Zenbat aldiz…?
Zenbat aldiz…? –
“Zenbat aldiz egon ote zara Gaztetxean?”. Horixe galdetzen nion neure buruari aurrekoan Hala Bedi Rock kontzertu-sortan nengoela. Erantzuna “ez sarritan” izan zen, gaztetan ez baikinen apenas bertara hurbiltzen.
“Zenbat aldiz entzuten duzu Hala Bedi?”. Hori izan zen neure buruari galdetu nion hurrengoa. Eta oraingoan ere “ez sarritan” zen erantzuna, orokorrean irratia gutxi entzuten baitut.
“Ez sarritan” horien ostean, derrepentean burura etorri zitzaidan: “Eta orduan zer egiten dut nik hemen? Gasteizen modan dagoen ekitaldi baten parte hartzen nabil postureoan?” Eta ondoren –latzena– “lekuz kanpo ote nago?”.
Hala balitz, deseroso sentitu beharko nintzateke, ezta? Baina, ez da hala, ez da batere horrela, ez nago deseroso, eta hau arraroa da nigan, sano lotsatia bainaiz.
Eta halako batean ezagun bat, urrutitik eta erdi-ilunpetan bada ere, erritualezko “aupa” eta mikro-buru-mugimendua egin eta listo, etxean nago, hau ere nire tokia bada. Gaztetxea, Hala Bedi, GEU elkartea, ALEA… guzti horiek nire parte ere badirelako edo, alderantziz, neu ere mugimendu horietako parte naizelako ez nago lekuz kanpo.
Ez dizuet ezer deskubrituko esanez giroak eta guneak pertsonek egiten dituztela, komunitateak direla, errekonozituak, ezagunak, sumatuak eta konpartituak. Ez dio inporta zenbat aldiz parte hartzen duzun –Lorea Agirrek Korrikan esana parafraseatuz– auzia ez baita izan ala ez izan, sarritan ala gutxitan egon izan, ekitea baizik, egitea, komunitatea bera eginez sortzen baita.