasua. Ikus dezagun.
Hans Leip soldadu-olerkaria
Lehen Gerla Handiaren garaian, Hans Leip soldadu alemaniar gaztea Errusiako frontera igorri zuten eta hantxe, zaintzak egiten zituen bitartean, herrian utzitako emaztegaiaren oroitzapenetan, maitasunezko olerki ederra idatzi zuen. Olerki horretan, kasernaren aitzineko farolaren azpian izan zuten agurraz aipatzen du. Neskaren izena Lili omen zen eta Marleen frontean zen erizain baten deitura omen. Horretaz ez dago datu argirik, eta hipotesi gehiago ere badira. Olerkiaren izena: Das Lied eines jungen Soldaten auf der Wacht (Zaintza egiten ari den soldadu gazte baten kantua)
1937an, olerki bilduma baten barruan, Hans Leip-en olerkia agertu zen, eta Norbert Schultze konpositoreari gustatu zitzaionez, musikatu egin zuen. Izen berria jarri zion: Das Mädchen unter der Laterne (Farolaren azpiko neska). 1939ko agorrilaren 2an, Berlingo Electrola etxeak Lale Andersen abeslariaren disko bat plazaratu zuen eta bertan Hans Leip-en olerki musikatua entzun zitekeen. Ez zuen arrakasta handirik izan, eta soil-soilik zazpiehun ale inguru saldu omen zituzten.
Segidan dugu alemanez gehien zabaldu den bertsioaren testua: Lili Marleen / Vor der Kaserne / Vor dem großen Tor / Stand eine Laterne /
Und steht sie noch davor / So woll’n wir uns da wieder seh’n / Bei der Laterne wollen wir steh’n / Wie einst Lili Marleen // Unsere beide Schatten / Sah’n wie einer aus / Daß wir so lieb uns hatten / Das sah man gleich daraus / Und alle Leute soll’n es seh’n / Wenn wir bei der Laterne steh’n / Wie einst Lili Marleen.//
Schon rief der Posten, / Sie blasen Zapfenstreich / Das kann drei Tage kosten / Kam’rad, ich komm sogleich / Da sagten wir auf Wiedersehen / Wie gerne wollt ich mit dir geh’n / Mit dir Lili Marleen.// Deine Schritte kennt sie, / Deinen zieren Gang / Alle Abend brennt sie,/ Doch mich vergaß sie lang / Und sollte mir ein Leid gescheh’n / Wer wird bei der Laterne stehen / Mit dir Lili Marleen?// Aus dem stillen Raume, / Aus der Erde Grund / Hebt mich wie im Traume / Dein verliebter Mund / Wenn sich die späten Nebel drehn / Werd’ ich bei der Laterne steh’n / Wie einst Lili Marleen.
.
Kantuaren hedapen handia
Bigarren Gerla Handiaren garaian, 1940. urtean, hain zuzen ere, konpainia korazatu bateko azpi-ofizial batek diskoa jarri zuen bere koartelan, eta agintari eta soldaduen gustukoa izanik, konpainiaren kantutzat hartu zuten. 1941eko udaberrian aipatu konpainia Afrikara igorri zuten, Erwwin Rommel mariskalaren agindupeko Afrika Korps delakoan parte hartzera.
Konpainiako Karl Heinz Reintgen ofiziala Belgradera bidali zuten hiri horretako irrati militarraren buru izan zedin. Berarekin Lili Marleen-en diskoa eraman zuen eta 1941eko agorrilaren 18an plazaratu zuen irratsaio batean. Abestia Afrikako basamortuetan borrokatzen ari ziren soldadu alemaniarrei eskaini zien. Rommeli izugarri gustatu zitzaion eta eguneroko irratsaioetan sartzeko eskatu zien. Hortik aitzina, kantuak izugarrizko arrakasta atzeman zuen soldadu alemaniarren artean, eta egunero ematen zuten aipatu irratsaioetan. Kantuaren ospea bi fronteetara zabaldu zen, soldadu aliatuek ere irrati horren saio musikalak entzuten baitzituzten, eta bi aldeetan abestia izugarri ospetsua egin zen. Baina kantua ez zen III. Reich-eko Josef Goebbels propaganda ministroaren gustukoa izan eta irratian emateko debekua eman zuen. Soldadu alemaniarren protestak izugarri handiak izan zirenez, Belgrad Irratiak gauero ematen jarraitu zuen.
Horrela, Bigarren Gerla Handia bukatu aitzin, jadanik abestia izugarri famatua zen Europa osoan eta hainbat mintzairatara itzuli zuten. Alemanieraz, Lale Andersen-ez gain, Willy Fritsch-ek, Heyn Quartett laukoteak, Wehrmach-eko abesbatzak eta Mimi Thomak kantatu zuten.
