Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia

Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia –

Inexa Gaxen 1566an sortu zen Baxenabarreko Bastida herrian, Gaxen auzategian, hain zuzen, eta hortik datorkio deitura. Ttipi-ttipitatik belarren indarrak eta ahalmenak ikasten ahalegindu zen. Hori ez zen haren familiaren gustukoa izan, eta hamalau urte zituelarik, aitak etxetik igorri zuen eta Lapurdiko Hendaiara bidali. Hendaian bizi zela, sendabelarren jakintza zabaltzen eta praktikatzen jarraitu zuen.

Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia

Garai haiek korapilatsu samarrak ziren. Joana Albretekoaren semea, Nafarroako Henrike IIIa, Frantziako IVa bilakatua zen eta aginduak Parisetik ematen zituen, erresuma zaharra arras ahantzia. Henrike IIIa protestantismoan hezia izan bazen ere, Frantziako errege-kadiran eseri ahal izateko katolizismora bihurtua zen. Lapurdiko jauntxoak, Urtubiako eta Senpereko jaunak, hor zebiltzan heien boterea handitu nahian, eta Lapurdiko Biltzarraren aurka eginez, eta hori dela eta, Henrike III.ari Lapurdin sorginak nonahi zeudela jakinarazi zioten eta heien kontrako epaile bat igor zezala eskatu. Eta horrela egin zuen, Lapurdira De Lancre epaile fanatiko eta odoltsua igorriz. Datu zehatzik ez bada ere, badirudi epaile honek hiru mila pertsona inguru galdekatu eta torturatu zituela, eta pertsona ainitz, emakumeak gehien bat, su-metetan erre. Hainbat ikerlarik seiehun bat izan zirela diote.

Egoera politiko horretan kokatu beharra daukagu Inexa Gaxeni gertatu zitzaiona. Hendaiara iritsi bezain laster, haren belargile ospea berehala zabaldu zen. Herritarrek maiz harengana jotzen zuten gaitzen kontrako belar-urak eta ukenduak galdatuz eta bestelako faboreak eskatuz. Hastapenetatik Tristan Urtubia eta Altzate,  Urtubiako jauna, gibeletik ibili zitzaion. Jauntxo honek erregearen esker ona bereganatu nahian, emazte ainitzen aurka egin zuen sorginak zirelakoan, eta horixe bera egin zuen Inexarekin. 1609an, Inexak hemezortzi urte zituela, atxilotu eta zulo batean preso eduki zuen. Torturatu ondoren Akizeko presondegira igorri zuen eta han Bordeleko Parlamentuak zuen epaitu. Harrigarria bada ere, ez zuten haren kontrako frogarik topatu eta libre utzi zuten. Hala eta guztiz ere, Urtubiako jaunaren aginduz egin zizkioten torturetatik ez zen inoiz ongi osatu, eta bizitza osorako aztarnak gelditu zitzaizkion.

Hendaiara itzuli zelarik, Bidasoa ibaiaren beste aldera iragatea deliberatu eta egin zuen. Hogei urtez Irunen bizi izan zen. Geroxeago Hondarribira pasatu zen, eta bertan Pedro Sanz soldaduarekin ezkondu. Honekin alaba bat izan zuen. Hondarribian zazpi urtez bizi izan zen. 1611ko maiatzaren 6an, atxilotu zuten, berriz ere. Aitzineko urtean Logroñoko auzia izan zen Zugarramurdiko sorginen aurka, eta hori herritarren gogoan ongi sustraiturik zegoen. Jendeak bekaizkeriaz, gorrotoz edota diruzalekeriaz auzoak salatzen zituen, sorginak zirelakoan, eta hori gertatu zen Hondarribian aipatu urtean. Salatuak bost emazte izan ziren: Maria Etxegarai, Maria Garro, Maria Illarra, Katalina Bereasarra, Maria Oianguren eta Inexa Gaxen. Horietako hiru Iparraldean sortuak ziren.

Zortzi, hamar eta hamahiru urteko hiru haurren testigantza inozoaren arabera, emazte hauek Jaizkibel mendiko akelarreetan parte hartzen zuten, eta Hondarrikiko ume zein heldu ugari, sorgindurik, bilkura horietara eramaten omen zituzten. Akelarreetan azti-hitzak egiten zituzten eta horien erruz, hondoratu omen ziren hainbat itsasontzi Pasaiako badian eta arrantza kostaldetik urrundu. Gainerako emazteek heien kontrako salaketak onartu zituzten, su-metako garretatik libratu ahal izateko. Garai hartan, damutuz gero ez zituzten jadanik erretzen, bestelako zigorrak ematen zizkieten. Hala eta guztiz ere, Inexa Gaxenek haren kontrako salaketei uko egin zien beti, asmazioak zirela erranez.

Hondarribiko epaileek auzia Logroñoko Inkisizioaren esku utzi zuten. Hilabeteak behar izan ziren epaiketa egiteko eta bitartean, Hondarribian preso eduki zituzten ziega batean era guztietako umilazioak eta torturak eginez. Hil luze batzuen buruan, Alonso Salazar, Espainiako Inkisizio Burua Hondarribira joan zen eta Inexa eta gainerako emakumeak zituen itaundu. Inexa Gaxenek garbi aitortu zion belarrekin sendagaiak, ukenduak eta pozoiak egiten zituela, baina sorgina ez zela argi eta garbi erran zion. Inkisidoreak sinetsi eta libre utzi zuen.

Hondarribiko agintari eta herritarrek ez zuten ongi hartu inkisidorearen erabakia. Sekulako haserrea piztu zen herrian eta azkenean, 1611ko urrian, sei emazteak gabarra batean sartu eta Hendaiara bidali zituzten. Horietako bat, Maria Garro, hurrengo urtean itzuli zen Joanes¡ Lizardi senarrarekin bizitzeko. Preso hartu zuten eta kartzelan sartu. Bertan hil zen emandako torturen eraginez.

