Abizenak, gure hizkuntzaren lekuko

Abizenak, gure hizkuntzaren lekuko –

Harritzekoa da zenbat pertsona dagoen, abizen erabat euskaldun izanik, bere esanahia ezagutzen ez duena. Eta are gehiago, ezagututa ere, euskal abizenen patroiak eta egiturak ezagutzen ez dituena.

Beno, aitortu behar dut, antzina nik neuk ere ez nuela hain argi. Saiatuko naiz, ordea, patroien kontu hori hemen azaltzen.

 

Mundu mailan dauden abizenak multzokatu daitezke. Badira lanbideak, pertsonaren ezaugarriak, senidetza… eta abar adierazten dutenak. Toponimikoak ere badaude. Bada, euskal abizenen artean, toponimian oinarritzea -alegia, tokiaren deskripzioan oinarritzea- patroi nagusienetakoa da.

Bestalde, abizen askotan, ez dago erabat argi euskalduna den edo ez. Hori bai, badaude, inolako zalantzarik gabe, euskaldunak direla dakigunak.

  • Adibidez: Etxeberria edo Lekuona, ez dute eztabaidarik sortzen.    Baina, Salazar edo Cortazar?

Beno, ba, azken hauek euskaldunak direla baiezta daiteke, analisi semantiko eta etimologikoa eginez. Nolatan?

Demagun Salazar (Espainian eta Hegoamerikan oso hedatutakoa, bitxia bada ere). Badugu, Salaberri eta Salabarri. Gainera,  Sala eta Salaburu abizenak ere badaude.

Hau da, Sala (“etxalde” edo “atari” esanahia duena), berri (ekialdean) eta barri (mendebaldean) adjektiboekin konbinatzen da. berri eta barri dikotomia beste hainbatetan agertzen da: Iriberri/Uribarri, Etxeberria/Etxebarria, Kortaberria/Kortabarria, Olaberria/Olabarria

zar bukaerak zahar esan nahi du. Partikula hau zenbait abizenetan dugu: Urizar, Irizar, Urkizar, Ortuzar, Zubizarreta, Garaizar, Etxezareta…

Aldaera horrek badu azalpenik: antzina, Hrik ez zen erabiltzen Hego Euskal Herrian. Horren adibide: Arriaga, Ormaetxea, Ormazabal, Iruarrizaga… (harri, horma, hiru… gaur egun Hrekin idazten dira).

Hortaz, badugu, sala zahar eta sala berria. Zentzua badu, ezta? Gauza bera korta zahar eta korta berri konbinaketaz (Korta, Kortabitarte, Kortajarena… ere existitzen dira).

.

Azalpen hauetan sakontzeko, hurrengo bideoa duzu ikusgai:

.

Abizenen “sarea” ere egin daiteke. Elementu batek bestera zaramatza, sarea ehunduz, holaxe:

Euskal Abizenak jatorria esanahia euskatzaindia onomastika

Sakontzeko: euskaragara.net
Abizenak, gure hizkuntzaren lekuko

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

9 pentsamendu “Abizenak, gure hizkuntzaren lekuko”-ri buruz

  • Lan puska! Oso interesgarria!

    • Mila esker. Hemen, lanaren zati txiki bat baino ez dago. Ia 3.000 abizen multzokatu eta zerrendatuak ditut Liburu Birtualean. -AGA bukaerarekin, adibidez, 121 bildu ditut. Baina ia guztiak euskal ortografia arauak soilik jarraituz (bestela nahaste borraste handia litzateke).

  • A. Aranburu 2018-12-17 23:24

    Hainbat ohar (erne, ez naiz inondik ere gai honetan aditua):

    1) “Apellidos hispanos” direlakoak (“López, García, Pérez, González, Sánchez, Martínez, Fernández”) ez dute menpekotasunik adierazten. Aitzitik, uneren batean, aita “Lope” zuen Martín izeneko batek Martín López izendatuko zuen bere burua (aitaren izena “Pere” -Pedro, Peter, Pierre, Peru…-, “Gonzalo”, “Sancho”, “Martín”… zuenak, antzera jokatuko zuen [edo ez, agian jaiolekua, ogibidea… erabili zituen bere burua bereizteko]).

    2) Ez dira gutxi García/Garcés, Sánchez, Velasco… gisakoek euskal erroa dutela (edota erdal erroa izanik, penintsulan euskal herritik zabaldu zirela) diotenak.

    3) Erdaldun askok euskal deiturak dituzten bezalaxe, euskaldunon artean ere aspalditik dira erdal jatorriko deiturak. Erdal jatorrikoak diot, ez atzerrikoak, “López” izeneko baten arbasoak ez baitzuten zertan kanpotar izan (are gehiago, gogoan dut nola XIV. mende amaierako dokumentu batean, aita “Ochoa” -izen guztiz ohikoa ertaroko euskaldun gizonezkoen artean- zuenak “Ochoa López” izendatzen zuen bere burua -hau da, “Otsoa, otsoaren [Lope] semea”-).