1942an Lale Andersen-ek ingelesezko lehen bertsio bat plazaratu zuen. 1943an BBC-k Hitlerren aurkako eguneroko irratsaio batean sartu zuen Lucy Mannheim-ek kantaturik. 1944an Anne Shelton eta Vera Lynn abeslariek kantatu zuten. Horrela izanik, III. Armada Britaniarrak kantua bereganatu zuen eta hedapen handia eman zion ingelesen kaserna eta ospitale militarretan. Urte berean, Perry Como kantariaren bertsioak Estatu Batuetako abestien sailkapenean hamahirugarren tokia atzeman zuen.
1945ean, nazismoaren atzaparretatik Alemaniatik Estatu Batuetara ihes egindako Marlene Dietrich aktore eta kantariak ingelesezko bertsio bat plazaratu zuen, eta hogei urtetan haren errepertorioko kanturik ospetsuena izan zen. Alemanieraz ere abestu zuen. Suzy Soildor-ek frantsesez kantatu zuen, Milly-k eta Meme Bianchik italieraz, Ilona Nagykovácsi-k hungarieraz, Georg Malmsten-ek finlandieraz eta Lou Brandy-k danieraz.
.
Euskarazko itzulpena
Gerora, beste berrogei bat hizkuntzatara itzuli zuten, baina itzulpen hauek ez ziren beti kantatuak izateko prestatuak. Horixe gertatu da norbaitek euskarara itzuliriko bertsioarekin. Tamalez, ez dut jakin nork eta noiz egin duen.
Hona hemen: Lili Marleen / Koartelaren aurrealdean, / atariaren aurrean, / farola bat zegoen, / eta oraindik han dago. / Han berriz elkartuko gara, / farolaren azpian egongo gara. / Lehen bezalaxe, Lili Marleen. // Gure bi itzalak / bat ziruditen. / Hainbeste maite ginen / non itxura hori zuen. / Eta jende guztiak ikusiko du, / farolaren azpian egongo garenean. / Lehen bezalaxe, Lili Marleen. // Zaindariak berehala deiadar egin du / “Ikuskatzea burutzen ari dira / Hau hiru egun kostatuko zaik” /Adiskide, banoak / Orduan elkarri agur esaten genion / Zurekin abestuz joango nintzen / Zurekin, Lili Marleen // Berak zure pausoak ezagutzen zituen / zure ibilkera galaia / arratsalde guztietan kiskaltzen zen nahiz eta ahaztua ninduen / eta zeozer gertatuko balitzaidake / Nor jarriko zen farolaren azpian / Zurekin?, Lili Marleen // Eremu isiletik / Lurraren lurretatik / Amets batean bezala mantentzen naute / zure ezpain zoragarriak / Gaueko lainoa pilatzen denean / ni farolan egongo naiz / Lehen bezalaxe, Lili Marleen.
Gazte-gaztetik maitatu dut kantu hau, eta euskaraz kantatzeko bertsiorik ez zegoenez gero, neronek egin dut bertsio bat, jarraian emanen dudana. Izan dadila nire bertsio hau Hans Leip-en eta Lili-ren artean piztu zen maitasunari egiten diodan omenaldi xume baina bihotzekoa. Gerla, hilketa eta sarraski guztien gainetik amodioa nagusitzen baita beti.
…
Lili Marleen
1.- Kasernaren aintzin-aintzineko aldean, / ate nagusiaren ondo-ondotxoa, / hantxe bazen kale-argi bat / ta oraindino / hortxe dago / gure biltokia. / Bai, bai, Lili Marleen! (bi aldiz) // 2.- Kale-argitsu horren azpi-azpian, / biok biltzen ginen maitasun haundian, / eta gu bion itzalak / elkartzen ziren / biltokian. / Hor bilduko gira / bihar Lili Marleen! (bi aldiz) //3.- Zaindariak berehala dei egin digu:/ “Kasu, ikuskatzea ari duk bukatzen! / Hau hiru egun kostako zaik!” / Elkarri agur / genioen, / Agur nire maite! / Agur Lili Marleen! (bi aldiz) // 4.- Berak nire pausoak ezagutzen zituen,/ atsalde guztietan han ibiltzen baitzen. / Zerbait gertatu ezkero,/ noiz bilduko / argi azpian / zukin Lili Marleen? / zukin Lili Marleen?(bi aldiz) //5.- Eremu isiletik nire gogoetan / zure ezpainekin amets dut egiten. / Noiz besarkatuko zaitut / argi azpian? / Maitasunez / zain izanen nauzu / beti, Lili Marleen! (bi aldiz) // Beti, Lili Marleen!!!
Kaixo, egun on!
eskerrik hanitx artikulu honegatik! niri ere betidanik gustatu izan zait kantu hau, ez dakit zergatik, beharbada bihotzetik ateratako hitzak direlako? maitasunezko benetako hitzak?
Egia da euskaraz ez dudala inoiz entzun kantu hau, baina behin ETBn Gontzal Mendibilek alemanez kantatu zuela uste dut… gustura kantatuko nuke euskaraz, bai…
Ederra.
Guk erderaz kantatzen genuen kanta hau marianisten ikastetxe batean. Bertsolariek ere doinu hau erabili izan dute Donostiako taberna bateko saioan.