Inexa Gaxeni dagokionez, arrastoa galtzen zaio gabarraz Hendaiara igorri zutenean. Ez dakigu deus gehiago emazte adoretsu horretaz. Non bizi izan zen hortik aitzina? Bildu ote zen senarra eta alabarekin? Guretzat erantzunik gabeko galderak dira. Agian, ikerlari gazteen eskutik, datu berriak atzemanen ditugu hortik aitzina Inexa Gaxenekin gertatu zena jakiteko. Bitartean, hementxe bukatu behar dugu gure kontakizuna. Euskaldunok badugu zer ikasi eta zer gureganatu halako emakume kementsu baten aitzinean. Agur eta ohore Bastidako Inexa emazte libre eta adoretsuari!

Buka dezadan kontakizun hau Inexa Gaxeni bihotzez eskaini diodan olerkia lerro hauetara ekarriz.

Emazte libre izena du. Zuhaitz gazte eta lerden, / belargile zela, omen, / aitak etxetik bidali zuen, / lili eder, bihotzez goien. // Hendaiara bizitzera zen joan, / bizimodu berria bilatzen zuen han, / Urtubiako jaunak atxiloturikan, / gero borreroek hebaindu zuten ziegan. // Geroztik pasatu zen  Irunera, / geroxeago ezkondu zen Hondarribira, / han ere bekaitzak eta herrak jira-biran, / sorgina zela zioten eta zuten hartu begi-miran. // Epaiketa baten zain zela, / torturatu zuten, arraio eta kandela! / Errugabe zelakoan libratu zuten kalera / eta gabarra batean itzularazi Hendaiara. // Sortzez Bastidako alaba zen, / igorriz geroztik arrastorik ez, ez han, ez hemen, / belargile, sorgin, orain eta lehen, / zuhaitz eder, emazte libre, Inexa Gaxen.

Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia
Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia
Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia  Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia
Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

7 pentsamendu “Inexa Gaxen, makurtu gabeko lilia”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-12-16 07:56

    Eta istorio honen berri nola zenuen? Artxiboetatik atera duzu?

  • Joseba Aurkenerena 2018-12-16 10:11

    Inexa Gaxenen historia ezaguna da, eta badira hainbat artikulu eta ikerlan berari buruz. Gauza da, ainitzetan, gure historia erdi ahantzirik gelditzen dela, gure gainean dauden horien historiekin itorik.

  • Beñat Castorene 2018-12-16 17:38

    Bai Joseba, eredugarria da Inaxaren kuraia akusazio faltsuak ukatu nahiago izan zituenean, bere bizitzaren perilean.
    Halere diozu pozoiak ere egiten zituela… Norentzat ote?
    Interesatua nintzateke jakitea gehiago dakizun Urtubie eta Senpere familia horietaz.
    haiek sortu omen zuten sorginkeria kontu hura elgarri akusazioak eta kalteak eragiteko.
    Ulertu dudanez, beren jatorria Nafarroako erreinuan zaukaten eta gero beren zerbitzuak saldu zituzten inguruko erreinueri, batez ere Frantziakoari. Hortik zetozkien beren noble-titulu, frantses administrazio kargu eta guzi, ez Herriaren ganik ez eta Herriari emandako zerbitzueri esker. Horrelako beste batzu ere baziren.
    Horrengatik, elizgizonek bezala, eskubiderik ez zuten parte hartzeko Lapurdiko biltzarrean. Uste dut Lapurdikoa kasu bakarra zela Frantziako erregeak kontrolatzen zuen territorio guzian.
    Biltzarrari dagokionez, interesgarria litzateke jakitea zer izan zen bere portaera erregeak bidalitako De Lancre gaizkile fanatiko horren aurrean.

  • Juanma Sarasola 2018-12-16 23:41

    Kaixo, Joseba.

    Datak errebisatu beharko dituk. 1566an jaio zela esaten duk, eta 1609an “18 urte” zituela. Gero, 1609an frantziarrek preso hartu zutela eta Hendaiara itzuli ondotik 20 urtez Irunen eta beste zazpi urtez Hondarribian bizitu zela. 1609+27 ez duk 1611, epaiketaren eta deportazioaren urtea.

    Bestalde, alabaren bataio agiria aurkitu niken aspalditxo. Eta hondarribiar ikertzaile batzuen liburuan gurasoak eta bera eta anaiak ere Hondarribian zehazki non bizitu ziren zehaztu ziteken orain dela urte batzuk.

  • Joseba Aurkenerena 2018-12-16 23:50

    Mila esker zehaztapenengatik, Juanma.

  • Juanma Sarasola 2018-12-17 23:15

    Ez horregatik, Joseba.
    Senperen, Hatsa Elkartearen Poesia Egunaren harira, topo egin genuenean ez geniken elkarrizketa luzerako aukerarik izan, eta ezin gaiaz hitz egin. E-maila bidali niken handik gutxira, baina beharbada ez zuken jaso. Pozten niok orain, webgune honen bidez, mezua iritsi izanak.

    Egongo gattuk.

    Juanma

  • Joseba Aurkenerena 2018-12-18 10:08

    Ez, ez niken jaso. Ni ere pozten nauk bion arteko harremana berriz hartu izana.
    Gehiagotan elkartuko garelakoan eta lasai ederrean hitz eginen dugulakoan, agurtzen haut.
    Data akats horrekin arrazoia huen, Tristan Urtubiak 1584an atxilotu omen ziken Inexa Gaxen, hemezortzi urte zituela.