    4) Ez ahaztu, Espainiako Erresuman bederen, deiturak ezartzeko sistema ez dela orain dela oso gutxira arte arautu: ez dira beti bi izan (bakarra zen ohikoena -soila nahiz konposatua-), ez dute beti ordena bera mantendu (aita Larramendik, esaterako, amaren deitura nahiago izan zuen), ez dira beti “bere horretan” transmititu (guk gure gurasoen deitura berak ditugu, baina izena etxetik hartzen zuena etxez aldatuz gero, behin Martín de Aranguren zena, Martín de Urrutia bilakatu zitekeen orain dela 500 urte)…

    5) Bi, lau, zortzi eta nahi beste deitura bata bestearen ostean zerrendatzen baditugu ere, deitura bakarra izan da ohikoena (soila -Sánchez, Zabala, etab.- nahiz konposatua -Martín de Zárate, López de Legazpi, etab. [ingurunea elebakarra izanagatik ere, erromantzea erabiltzea oso ohikoa zen -ezarian, erdal zatia baztertu zen-]). Bestalde, deiturak ez dira beti esanguratsuak izan: itzal handiko leinu bateko kide zenak, ozen esango zukeen berea (Guevara, Idiáquez, Mendoza… lekuan lekukoak, garaian garaikoak); bestalde, aurreko mende hasieran bertan, bazen udaletxera joan arte bere deitura ofiziala ezagutzen ez zuenik (“Urrutiko Joxe” bizilagunarentzat, “José de Ibarra” juezarentzat, esaterako).

    6) Erdi Aroan, deitura hibridoak guztiz ohikoak ziren (batez ere Araban mantendu dira “Ortiz de Zárate”, “González de Ulíbarri”, “López de Legazpi” gisakoak). Ikusi nola nahasi ohi ziren euskara eta erdara (erromantzea), familia eta bizilekua.

    7) Azken hamarkadetan lan ederra egin bada ere, deitura askoren etimologia ezezaguna da. Askotan, ustez argia den izenak oso bestelako esanahia du (“Artola” artoaren tailerra dela aipatzen da bideoan, zergatik ez ardi-borda (ardi + ola [etxola])? Egurrola eta Arriolak ez ote dituzte zurezko eta harrizko etxolak izendatuko?). Nondik ote dator Alberdi [noizbait “Arbeldi” omen zen]? “Idiakez”-ek zer arraio esan nahi du, bada [hau ere guztiz okertu al zaigu]? Filologoak gai dira hitz batzuen aurretiko forma aurkitzeko (“Eitza”, “Eizagirre”, “Aretxa”, etab. denak omen datoz “haritz”-etik [hareitza, haretxa…]), ez denenak, ordea.

    8) Euskal deiturak batik bat toponimikoak (leku-izenak) direla esan ohi da. Baieztapen onargarria dirudi, zeren eta Aro Modernoan (1500 geroztik, gutxi gorabehera) etxe izenak erabiltzea zen ohikoena (noizbat lizar ugari izan ziren lekuan etxe/baserri bat eraikiz gero, “Lizarraga”, “Lizardi”, “Lizarralde”… izendatuko zen berau (fitonimia oso ohikoa da gurean); ehun urte beranduago han jaiotakoa, “Martín de Lizarralde” izango zen). Lehenago edo beranduago, deitura finkatuko zen, eta Martín de Lizarralderen seme-alabak, Ameriketan jaio arren, “de Lizarralde” izaten jarraituko zuten (eta, geroago, “de” hori galduko zuten, ziurrenik).

    Askoz gehiago esan liteke, baina goiko hau nahikoa delakoan nago. Ea inori baliagarri zaion.

    • Esker mila zure iruzkin landuagatik. Burutazio horiek guztiak nire burmuinetik pasa dira, ez pentsa! Baina bideo batean oso mugatua zaude azalpen guztiak emateko!

  • Artikuluaren gaiaz baliatuta, aspaldian daukadan duda bat plazaratuko dut, ea norbaitek argitzen didan.

    Espainolezko Wikipedian hau esaten da euskal izen-deiturei buruz (“Antroponimia vasca”):

    “En la actualidad, se compone de nombre de pila y dos apellidos, por lo general, primero el paterno y segundo el materno”.

    Ingelesezkoan, berriz (Basque surnames):

    “As is the legal convention in Spain, Basques in the South have double legal surnames, the first being that of the father and the second that of the mother. In the North, Basques legally have only one surname as is the convention in France”.

    Hortaz, egia baldin bada ingelesezkoak dioena Euskal Herri kontinentalaz, orduan Wikipedia espainolak gezurra esaten du, edo egia erdia behintzat, euskaldun denak sartzen dituelako Espainiako erabilera legalaren barruan.

    Norbaitek argitzerik bai? Eta milesker!

  • A. Aranburu 2018-12-18 18:45

    Noski, Euskal Herria Espainiako Erresumaren eta Frantziako Errepublikaren menpe dagoen heinean, sistema desberdinak dira indarrean. Batean bi, bestean bakarra.

    Ingelesezko artikuluak ere egia erdia dio, ordea: Espainiako araudiak baimentzen du lehen deitura ofiziala amarena izan dadin 😉

  • Jose Inazio Luzuriaga 2018-12-19 18:24

    Interpretazioan adostasunik ez dauzkaten abizen batzuk ezagutzen ditugu, “ama” hitzan amaitzen direnak, kasu. Batzuek diotenez ez dira euskarazkoak, zeltikoak dira…. Nik uste dut euskararekin lotzen direla eta ez dela hain urrutira joan behar azalpenak emateko; kontrakoa dionak argudioz ilustratu beharko du bere iritzia. Izan ere, Euskal Herrian ugari dira “ama” horretan amaitzen diren izenak: Arakama (Zegama aldean, Araka izena ematen diote arroila moduko sakonera bati), Arama, Zegama, Zezama (Entzian) txerrama, Iturrama, (iturburu ?)… Beno, ea norbaitek argitzen duen gaia. Eskerrik asko.

  • Zorionak. Pernandoren egiak agerian 2018an. Ez haiz makala

  • Lan puska? Kakaren hurrengoa! Ha hasperena izan da Euskal Herri osoan XV. Mendera arte eta geroago,