Bittor Iturria, pilotari eta soldadu
Bittor Iturria –
Ongitxo dakigu zer ekarri zuten 1914ko eta 1939ko bi gerla handiek Iparraldeko euskaldunentzat. Mutil gazteak frantses armadara deitu eta urruneko gerla-tokietara igorri zituzten. Horietako ainitz, ahal izan zuten guztiak, Hegoaldera igaro ziren desertore gisa, eta hortik gero, gerlatik ihes, Ameriketara abiatu ziren artzain gisa. Armak hartu behar izan zituztenak Euskal Herritik urrun igorri zituzten ezagutzen ez zuten etsaiaren aurka borrokatzera. Zoritxarrez, horietako ainitz ez ziren inoiz ama-lurrera itzuli.
Gorka Knorr kantari arabarrak, Azken agurraren negarra izeneko abesti zoragarriaren bidez, izugarri ongi hedatu zuen soldadu haien tragedia Euskal Herriko bazter guztietara.
Aipatu bi gerla horiek sekulako zafraldia izan ziren Ipar Euskal Herriarentzat, alde batetik, gazteen lorea galdu genuelako eta bestaldetik, frantseste handia ekarri zutelako. Gure mutil ainitzek lubakietan eta guda-zelaietan frantsesez ikasi behar izan zuten, eta hortxe ziren frantses bilakatu. Euskal Herrira itzuli zirenek frantses hazia ekarri eta erein zuten euskal lurretan. Hauxe izan zen euskararen gibelatzean izugarri eragin zuen arrazoietako bat, baina ez bakarra.
Nik lerro hauetan denak hartzen ditut gogoan, desertoreak eta gerla egin behar izan zutenak, gerlatik ihes Ameriketara artzain joan zirenak eta gerlaren gorian frantses bilakatu zirenak; azken finean, patuak edo halabeharrak bideratu baitzituen batzuen eta besteen biziak. Artikulu honetan, Bittor Iturria pilotari gaztearen urratsak aztertuko ditut.
Bittor Iturria Lerete 1914ko ekainaren 15ean sortu zen Basusarriko Bordaberri etxean. Aita Pedro Maria Iturria zuen eta Jeanne Lerete ama. Haurra zelarik, familia Sarara aldatu zen eta orduz geroztik, Bittorrek bizimodua, garaiko mutil saratar gehienek bezala, baserrian eta frontoian txandatu zuen. Jakin badakigu pilotari ona izan zela eta baita esku huskako txapelduna ere.
1934an zerbitzu militarra egitera deitu zuten, 1938an mobilizatu zuten lehen aldiz, eta 1939an, berriz deitu zuten “2ème Hussards” (Husarren Bigarrena) delakora. Gerla hasi orduko bere lehen balentria egin zuen, 1940ko maiatzaren 23an, granadak jaurtiz alemaniarren zazpi guda-karro txikitu zituenean. Dunkerkeko gibelatzean larriki zauritu zuten eta Ingalaterrako ospitale batera artatzera eraman zuten.
1940ko uztail aldera, Etxegoien komandanteak deitu zuen sortu berria zen Frantzia Askearen jauskari edo paraxutista unitateetan sar zedin. 1941eko uztailean Ekialde Ertainera igorri zuten bere jauskari konpainiarekin batera, eta parte hartu zuen Suez-eko Kanaleko gatazka odoltsuan. Algerren, 1943ko otsailean, Giraud jeneralak domina militarra ezarri zion borrokaldietan, behin eta berriz, erakutsitako adore eta eraginkortasunagatik.
Urte berean, Londresera bidali zuten eta han, Ingalaterrako hiriburuan, instruktore militar gisa aritu zen, aliatuek kontinentean egin nahi zuten lehorreratzerako soldadu frantsesak trebatzen. 1944ko agorrilaren 3an, jauskari gisa jaitsi zen Britainiako lurretara, lehorreratzea prestatzera. Sekulako borrokaldi latzak ukan zituzten alemaniarrekin, eta horietako batean ehun bat preso inguru hartu zituen. Hil bereko 25ean, Blain izeneko herrian zela, alemaniarrek metrailadorez hil zuten. 27 urte zituen. Bere gorpua Euskal Herrira ekarri eta Saran ehortzi zuten.
