Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera

Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera –

Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera

Zarautzen sortu berri den jaialdia da Adarretatik, udako musika festibaletan tokitxo bat egin guran datorrena, eta “bazterreko musikak erdigunera” ekartzea helburu duena. Halaxe kontatu digu bertako arduradunetako batek, Oier Aranzabal gure kideak:

Adarretatik uztailaren 20tik 22ra bitarte burutuko da, eta hamabi talde oholtzaratuko ditu hiru espazio ezberdinetan, “itinerantea izango baita”. Eguerdi partean Berdura plazan -bermutaren orduan eta hurbileko formatoan-, iluntzean Musika plazan -izenak izana berreskuratu dezan- eta, behin ilunduta, afal ostean, itsas ertzeko Malekoian -espaziorik handiena, makro izatera iritsi gabe beti ere-. Hiru gune, hiru ordutegi eta, beraz, hiru giro ezberdinetan.

Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera“Zarautzen musika ardatz duen jaialdi bat” sortu guran ziren aspalditik Mikel Makala eta Oier Aranzabal, azken honek adierazi duenez; “musika eta kultura erdigunera ekarriko duena, sortzaileak erdigunean izango dituena. Beharrezkoak dira horrelako plazak euskal kultura erdigunean jarri eta prestigiatzeko, nazioarteko jaialdi bat izanda ere, gu ere munduko zati garen heinean”.

Eta helburua gauzatzeko, Enbor elkartea sortu dute, “epe luzera begira kultur ekimenak antolatzeko asmoarekin”. Adarretatik jaialdiarekin ere, aurtengoa primerakoa izatea nahiko lukete udako musika jaialdien artean tokitxoa egin eta urtero egin ahal izateko.

Bide horretan, eta lehen urte honetan, Zarauzko Udalaren babesa eta laguntza izan du Enbor elkarteak; “proposamen interesgarria iruditu zitzaigun, herriko programazioa osatzera zetorrena”, dio Fernando Llopis kultur zinegotziak.

.

Eskaintza aberatsa

Malen Amenabarrek sortutako afixa erakargarriak egiten du jaialdirako gonbita, hamabi taldeak maila berean direla; “kartel horizontala egin nahi izan dugu-eta”. Nazioarteko festibala izaki, badira kanpoko proposamenak ere, nahiz eta euskal taldeen presentzia den nagusi. Aranzabalekin batera Enbor elkartea osatzen duen Mikel Makalak eman digu programazioaren berri:

“Nazioarteko izenik aipamarragarriena Souljazz Orchestra seikote kanadiarra dugu -aurkeztu digu musika jartzaile eta ekoizle ezagunak- Europako biran lan berri bat aurkeztuko duena”, Adarretatik jaialdian izango diren talde gehienen antzera.

Mikel Urdangarinek talde osoarekin aurkeztuko du “Margolaria” -aurki aurkeztuko da dokumentala ere, Zinemaldian-, eta beste horrenbeste Rafa Ruedak, “Hiri Kristalezkoak” besapean duela.

Elkano Browning  Cream hirukotearen kasuan, “Bor-Bor” dute aurkezgai, azken orduko aldaketatxo batekin. Taldeko gitarra jolea kanpoan denez, nor eta Jean-Marie Ecay gonbidatu dute beraiekin jotzera. “Nork ez du ezagutzen Ecay, bere garaian Itoiz taldean ibilitakoa. Sorpresa polita izan da!”.

Akatz ska eta jamaikar doinuak lantzen dituen bilbotar taldea ere izango da Zarautzen, 25 urtemuga ospatzen, baita Gasteiz Big Band ere, iaz “Radio Radetzky” plazaratu zuen taldea.

Adarretatik jaialdiak, Aldundiarekin egindako akordio bati esker, Katapulta zirkuitoarekin bat egin eta bertako taldeak ere oholtzaratuko ditu. “Hiru hautatu ditugu eguerdian jotzeko: Sara Mansilla, laukotean, Juan Valls bakarlari kantautore legez, eta Oso Fan hirukotean”.

Aparte, disko jartzaileak bere kideetako bi ere gonbidatu ditu Zarautzera, Dj Budin nafarra, aski ezaguna gurean, eta dezenteko sona duen Dj Tahira brasildarra, Sau Paulokoa”. Eta bukatzeko, “jaialdia Zarautzen izanik, saiatuko gara urtero herriko proposamenei bidea ematen, aurten Buffalo hirukoteari. Egitarau interesgarria osatu dugu, eta doanekoa. Oso pozik gaude”.

Proposamen aberatsa egiten du jaialdiak, bai horixe, koloreanitza soinuei dagokionez, “bazterreko musikekin, ez radio-formulako proposamenekin”, eta haur, gazte zein ez hain gazteentzako pentsatua.

Datari dagokionez, Hondarribia Blues eta Donostiako Jazzaldiaren arteko asteburuan izango da Adarretatik, Gasteizko jazzaldiarekin batera. “Baina bateragarriak dira; gurea kostaldean dago eta erakargarria ere bada”, Makala irribarretsuaren aburuz; “badu nortasuna”.

Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera

Adarretatik, bazterreko musikak erdigunera