Agur, Patxi!

Agur, Patxi! –

Pasa den astean Patxi Ezkiaga euskaltzale eta idazlea hil zen. Gaixorik eman zituen azken urteak eta 74 zituela utzi gintuen. Itzal handiko gizona zen Patxi, batez ere literaturan. Poesia landu zuen nagusiki eta horrek sari asko ekarri zizkion. Zerrenda luzea da, baina horrek ez zuen bere itzalaren tamaina erakusten. Patxik bisita asko izaten zituen La Sallen. Jendea aholku bila joaten zitzaion eta ohikoa zen idazle ospetsuak berarekin paseoan ikustea. Gizon argia zen Patxi eta hiztun aparta. Ingelesa hilabete batean ikasi zuen Erresuma Batura joateko. Bertan, Literatur Ikasketak burutu zituen Oxforden eta Cambridgen.

Agur, Patxi!Euskal Herrira bueltatu zenean Historia eta Geografia lizentzia eskuratu zuen eta Sari Nazionala eman zioten. Gizon apasionatua zen Patxi. Athletic asko maite zuen eta taldeaz luze eta zabal jarduten zuen. Gainera, ondo gogoratzen zuen zurigorri bihurtu zen eguna: Errege-kopako txapeldunak Legorretatik autobusez pasatu ziren finaletik bueltan eta aitaren lepotik, Athleticzale hura ere bai, jokalariak ikusi zituen. Ordutik, Athleticekin gozatu eta sufritu egin zuen, 2012an Athletici Manchester United Europa Leaguen tokatu zitzaionean izan ezik. Orduan bihotza banatuta izan zuen, Inglaterran bizi zenean Red Devilen magiak txunditu zuelako. Bat-bateko maitasuna izan zen. Beti kontatzen zuen bi asteetan behin 300 kilometro egiten zituela beste irakasle batekin ‘Ametsen Antzokira’ joateko eta harro esaten zuen Paul Scholes edo Wayne Rooney La Salleko ikasleak zirela.

Horrelakoa zen Patxi. Berdin-berdin hitz egiten zizun bere azken itzulpenaz, zein Erronkariko bakarlekuaz. Berdin-berdin oparitzen zizun bere azken liburua, zein kontatzen zizun Ryan Giggsen azken driblina. Horrelakoa zen Patxi, gizon jantzi eta hurbila, pertsona benetan jatorra.

Egun handira arte!

Argazkiak: Sorondoa Mendi Taldea
Agur, Patxi!
Agur, Patxi!

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.