Hil ondoren, Ohorezko Legioa eman zioten, Sarako pilota-plazako bazter batean, bere omenez, eraiki zuten harrizko oroigarriaren inaugurazioaren egunean, hau da, 1947ko agorrilaren 16an. Ohorezko Legioaz gain, lehen aipatu dudan domina militarra eta jauskari edo paraxutisten domina ere atzeman zituen.
Ordutik, Sarako pilota-plazan den harrizko oroigarri ederrean bi silueta agertzen dira. Lehena Iturria pilotariaren berri ematen diguna, eta bigarrena Iturria soldadua agertarazten diguna. Lehen irudian pilotan ari da, bigarrenean, berriz, granada bat jaurtitzen. Harriaren goiko aldean “Héros des Forces Françaises Libres” (Frantses Indar Askatuen heroia) irakur daiteke eta beheko aldean, ezker aldeko txokoan, “Pilotari zintzo” irakurtzen ahal da.
Hauexek dira lerro guttitan, Bigarren Gerla Handian bizitza galdu zuen Bittor Iturria gaztearen nondik norakoak. Gerlak gizateriaren porrotaren fruitu dira. Gerlek gizakiaren sentimendu nobleak ezabatzen dituzte eta bere alderik ilunenak plazaratzen dituzte. Okerrena zera da, gerla horietan bizitza galtzen dutenen kopuru handia, horietako ainitz bizitzaren lorean izanik. Hauxe dugu Bittor Iturriaren kasua.
1869an zehaztu zen, Austerlitzeko pilotari desertoreen ixtorioa biribiltzearekin batera, euskaldun pilotariak frantses armaden kutunak omen zirelako kontua, pilotari zirenez arras eskutako bonben jauritikitzaile trebeak zirela, eta holako.
Egia da fama horrek bere loria gehienak Lehen Mundu Gerraostean bildu zituela batez ere (Frantziako Pilota Federazioa, azken batean, Lehen Mundu Gerraosteko produktu tipikoa da, gerlari ohien eskutik: Ibarnegarai, Blazy, d’Elbée…), baina 1870ko Gerra Franko-Prusiarrari begira behartutako ixtorioa da hori.
Artean, topiko solte antzean zebiltzanak ordenatu egin ziren… Euskaldunak dantzariak ziren, pilotariak ziren, arraro hitz egiten zuten, askatasun zaleak ziren (eta bertualki desertoreak…).
Ordutik aurrera beste proiektu bat osatzen da pilota eta armadaren artean: berezko entrenamendu bezala dute euskaldunek pilota eta horregatik dira armadarako gai eta ezin egokiagoak…
Bernard Joseph Apestegi “Kanboko Txikitoren” balentriak, adibidez, Agirrek jaso zituen oraino (DE GERNIKA A NUEVA YORK…), Elgetako frontean Beldarrainen gudarietan asko eta asko omen zirela pilotari eta esktako bonbak jaurtikita atzera eragiten zietela italiar tankeei (ez nahikoa, halere, bistan da…), “Gerra Handian Txikitok bezala”.
Pilotari aberkoi beraren beso aberkoi bera kantatu zuten, beraz, bai Jose Antonio Agirrek eta bai Jean Ibarnegaraik ere… Aberri bera kantatzen ote zuten, halere, beste ixtorio bat da, noski.
Léon Sortzabal “Dongaitz” urruñarrak, adibide on, anaia desertorea izan zuen Lehen Mundu Gerran (Jean-Joseoh), eta seme heroi eta Frantziaren martiria Bigarrenean semea (Frédéric).
Bego Itturria, baina ez esan gabe ez dela hori ezeberik ezebera sortutako “onddoa”, eta bai aldiz hobeki ondo zaindu, begiratu eta inausitako “bonsaia”.
Eskerrik asko, behin berriz ere, pilota gai hartzeagatik.
Mila esker, Javier, zure iruzkin aberats eta baliosagatik.