Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasiera

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasiera –

Gurean «egin diren, egiten ari diren eta egingo diren filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea» da Euskal Zine Bilera, ekimenak erabat berriztua duen webgunean irakur daitekeenez. Aitor Gametxo koordinatzailearekin berba eginda, igartzen da inoiz baino egitarau sendoagoa aurkeztu duen batzarra aro berri baten atarian dagoela.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasiera
Aitor Gametxo, praka motzetan, ondoan agintariak dituela.

Berritasunez beteta dator aurten Euskal Zine Bilera, orain lau hamarkadatik Lekeition euskara hutsez ospatzen den ekimena. Bihar hasi eta datorren ostirala bitarte, urriaren 6tik 12ra, hogei film labur lehiatuko dira Urrezko Antzarra nork lortuko; “baina garrantzia eman nahi diegu gainontzeko ekimenei ere”, Zine Bilerako arduraduna den Gametxoren hitzetan. Eta horretarako, Lekeitioko batzarreko egitarau oparoa hiru atal nagusitan banatu dute: Brankak oraina dakar, Ganbarak iragana gordetzen du eta Zerumugak etorkizuna iradoki.

40+1 izendatu dute aurtengo edizioa, aldaketaren lehen urtea markatu nahian. Aspektu honetan, “ez dugu ahaztu nahi orain arte egin duguna, berrogei urte izan baitira, oso garrantzitsuak Euskal Herrian euskaraz egin dugun zinemarentzako, baina hemendik aurrera erronka berriei ere aurre egin nahi diegu”, dio Gametxok, azken urteetan ere ahaleginak egin direla gogora ekarrita. “Orain arte oso presente izan dugu lehiaketa, iraganean euskal zinemako hutsune bat betetzera etorri zena, zaleak biltzen zituelako euskaraz sortzeko asmoz”. Eta oraindik aurrera, lehiaketaz aparteko ekimenak ere indartu nahi dituzte, “ikasle, irakasle, akademiko, zinemagile profesional eta artisten bilgune izateko, zinemazale garen guztiona”.

.

Irekierarako, Telmo Esnalen «Dantza»

“Oso argi dugu publiko eta sortzaile berriekin lanketa bat egin behar dela”, azaldu digu Gametxok, aro berriko asmoetako bat ahotan hartuta. “Zentzu horretan programa pedagogiko bat jarri dugu martxan, ikastetxeetan zinema irakasteko, eta asmo horretan kokatzen da Kameratoia ere”. Topakunearekin elkarlanean antolatua, 24 orduko rallya bigarrenez burutuko da Lekeition, baina aurten lehenengoz gaua bertan pasatu ahal izango dute partaideek, biharko 12.00etatik etziko 12.00etara bitartean film labur bat egiteko.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasieraLehiaketari dagokionez, hogei film labur izango dira aurten deman -urriaren 8tik 11ra, 20.00etan Ikusgarri aretoan-, eta profesional – amateur banaketa desagertuko da lehen aldiz. “Muga hori ezabatu dugu, bai konturatu garelako ez dela kalitatean isla duen kriterioa”. Beste berrikuntza bat da Publikoaren Saria ere; “aurten ikusleak laburretan gogokoena aukeratu ahal izango du”.

Lehiaketa baino lehen irekiera ekitaldia izango du bihar Zine Bilerak, eta Telmo Esnalen “Dantza” film luzea botako dute bertan. “Beti saiatzen gara film luze bat ekartzen, urteko entzutetsuena-edo, “Loreak, “Amama”, “Handia”… eta aurten “Dantza” hautatu dugu, “Oreina”, “Margolaria” edo “Jainkoak ez dit barkatzen” izan zitekeen bezala”.

Egitarauko ekimen azpimagarrien artean daude (H)emen elkartearekin batera antolatutakoak ere. “Emakumearen presentzia bermatzeko, aldarrikatzeko sortu zen plataforma, eta aurten txoko bat eskaini diegu; Maider Oleaga zinegilearengan jarriko dute arreta“. Batetik, bere azken film luzea proiektatuko da, “Verabredung” (urriaren 7an 20.00etan Ikusgarri aretoan), eta bestetik bukatzear duen lanari buruz hitz egingo du -Elbira Zipitriari buruzko “Muga deitzen da pausoa” dokumentala-, Izaskun Arandia solaskide duela (urriaren 12an, 18.30ean Ikusgarri aretoan).

.

Lekeitiorekin lotura

Zine Bilerako ekitaldi guztiak zerrendatzea ezinezkoa zaigunez, Lekeitiori buruzko aipamenarekin bukatuko dugu Gametxorekin izandako berbaldia. “Izan ere, beti ibiltzen gara Euskal Herrian egiten den zinema ekoizpenaren isla izan nahian, baina testuinguru lokalari ere erantzun bat eman nahi diogu”. Horretarako, aurten artxiboko irudiekin lanketa egin dute, Lekeitioko irudi zaharrekin -deia ere egin diote, pelikula zaharrak izan ditzakeenari-, eta erakusketa bat antolatu dute hauekin Barandiaran aretoan. “Eta gainera, aurten lehiaketan ere badira lekeitiarren lanak, edo EHUko Arte Ederretako labur bat, Armintxe kobazuloko artea gai duena”.

.

EGITARAU OSOA HEMEN

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasiera Lekeitioko Euskal Zine Bilera 40+1, aro berri baten hasiera

ZUZEUko erredakzio kide