Uda bat markaberritzeko

Uda bat markaberritzeko – 

Joan zen ekainaren 26an di-da komunikazio agentziak hemezortzi urte bete zituen. Helburuz, ahaleginez eta lorpenez beteriko ibilbide luzea.

Hemezortzi urte. Dozenaka bezero. Ehunka egitasmo. Mila batzuk izen, logotipo, eslogan, argazki, ilustrazio, kartel, animazio, spot, webgune, sare sozial, ekitaldi, prentsaurreko, azoka, etab.

Diseinugintza grafiko eta itzulpen zerbitzuak eskaintzen hasi ginen, eta zerbitzu osoko komunikazio agentzia izatera heldu gara. Gaur egun, marka estrategia, online eta offline markagintza eta komunikazio kanpaina zerbitzuak eskaintzen dizkiegu gizarte zein administrazio erakundeei, zerbitzu zein industria enpresei eta euskal marka komertzialei.

Gure bezeroek eta lankideek ekarri gaituzte honaino. Eta orain, hemen, jauzi estrategiko berri bat egiteko bultzada daukagu.

 

Errementariaren etxean…

Bezeroei eskaintzen dieguna geuretzat hartuz, gure marka aztertu eta datozen urteei begirako estrategia berritu dugu lanurte honetan zehar. On-line galdetegiaren bitartez hainbat bezeroren iritziak jaso ondoren, agentziako langileekin talde-eztabaidak eta markagintzan aditu diren kolaboratzaileekin sakoneko elkarrizketak egin ditugu; baita merkatuaren eta lehiakideen azterketa ere.

Berritu ala hil

Bezeroen premiei erantzuteko erabakimenez, lan-taldea handitu dugu. Hamaika lagun gara gaur egun. Lan-lekua eta baliabideak hobetzeko ekinean ere ari gara. Bulegoko espazioak berregokitu ditugu: bilera gela handitu, lan-mahaiak aldatu, ordenagailu berriak erosi eta, guztiarekin, hobeto lan egin ahal izateko baldintzak ezarri.

Irailean itzuliko gara marka berri batekin

Berezia izango da guretzat uda hau. Hemezortzi urte bete ondorengo oporraldia. Atsedena lanaren parte da. Are garrantzitsuagoa asmo berriz beteriko lanurte baten aurreko udan. Bidaia iniziatikoak amesteko baliatu gura dugu aurtengo abuztua: gutaz, gure inguruneaz eta gure egitekoaz (in)kontzientzia hartzeko, egunerokotasunera itzultzean nor izango garen hobeto zehaztu ahal izateko.

Irailean itzuliko gara marka berritu batekin, eta gure agentzia berposizionatuko dugu.

Oporraldi ona eta datorren lanurte berrirako asmo eta indarrik handienekin itzultzea desio dizuegu zuei guztioi ere.

Uda bat markaberritzeko